“80 neskak eman dute izena denera, eta 4 talde sortu ahalko ditugu”

0
1158

Mondrak emakume taldeak izango ditu 2023/2024an, eta lehen entrenamenduak egiten hasi dira. Jokalariak animoso eta ilusioz dabiltza, eta taldeen koordinatzaile Esti Loiti ‘Titu’kin izan gara:

-Zelan abiatu zen emakumeen taldeak sortzeko ekimena? Hutsune bat zegoen?

-Ez nioke hutsune deituko, izan ere, emakumezkoen talde-kiroletan batez ere, oso zaila da adin bateko jokalariz osatutako taldeak sortzea. Kriba bat egoten da neskek 16 urte inguru izatean, eta bigarren kriba 18 urte ingururekin.

Nik esango nuke klub gehienok arazoak ditugula batez ere senior mailako taldeak sortzeko. Klub gehienok, ordea, oinarrizko futbolean jokalari askorekin aritzen gara, baina horri senior mailan jarraipena ematea oso zaila izaten da.

Duela bospasei urte klub guztiak elkartu ginen, orduan Leintz Arizmendi, UDA eta Mondra. Nik denbora tarte honetan deskonektatuta egon naiz, eta bospasei urteren ostean ez dakit zer gertatu den. Klubak bere argudioak azaldu ditu.

Kontua da Mondraren aldetik ez zirela gustura sentitu, eta emakumeen taldea bere gain hartzea erabaki dute. Nik uste oraindik badela elkartzeko beharra, hori errealitate bat da, batez ere jokalarien adin batetik aurrera.

Alabaina, formulak ez zuen funtzionatu edo behintzat alde batek hala ulertu du, eta erabaki du berriro hartzea bere gain emakumezkoen saila, eta hemen gaude.

-Noiz hasi zenuten Mondrako emakumeen taldeak sortzeko ekimena?

-Martxo-apiril inguruan esan zidaten erabakia hartuta zegoela, eta galdetu zidaten ea parte hartuko nuen ekimen hau martxan jartzen. Nik baietz, eta horrek suposatzen du talde berri moduan zerotik hastea.

Izen-ematea ireki genuen, epe bat zabalik izan zen eta 80 neska inguruk eman dute izena. Egia da ordutik baja batzuk izan direla, baina esan daiteke egun lau talde sor ditzakegula:

Erregionaleko, kadeteko, infantileko eta alebineko talde bana. Koordinatzaile lanetan ni nabil, antolakuntzan lanean, nire ordutegiaren ondorioz ezin dudalako entrenatzaile jardun.

Mondraren deia jaso nuen, eta nire lehen ideia izan zen lantalde bat behar nuela. Haien baiezkoa jaso nuen eta ondorioz nik ere baietz erantzun nuen. Azken finean erronka polita da, eta ia entrenatzaile denak lotuta daude:

Andoni Ezkurra Erregionaleko taldearekin, Nerea Uribetxebarria bigarren taldearekin, Uxue Ezpeletak atezainak entrenatzen lagunduko du, Ane Caceres infantil taldearekin eta Erregionaleko jokalari bi jokalarik (Izadi Ramos eta Udane, gogotsu daudenez) alebin taldearekin.

Gainera, aipatu behar dira ere lantaldearen barruan Maitane Roa, Odei Guridi, Rakel Modino eta Sokoa Azkarate ‘Soko’ ere parte hartzen ari direla.

-Entrenamenduak hasi dituzue ezta?

-Beno, bai baina uztailean hasi garen arren, eta hilabete zail samarra denez, ez dugu entrenatzeko ia lekurik. Futbol zelai bakarra dago, eta egoera zaila da.

Gainera, uda sasoi honetan neskak (erdi-) oporretan, udalekuetan,… dabiltza eta nahiko zaila da entrenatzea. Hala ere, espero dugu iraileko lehen astean denok martxan jartzea. Alebinak beranduxeago hasiko dira, baina besteek, ikasturtea irailaren hasieran hasiko denez, normaltasunerantz arituko dira.

Kontuan hartu behar da guztira 20 ekipo inguru garela, baina futbol zelai bakarra dugula. Hala ere, gura genuen neskekin lehen kontaktuak uztailean egitea, behintzat elkar ezagutzen hasteko.

-Zer moduz dabiltza neskak lehen kontaktu hauetan?

-Ondo, baina kontuan hartzekoa da gaurkoa (uztailaren 11koa) bigarren entrenamendua dela. Ilusioa daukate eta aldatzeko gogo bat izan dute. Gero, irailetik aurrera, denboraldiak aurrera egin ahala, ikusiko dugu zein izango den egoera. Edonola ere, orain motibatuta eta animatuta ikusten ditut. Uste dut gauzak ondo bidean joango direla, hala espero dut.

-Izen-ematea itxita dago?

-Ez, zabalik jarraitzen du, adibidez beste hiruzpalau jokalari taldeetan egokitzea erraza litzateke. Zail ikusten dugu beste talde oso bat sortu ahal izatea, baina izen-emateak zabalik jarraitzen du.

-Beno Titu, zerbait gehitu gura baduzu, aurrera, zurea da hitza.

-Eskatzen dudan gauza bakarra konpromisoarekin bat egitea da. Izan ere, aipatu dudan bezala, lantalde bat sortu dugu eta taldekideek gauza asko alboratu behar izan dituzte hemen izateko.

Horregatik jokalariei, gurasoei eta zuzendaritzari konpromisoa eskatuko nieke. Ilusioarekin, gogotsu,… etortzeko eta konpromisoa izatean ez da besterik behar, dena errazagoa da. Norberak lan egiten badu, taldeak irailean martxan jarriko dira eta hortik aurrera gakoa mantentzea izango da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen