Argazkia: MB artxiboa / Kartela eta beheko testua: Ttakun.
Maiatzaren 27an Udalatxera igoera antolatu du Ttakun txalaparta taldeak
Udalatxeko gailurrean txalaparta emanaldia izango da. Irteera 10:30ean izango da Udalako parkinetik.
Horren ostean, 11:30etik aurrera Udalatxeko tontorrean txalaparta saio libreak eta hamarretakoa izango dira.
Besaide Mendizale elkartearekin elkarlanean
11:45ean, Besaide Mendizale elkartearen eskutik, Udalatxeko tontorraren historia izango da mintzagai gerturatutakoentzat.
12:00etan belarriak adi
12:00etan deialdia egin die Ttakun txalaparta taldeak herritarrei adi egoteko ea Arrasateko txoko ezberdinetatik entzuten diren txalaparta doinuak. Haizeak laguntzen badu, agian Udala, Kanpazar, Besaide, Arrasate edo Elorriotik entzuteko aukera egongo da. Beraz, herritarren aldetik Instagram edo Facebookeko kontuetan entzundakoren berri ematea eskertuko dute antolatzaileek.
2014tik txalaparta mendi gailurretara eramaten
2014an Mendiparta ekimena sortu zuen Ttakun Txalaparta taldeak herritarrekin batera txalaparta mendi gailurretara eramateko. Lehen gailurra Udalatxekoa izan zen eta 50 pertsonatik gora hartu zuten parte; ordutik beste mendi batzuk ere izan dira ekimenaren lekuko: Kurtzetxiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain, Muru…
2023a ekitaldiz beteta
Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak 30 urte betetzen ditu aurten eta programazio bereziarekin ospatuko du urteurrena “30 urtez enbor beretik”’ lelopean. Lehen ospakizuna apirilean izan zen Iturrieta Sagardotegian izandako Txotxpartarekin; eta, ondoren, maiatzaren 6tik aurrera txalaparta ikastaroa ematen ari dira 3 larunbatez. Bukatzeko, uda ostean txalaparta festa ospatuko da Arrasateko kaleetan zehar. Urteurren honetarako taldeak kamiseta, sudadera eta poltsak jarri ditu eskuragarri. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolaturiko ekimenetan parte hartzera.
