EAJ-PNVk udal gobernuaren azken bi urteetako jarduna kritikatu du, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasatek osatzen duten gobernuaren jarduera “paralisian” dagoela salatuz. Alderdi jeltzalearen esanetan, herriaren etorkizunerako funtsezko diren proiektuak “geldirik” daude eta kudeaketa eraginkorraren gabeziak gero eta ageriagoak dira.
Ander Garay EAJko bozeramailearen iritziz, “bi urte igaro dira azken hauteskundeetatik, baina udal gobernuak ez du inolako aurrerapausorik eman arrasatearrek eskura behar dituzten azpiegitura nagusietan”. Haren esanetan, proiektu asko oraindik hasierako fasean daude edo zehaztasunik gabe, eta beste hainbat ez dira oraindik aurkeztu ere egin.
“Funtsezko proiektuak geldiarazi dituzte eta herritarrak kanpoan utzi dituzte”
Hainbat adibide aipatu ditu Garayk: “Iturripe oraindik aurreproiektu batean dago, eperik gabe; Amaia Antzokiaren proiektua ez da abiatu; San Juan Taldea ideien fasean dago, planifikaziorik gabe; Gudarien Plaza parte-hartze prozesua bukatu eta gero emaitzarik gabe jarraitzen du; terrazen ordenantza ez dago idatzita; eta Udala auzoko egitasmoa, 2024rako iragarri bazen ere, ez da aurkeztu”.
Halaber, azpimarratu du beste hainbat egitasmo ere atzeratuta edo guztiz geldirik daudela: BAZek oraindik ez ditu aurreikusitako obrak hasi eta ordutegia murriztua du; Monterron partaidetza prozesurik gabe dago itxita; eta La Merced-eko cohousing proiektua geldituta dago, Udalak eraikina erosi gabe baitago.
“Gobernu hau erreaktiboa da, arazoak aurreratzeko gai ez dena”
Garayren arabera, “gobernu honek ez du ekintzarako gaitasunik, eta herritarren parte-hartzea indartzeko borondaterik ere ez du erakutsi. Hutsune handia dago bai gardentasunean, bai plangintzan”. Horren adibide gisa jarri ditu aurrekontu parte-hartzaileen bertan behera uztea eta Mugikortasun Planaren inguruko informazio falta.
“Ez dute gaitasunik ezta borondaterik ere arazoei aurrea hartzeko”, adierazi du Garayk, eta zehaztu duenez, “ez da espero Amaia Antzokiko lanak 2025ean hastea, eta Iturripekoak, litekeena da 2026ra arte ez hastea, alkateak iragarritako epeak ez betez”.
Bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du herritarrek “erantzunkizunez eta eraginkortasunez jardungo duen udal gobernu bat” behar dutela. Haren esanetan, Arrasatek “bultzada berri bat” behar du, proiektuak zehaztu, herritarren parte-hartzea aktibatu eta, batez ere, benetako emaitzak eskaintzeko gai izango den gobernu batekin.





“Arrasatek “bultzada berri bat” behar du, proiektuak zehaztu, herritarren parte-hartzea aktibatu eta, batez ere, benetako emaitzak eskaintzeko gai izango den gobernu batekin.” Arrazoia edukiko bazenute ere, horretarako gai izango den gobernua ez litzateke zuek osatutako izango. Ez hasi hauteskunde kanpainarekin gaurtik, bi urte falta dira…
PNVren 8 urteko legegintzaldian hauteskunde programetako izarra zan kiroldegi berrixe be ez zan in, Amaia jausten utzi zan, bidegorri sarie apenas hazi zan,…
Batzutan ahaztu itten jaku egunerokotasuneko lanak eta obren lizitazio eta legezko denbora tartiek zenbat atzeratzen dauien dana.
Eta kontutan euki biher da bebai udaleko diru-sarrerak mugatuek diela eta gastuen portzentai haundixena gastu finkoetan jueten dala.
Kontau egi osue, mesedez.