Aratuste zapaturako paella-jan herrikoia antolatu du Haur eta Guraso Asanbladak

0
926

Kartela eta beheko testua: Arrasateko (Gaztetxeko) Haur eta Guraso Asanblada.

Duela hainbat urte sortu ginenetik, Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladan beti izan dugu herrira begirako ekarpen eraikitzaile eta parte-hartzaileak abiarazteko borondatea, betiere haur eta gurasoen aisialdiaren ikuspegitik, baina herriaren hobekuntzan eragiteko asmoz. Txikitxokoaren beharra aldarrikatzetik herriko jolas-parkeen birpentsatze-proposamenak egitera, hainbat izan dira gure ekinbideak.

Oraingo honetan, Udalarekin lankidetzan eta goizeko desfilea amaitzen denetik arratsaldeko jai-giroa hasi artean egon izan den “hutsunea” betetze aldera, 14:30etik 18:00etara Mozorro Paella herrikoia antolatu dugu Kulturolako pasabidean, gehienez ere, 200 pertsonarentzat. Bertan egingo du I Love Paella enpresak eta bertan zerbitzatu. Parte hartzeko, ondokoak izan beharko dira kontuan:

  • Menua: Paella valentziarra eta euskal pastela.
  • Edariak norberak eraman beharko ditu. Antolakuntzak ur botilak jarriko ditu eta ondoko iturrian bete ahal izango dira.
  • 3 txartel mota:

◦ Bazkaria: Paella platera + euskal pastela 14 €
◦ Bazkari erdi: Paella plater erdi + euskal pastela 7 €
◦ Norberak bere janaria eramanda: € 1

Tiketak Irati tabernan jarriko dira salgai otsailaren 7tik aurrera. Tiketak erostean izen-emate zerrenda batean jasoko dira talde bakoitzeko lagun kopurua, arduradun bat eta telefono zenbaki bat, azken orduko oharrak eman, taldekatzeak erraztu eta mahaietan hutsuneak saiheste aldera.

Antolakuntzak antolatu eta prestatuko du jantokia, baina ezinbestekoa izango da parte-hartzaile guztien prestutasuna amaieran jantokia batu eta gunea txukun eta garbi uzteko.

Musika eta jai-giroa ez dira faltako DJ Goikoren eskutik, beraz, familian edo kuadrillan, haur, heldu, zahar zein gazte, anima zaitezte!!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen