Swing, Eme·Ki eta Zirkun Zirko ariko dira asteburuan kaleetan

0
3177

Arrasate erritmoz, ikuskizunez eta jai giroz beteriko asteburua bizitzeko prestatzen ari da Ibai-Arteren eskutik. Dixie musikak, swingak eta zirkuak hartuko dituzte kaleak irailaren 12an eta 13an, erdigunea alaitzeko eta Merkemerkauko erosketak animatzeko pentsatutako egitarauan.

Dixieland eta swing doinuek erritmoz beteko dute Maiatzaren 1eko plaza

Ostiralean, hilak 12, 18:00etan, Maiatzaren 1eko Plazan, Elen’s River Dixie Band taldeak kontzertu zirraragarria eskainiko du, New Orleanseko jazz tradizionala eta swing energia uztartuz.

2021ean jaiotako eta euskal eszenako musikari nabarmenek osatutako bandak Lindy Hop-eko sei dantzari izango ditu lagun, erritmoa eta mugimendua jarriko diotenak hitzorduari, erabateko ikuskizun bilakatuz. Bere soinua dixieland-az elikatzen da, klarinetea, tronpeta, tronboia, saxoa, banjoa, sousaphonea eta bateria bezalako instrumentuak uztartzen dituen estilo dardaratiaz. Beraien arteko inprobisazio kolektiboa beraien zigiluaren parte da, konpasean mugitzera gonbidatzen duen giro animatua eta jai girokoa sortuz.

Euskal eszenako lehen mailako musikariek osatzen dute taldea:

  • Zigor Martínez (klarinetea)
  • Julen Izarra (saxo tenorra)
  • Rubén Salvador (tronpeta)
  • Imanol Iribarren (tronboia)
  • Ibon Díaz (banjoa)
  • Ramontxo Vega (sousaphonea)
  • Aitor Etxagibel (bateria)

Baina ostiraleko hitzordua ikuskizun borobil bihurtzen du swing-aren baturak. 30. hamarkadan Estatu Batuetan jaiotako genero bat da, bere erritmo sinkopatu eta kutsakorrarekin dantza pistak konkistatzen dituena. Swing-a ez da musika bakarrik, mugimendua ere bada, poz partekatua eta publikoarekiko konplizitatea.

Hitzordua une ahaztezina izango da, bai jazz eta swing zaleentzat, bai Arrasateko bihotzean arratsalde desberdin, zirraragarri eta dibertigarri bat igaro nahi dutenentzat.

EME·KI taldea portaloian

Jardunaldiak 19:30etan Portaloian jarraituko du Eme·ki taldearen emanaldiarekin, Eskola Plazara ekimenaren baitan, Ibai-Arte eta Arrasateko Trikitixa Eskolaren arteko elkarlanari esker. Eme·ki Debagoieneko hiru neska gaztek osatutako taldea da –Leire, Dorleta eta June–, eta ahotsen eta tresna akustikoen bidez, tradizioa eta freskotasuna uztartzen dituzte. Musika tradizionalari ukitu berritzailea ematen diote, sustraiak, indarra eta sormena agertokian bizirik jarriz. Orain arte, Sanjoanetan Txosnetan, Eskoriatzako Azoka eta Gazte Egunean, Legutioko Herri Egunean eta Aretxabaletako Portasol jaietan jo izan dute, besteak beste. Oraingoan ere, ikusentzuleek euren soinu berezia ezagutzeko eta gaztetasunaren bizitasunaz gozatzeko aukera izango dute.

Zirkun Zirkoren kalejira zapatuan

Larunbatean, hilak 13, zirkoaren magiaren txanda izango da, Zirkun Zirkoren kalejirarekin. Kalejira eguerdiko 12:00etan hasiko da Maiatzaren 1eko plazatik. Malabaristek, orekariek, akrobatek eta artistek kolorez, ilusioz eta alaitasunez beteko dute Arrasate, monoziklo, bizikleta txiki eta trikimakoen gainean.

Ekintza hauek Ibai-Artek Arrasateko Trikitixa Eskolarekin, Arrasateko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin batera antolatutako MerkeMerkauaren programaren parte dira.

Establezimenduren bat baduzu eta parte hartu nahi baduzu, deitu 688734149 zenbakira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen