Fagor Taldeak 3’1 milioi € zuzendu zituen iaz ekimen sozialetara

0
2772

Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari lotutako zenbait ekimen lagundu zituen 785.000 eurorekin, baita hainbat hezkuntza zentro beste horrenbeste dirurekin. Arrasateko eta Euskal Herriko ekimenetara ez ezik, nazioartekoetara ere bideratu zituen.

Argazkia: MB artxiboa.

Fagor Taldeak azpimarratu du eskualdean gelditu zela “gizarte-funtsaren zatirik handiena” Debagoienera “1,8 milioi euro, osotara” zuzenduz.

Horrez gain, “barne-ekimenak (810.000 euro), nazioarteko elkartasunean ari diren eragileak (314.000 euro) eta Euskal Herri mailako bestelako egitasmoak (144.000 euro) lagundu zituen”.

Halaber, ezagutzera eman duenez “aurreko urteetan lez, legez ezarria dagoen %10 barik, urteko irabazien %12 bideratu zuen gizarte funtsera”.

Aritz Otxandiano Kanpo Taldeko Iraunkortasun arduradunak adierazi du “Kooperatiba taldea garen heinean, funtsezkoa da komunitatearekin dugun lotura hertsiari heltzea”.

Konpromiso horri jarraiki, “askotariko ekimenak laguntzen eta horietako zenbaitetan aktiboki parte hartzen, gizarte moduan ditugun erronketan gure alea jartzen”.

“Interkooperaziotik egiten dugu hori guztia, jakinik elkarrekin egindako bideak emaitza emankorragoak dituela epe luzera”.

Fagorrek iaz Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari lotutako zenbait ekimen lagundu zituen, tartean Arima Zubi gune inguruan mugikortasun iraunkorra bultzatzeko sortutako Plaza Bizi egitasmoa.

Ildo berean, Fagor Eskoriatzako Esnargi komunitate energetikoaren bazkide-laguntzaile egin zen, eta Debagoieneko elikadura burujabetzaren aldeko Tokixan lagundu zuen.

“Hezkuntzaren alorrean”, laguntza berriak bideratu zituen Hirekin industria-eraldaketa iraunkorrerako berrikuntza eta ekintzailetza zentrora, Arizmendi Ikastolaren Eskoriatzako Torrebaso 2030 proiektura eta Huheziren (Mondragon Unibertsitatea) Kolaborategira.

Taldeko kooperatibek tokian tokiko ekarpenak egin zizkieten Debagoieneko herrietako zenbait elkarteri, hain zuzen, 251.000 € denera.

Era berean, “barne-ekimenekin jarraitu zuen Fagorrek: kooperatibetako euskara-planak, lanerako bidean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko Fagor Mugi eta kooperatibetako kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkarrekin”.

Horien artean, euskara planek jaso zuten ekarpen esanguratsuena, 753.000 eurorekin. “Urtez urte berretsiriko konpromisoak erreferente bilakatu du Fagor zenbait alorretan. Horrek erakusten du barne mailako dinamikak emankorrak eta eraginkorrak izan daitezkeela kanpora begira. Komunitate zabala du Fagorrek”.

Hortaz gain, nazio mailako ekimenetara 144.000 € bideratu zituen, horietatik 120.000 € Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez.

Nazioarteko elkartasunari dagokionez, 314.000 euroko ekarpena egin zuen. Alor horretan, aurreko urteetan moduan, “garapen bidean dauden herrialdeetan garapen komunitarioa sustatzen duen Mundukide Fundazioak jaso zuen laguntza handiena, 304.000 €”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen