Antolakuntza: “Olinpiadetan kuadrillen arteko pikea beti sanoa izatea eskertuko genuke”

0
837

Sanjoanetan Olinpiadak ospatu izan dira Txosnagunean [goiko framea] baina aurtengoa Arrasateko Gazte Olinpiadak handiagoak izango dira: 700 lagun eta 44 koadrillek parte hartuko dute. Lehen edizio honen Antolakuntzak adierazi du honezkero “kuadrillen arteko ‘pikia’ eragitea lortu dugula”. Hona hemen elkarrizketa bere osotasunean:

Framea: MB mediateka.

Zelan piztu zen Olinpiadak egiteko ideia?

Ikusi genuen Arrasaten aspalditik holako zerbaiten beharra zegoela, hasi ginen talde txiki bat elkartzen eta azkenean elkartu gara ideia hau motibatzen gaituen adin desberdinetako gazte batzuk. Helburua adin desberdinak nahasten dituen egun bat sortzea da; izan ere, Arrasaten orain arte zentzu batean gazteen egun baten hutsunea somatu dugu.

Zein dira Olinpiaden helburu nagusiak?

Kuadrilla desberdinak elkarren artean lehiatzea, kuadrillen arteko ‘pike sano’ hori sortuz. Eta aurrera begira, kuadrilla egun bat sortzea Arrasaten eta mantentzea.

Ze moduz doaz antolaketa lanak?

Lehen urtea izanda eta kontuan hartuta ez dakigula egunean bertan nola gauzatuko den guztia, garaiz antolatu gara eta antolakuntzakoon artean ere talde desberdinak sortu ditugu, antolatu beharrekoak talde txikitan antolatzeko.

Zenbat lagun ari zarete antolaketan?

15 bat inguru, eta egia da danori motibetan gaituen zerbait dela, eta ikusi dela danok inplikatuta egon garela, horregatik oso ondo gauzatuko da.

Horretan herriko zenbait eragileren laguntza daukazue ezta?

Bai, azken finean ekintza oso handia da, eta horren barruan ere behin hau antolatzen jarrita, ahalik eta aukera handiena ematen saiatu gara herriari, hortaz, beste eragile edo elkarte batzuen laguntza behar izan dugu. Mondratek adibidez barran lagunduko gaitu eta Arrasate Rugby Taldea bazkariaz arduratuko da. Udalak ere asko lagundu gaitu, hasieratik babesa jaso dugu. Eta txosnekin ere elkarlanean ibili gara finala bertan izateko.

Aurreratu dezakezue zein jolas izango diren Olinpiadetan?

Goizeko klasifikatorian lokotxak, aulki jolasak, baloi errea eta azeri buztanak egongo dira, eta arratsaldeko enfrentamenduetako jokuak sorpresa izango dira, momentuan bertan emango dira ezagutzera.

Espero dezagun euririk ez egitea, baina egingo balu, zer egingo litzateke?

Ba ez daukagu bestelako planik, ekainaren 22 da eta ez da toketan euririk botatzea, badakigu eguraldi ona egingo duela. Euri pixka bat eginez gero ere dena bere horretan mantenduko litzateke, ostean etxera dutxatzera eta gero txosnetara buelta.

Zein izango da ordutegia?

Eguna 10:00etan hasiko da gaiteroekin, eta beraz eguna animatuta hasiko da. Goizian jolas desberdinak izango dira, gero Monterronen bazkaria eta arratsaldeko 5:00etan berriz hasiko dira final-laurdenak, eta hala, finalera heldu arte. Finalean ere giroa izango da Sakatu elektrotxarangarekin eta horrek final ostean ere jarraituko du gurekin poteuan.

Zein sari banatuko dira?

Sare sozialetan ikusgai ditugu:

  1. saria: Arteagan 1.000 euroko bazkarirako bonoa
  2. saria: Iratin 500 euroko barkari-afarirako bonoa
  3. saria: Kabuenako janari-lote bat

Ohar edo jarraibideren bat bidali gura diezue kuadrillei?

Badakigula lortu dugula kuadrillen arteko ‘pikia’ eragitea, eta eskertuko genukeela pike hori beti sanoa izatea. Kuadrilla asko gaude, eta ea ikusten den zein den Arrasateko lehen kuadrilla eguneko kuadrilla irabazlea, gu oso motibatuta gaude, espero herria ere horrela egotea

🤪

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen