“Euskara harrera hizkuntza da, eta harreraren ardatza izan behar du”

0
696

Ekin Emakumeen 30. urteurrenaren harira, euskararen eta harreraren inguruko kafe-tertulia egin da gaur Paloma Martínez Pérez eta Onintza Olaizola Aristi adituekin.

Elkarte arrasatearraren zeregin garrantzitsuenetako bat harrera dugu. Eta honen harira zera galdetu du: “Harrera euskaraz egin al daiteke?”.

Galderari erantzuteko kafe-tertulia egin da gaur arratsaldean Kulturaten, Onintza eta Palomak gidatuta.

Ekitaldiari ekin aurretik, Palomak adierazi digu “nik uste euskara jada harrera hizkuntza dela, edozein hizkuntza harrera hizkuntza izanda”.

Gehitu du “hizkuntzak abstraktuak direla eta guk, hiztunok ematen diegu gorputza bat hizkuntzei”.

Harrera bere zentzu zabalean aintzat hartu du: “harrera egiten dugu adibidez gure etxean bizi ez den pertsona bat gure etxera gonbidatzean”.

Eta harrera mota ezberdinak daude, “batzuetan modu oso antolatuan egiten dugu, demagun urtebetetze bat antolatzeko etxea prestatzen dugunean”.

Horrelako egoeretan “badakigu etxera nortzuk etorriko diren eta zein tratu emango diegun. Baina batzuetan harrera bestelakoa izan daiteke”:

“Bat-batean bizilagun batek presazko zerbait eskatzen digunean, adibidez. Ez gaude horretarako prest baina hala ere harrera egiten diogu”.

“Guk erabakitzen dugu harrera hori zein hizkuntzatan egin. Nik uste euskarazko harrera asko egiten direla egun, umeei eskoletan esaterako. Edozein dela hizkuntza, harrera maitasunez egin behar da”.

Onintza ildo beretik mintzatu da, eta eskatu du pertsonak “bietan jar dezala arreta: bai harreran bai euskaran. Baita biak non elkar gurutzatzen diren pertsonen eguneroko bizitzetan ere”.

Hau da, “askotan harreraz hitz egiten dugunean, baliteke pentsatzea harrera instituzionaletan, udaletan egiten diren harrera horietan. Baina harrera eguneroko zerbait da”:

“Lan berri bat lortzen badugu, lantokian hartzen gaituzte, lantokian harrera egiten digute, etxebizitzan ere egiten da eta beste hainbat espaziotan. Adibidez Paloma eta biok gaur Arrasaten hartu gaituzte”.

Pertsonek ere “errepara dezatela euskarak zein espazio hartzen duen erdigune horrek euren bizitzetan”.

Eta horri errepartzean, begira dezatela “ea ba al dagoen ezberdintasunik harrera euskaraz egin edo ez egin, aurrean dugun pertsonaren arabera”.

“Horrek ere hausnarketarako bidea ematen du. Nik uste harreran, hizkuntza batetik edo beste batetik egin, jatorri atzerritarreko pertsonez ari garela, edo horrela hartzen ditugunetaz behintzat, faktore asko gurutzatzen direla”.

“Badakigu gaur egungo gizartea arrazista dela, kosta zaigu onartzea, lanketa falta zaigu hori ikusteko, baina horrek askotan frenatzen gaitu akaso pertsona baten aurrean lehen hitza euskaraz egiteko”.

Izan ere, “uste izaten dugu aurrean dugun pertsona horrek ez dakiela euskaraz. Gu ez gara inor hori erabakitzeko”.

“Nik uste harrera unibertsala izan behar duela, hau da, inguruko pertsona denei harrera berdin bat egin behar diegula, Barakaldo, Mali, Saharako kanpamenduak,… edozein dela euren jatorria”.

Era berean, “nik uste harrera guztiaren ardatza euskara izan behar duela, Arrasaten harrera egiten dugunean”.

Izan ere, “bertako hizkuntzetako bat da, eta bertara datorren pertsona orok du eskubidea jakiteko hizkuntza hau hemen bizi dela, espazio batzuk euskarazkoak direla, eta hizkuntza horrek euren bizitzan garrantzia izango duela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen