Intxorta 1937, udal-omenaldian: “Mila esker trintxeratik edo sukaldearen bakardadetik faxismoa borrokatu zutenei”

0
1683

Udalak antolatuta, gaur arratsaldean omenaldia egin zaio Intxorta 1937 elkarte arrasatearrari Kulturateko ‘kalistroetan’.

Bigarren argazkia: Udala.

Faxisten biolentziaren biktima arrasatear ugari izan dira bertan, baita herrikide ugari ere. Aurkezpen-lanak Jokin Etxebarria kazetariak egin ditu.

Udalak bereziki aitortu gura izan du elkarteak egindako lan mardul bat: ‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburu eta aurrez egindako ikerketa.

Udal-taldeen arteko akordioak lortu zuen liburu hori argitaratzea, eta lana osotu zuen 2022an argitaratutako bigarren edizioak.

“Liburu hori oinarri izan da biktimen aldeko aitortza-ekitaldiak egin ahal izateko Arrasaten azken urteetan. Adibidez, faxistek eraildako udal-hautetsi eta udal-langileen aldeko aitortzarako.

“Memoria barik nekez izango da aitortza”, eta hori oinarri, gaurko omenaldia egin da. Bertan Ain_1 talde arrasatearraren ’80 amandre’ kantua entzun da, elkartearen “abesti kuttunenetako bat”.

Elkarteak 1985ean ekin zion ibilbideari, eta ibilbidea laburbildu dute bi kidek, hain zuzen, Julia Monge Sarabiak eta Juan Ramon Garaik:

Elkarteak eskerrak eman ditu, eta adierazi du “ibilbideaz harro” dagoela, “izan ere, zer litzateke pertsona bat edo herri bat bere memoriarik gabe? Ohore handia izan da hau guztiau zuekin partekatzea”.

Azpimarratu dute “ehunka lagunek euren testigantzekin giltzarri izan direla, euren sukaldeak eskuzabaltasunez ireki zizkigutenak, isiltasuna hausteko”.

“Duela 37 urte ez zen memoriaz hitz egiten, instituzioek euren agendetatik urrun zeukaten. 1986an Oktubre Taldea lanean hasi zen, eta lehen erakusketa jarri zen Arrasaten”.

Hurrengo urtean, “ikerketa-lan handi baten ostean, ‘Arrasate 1936, Una generación cortada’ liburua argitaratu zen. Gainera fusilatutako 89 pertsonaren izenak jarri ziren Legarren”.

“Ekimen hauek, aitzindariak Euskal Herrian, ez zuten administrazioaren laguntzarik jaso. Ibilbidea hasi zuten pertsona batzuk hemen daude, eta beste batzuk joan ziren, euren ekarpena utziz. Eskerrik asko zuei guztiei”.

Intxortak 1937k omenaldia partekatu du “Aretxabaletan, Elgetan, Oñatin,… Eibarren ere ikertu zuten kideekin, Bergarako Ondo Bihurtu taldeari. Sinergiei esker Intxorta 1937 sortu zen”.

“Artxiboz artxibo”, elkarrizketaz elkarrizketa, “sufrimendu handiko bizitzen lekukotzak jaso ditugu, ondoren memoria hori parkatzeko eta aurpegia, izena, abizenak, ametsak, jartzeko erresistentzia eredu ugariri”.

“Ezin dugu hori guztia estatistika nahasi batean bihurtu”, “euren idealengatik borrokatu zuten pertsonen ondorengoak gara, trintxeratik edota sukaldeen bakardadetik”.

“Mila esker Dragones, Saseta, Amaiur, UHP, Amuategi, Loiola, batailoi horietan kolpe militarrari aurre egin zietenei, tragedia honen erdian borrokatu eta bizia mantendu zuten emakumeei, erbesteratu behar izan zituzten haurrei, gure hizkuntza zapalduta ikusi zuten euskaldun guztiei. Txalo bero bat guztientzat”. Ekitaldian bertaratukoek hala egin dute.

Intxorta 1937ko kideek adierazi dute “aurrera egingo dugula, ahal dugun neurrian”. Ildo honetan, 2024 urterako zenbait egitasmo iragarri dituzte:

“Memoriaren trasmisioari buruzko erakusketa berritzaile bat egin nahi dugu jarri (ea posible den hemen Kulturaten jartzea), Gerrako haurren ikerketarekin jarraituko dugu (Euskal Herri osora zabalduz), (lan kolektibo baten ondoren eta genero ikuspegitik) Arrasateko emakumeen aurkako torturari buruzko liburu bat argitaratuko dugu, eta Txilera joango gara Winnipeg iritsieraren 85. urteurrena ospatuko dugu (erakusketa handi batekin eta zeharkadi horren liburuaren 2. edizioarekin)”.

Helburua jarraituko du izaten “biktima guztien Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzaren aldeko Bermearen aldeko borrokan”.

Ondoren, Maider Morras Azpiazu alkateak elkarteari eskerrak eman dizkio, eta Udaleko Bizikidetza Batzordearen lana balioan jarri nahi izan du.

“Memoria partekatu bat izateko helburuarekin sortu zen, eta horretan aritu da urte hauetan guztietan, buru-belarri”.

“Ez da erraza izan, baina guztiaren ganetik elkarlana eta kontsentsua lehenetsi dira. Horren ondorioetako bat gaurko omenaldia izan da”.

“Memoria kolektiboa, plurala, integratzailea,… bilatzea da helburua, eta ahalegin horretan jarraituko dugu”. Halaber eskerrak eman dizkie “batzordekide izandako guztiei”.

Aurrera begira “konpromiso osoa duzue, bai Bizikidetza Batzordearena baita nirea pertsonalki ere, giza eskubideen urraketa sufritu duten biktimak aitortzeko eta erreparatzeko lanean jarraituko dugula”.

Intxorta 1937 elkarteaz nabarmendu du “Memorian ibilbide nekaezina” egiten ari dela, “luzea bezain emankorra”:

“Ehunka testigantza, dokumentu historiko eta artxibo ezberdin ekarri dituzue argitara, askotariko formatuetan”.
Halaber “dozenaka proiektu jarri dituzue martxan, helburu bakar batekin: ikusiezin nahi zituzten biktimei izena eta abizena jartzea, euren duintasuna berreskuratzea”.

Areago, historia bat “eman diguzue, argitara ekarri dituzue indarrez kendu ziguten bizitzen” historia. “Dagokien balioa eman diezue”.

“Balio dezala ekitaldi honek ere milaka pertsonen memoria omentzeko, euren giza eskubideak zapalduak izan ziren milaka pertsonenak, altxamendu faxistaren ondoriozko biolentziaren, gerra zibilaren eta diktaduraren” biktimak.

Alkateak azpimarratu du ere “zeharkatzen gaituzten aldagaiekin lan egiten jakin izan duzue. Eta memoria ikuspegi feminista batetik lantzeko ardura ere izan duzue”.

Adibidez 33 emakumeren bizipenak jaso zituen: ‘Emeek emana’. “Historiaren eta memoriaren analisietarako iturri aberatsa izan dena, zalantzarik gabe”.

Intxorta 1937k egindako lana “Herrigintzaren erakusle handi bat da, horregatik egunerokoan, borondate eta motibazio osoz baliatuta, lanean ari zareten taldeari balio osoa ematen dizuegu”.

“Lortu duzuen diru guztia memoria berreskuratzeko proiektuetara bideratu duzue, inongo irabazi asmorik gabe, jarrera positibo eta indartsuarekin”.

Era berean, “lan nekaezina eta amaigabea da, informazio berriei tiraka eta tiraka, artxiboak han-hemenka arakatzen, Herriarekiko eta egiarekiko konpromiso osoz”.

Memoria kolektibo eta partekatua egiteko bidean “alboan izango gaituzue, gertatutako guztia ezagutuz, berriro gerta ez dadin. Egin dezagun, beraz, Memoriaren Egunaz eguneroko lana”.

Horretarako, beharrezkoa da “kontatu diguten historia osatzeko ezinbestekoak diren gertaerak eta aurpegiak ezagutaraztea”. Baita ere “bortizkeriak etendako eta baldintzatutako bizitzen erreparaziorako pausoak emanez. Bihotz-bihotzez mila esker Intxorta 1937”.

Alkateak adierazitako adierazpen instituzionala adostua dute Udaleko EH Bilduk, EAJ-PNVk, PSEk eta Elkarrekin Arrasatek. Hala, talde bakoitzetik zinegotzi bana izan da:

Hurrenez hurren, Jasone Giraldo Menendez, Agurne Juldain Alcalde, Aritz Murua Acha eta Eva Abuin Bideburu.

Halaber, Maria Oses idazleak eta Asier Etxebarria musikariak omenaldirako propio sortutako lana eskaini dute, Intxorta 1937ko kideak “ezinbestekoak” direla ere adieraziz.

Ekitaldiaren amaieran udal-ordezkariek oroigarri eta lore sorta bana eman diete Julia Monge eta Juan Ramon Garairi, biak ala biak hunkiturik, eta bertaratutakoen txalo beroen artean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen