3 etxe gehiago egingo dira ‘sindikatuen etxean’, obrak “2022an” hasita

0
655

9 etxe ordez 12 egingo dira “sindikatuekin egindako gestioari esker”, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak azaldu duenez. 12 alokairuak “batez ere zuzenduta daude 35 urte baino gutxiagoko gazteei”. Obrak “2024aren hasieran” amaitu litezke.

Aurreikusten zen 9 etxebizitza egitea, baina Etxebizitza Sailak “sindikatuekin egindako gestioei esker, etxebizitzak egiteko espazio zabalagoa lortu da eta sustapena arrazionalizatu da. Ondorioz, 9 etxe ordez, 12 egingo dira”.

Eraikinak lau solairu ditu, eta berrikuntzaren ostean, solairu bakoitzean hiruna etxebizitza izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak gaur azaldu digu orain oinarrizko proiektuaren idazketa teknikoa egiten ari direla. Ondoren, eraikuntza proiektua egin beharko da eta obra lizitatu. “Hau datorren urtean zehar egingo da”.

Ondorioz obrei ekingo diete “2021eko amaiera aldera edo 2022ko lehen hiruhilekoan (azken aurreikuspen hau errealistagoa da)”.

Hori kontuan hartuta, aste honetan langile talde batek eraikineko beheko solairuko ateak eta leihoak tapiatu ditu.

Obrek “24 hilabete irautea” aurreikusten du Etxebizitza Sailak, eta lanak amaitu ostean bizilagun berriei giltzak emango dizkiete.

Sustapen hau arkitekto gazte talde bat diseinatzen ari da. Talde hau finalista izan zen Peña Gantxegi Saria – Euskal Arkitektura Gaztea lehiaketan, lehendabiziko edizioan, 2017an. Gainera, izen bereko artxiboa eta Etxebizitza Saila ari dira proiektua sustatzen.

12 etxeak “batez ere 35 urtez azpiko gazteei” zuzenduta daude, eta etxeetako bat alokatu nahi dutenek (baldintzak betetzen badituzte) Etxebiden eman behar dute izena.

“Horrelako etxebizitzetan” bizilagun bakoitzak “ezingo du 5 urte baino gehiago bertan bizi. Horregatik “egokiak dira pertsona gazteenak” independiza daitezen.

Eraikinaren “kontsumo energetikoa hutsaren hurrengoa izango da”, eta Alokabide sozietate publikoa arduratuko da alokairua kudeatzeaz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen