297 akordeolarik parte hartuko dute Arrasateko Akordeoi Lehiaketetan

0
297

Gaur goizean aurkeztu dira Arrasateko Akordeoi Lehiaketak Kulturaten. Aurkezpenean Maria Ubarretxena alkatea, Arantza Agirre Hauspoz elkarteko presidentea eta Juan Luis Arkauz SUDCeko ordezkaria izan dira.

Aurten lehiaketaren 42. edizioa ospatuko da. Maria Ubarretxenak azpimarratu duenez, “pandemiaren bi urteren ostean parte-hartze maila eta lanean jarraitzeko gogoa berreskuratu dira. Horren adibide da aurtengo parte-hartze maila altua.” Aurten 297 akordeolarik hartuko dute parte.

Lehiaketa abenduaren 2tik 4ra egingo da Kulturaten, Arizmendi Ikastolan eta Amaia antzokian. Egun horietan, lehiaketaz gain, askotariko jarduerak egingo dira. Arrasateko Udalak ongietorria emango die parte-hartzaileei abenduaren 3an, larunbata, eguerdiko 13:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Txapelketak beti bezala hiru lehiaketa ditu. ‘Arrasate Hiria’ Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa eta Gipuzkoako Akordeoi Jaialdia. ‘Arrasate Hiria’ Nazioarteko Akordeoi Lehiaketari dagokionez, aurten 15 partaide izango ditu, Polonia, Alemania, Txina, Serbia, Italia, Portugal, Kroazia, Finlandia, Errusia eta Islandiatik etorriak.

Bestalde, Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan 25 lagunek hartuko dute parte. Euskal Herriko partaideez gain, estatu osotik etorritako soinujoleek ere hartuko dute parte: Asturias, Aragon, Galizia, Murtzia, Nafarroa, Gaztela-Mantxa, Gaztela Leon, Katalunia, Madril, Kantabria eta Errioxatik etorritakoek. Lehiaketa honetan soinujoleak hiru kategoriatan banatzen dira: haurrak, gazteak eta seniorrak. Haur kategorian 13 akordeolarik parte hartuko dute, gazteetan 6 eta senior mailan beste 6.

Bi kategoria hauen sari banaketa igandean, abenduak 4, arratsaldeko 20:00etan Amaia antzokian egingo da. Dantza garaikideko ikuskizun bat izango da ere Garazi Etxabururen eskutik.

Gipuzkoako Akordeoi Jaialdia ere ezin zen falta, autonomia-erkidego desberdinetatik etorritako haurrek parte hartzearekin. Aurten 257 partaide izango ditu. Jaialdia Kulturaten eta Arizmendi Ikastolan ospatuko da larunbat arratsaldean. Arantza Agirrek aitortu du “oso jaialdi berezia dela, eta akordeoiaren munduan lehen urratsak ematen ari diren 7 eta 8 urtetik gorako haurrek parte hartzen dutela.” Bakarka jotzeaz gain, ganbera-taldeetan eta ensembleetan ere joko dute. Jaialdiari dagozkion sariak larunbatean, abenduak 3, banatuko dira arratsaldeko 20:00etan Amaia antzokian.

Aurten 5 epaimahai egongo dira. Horietako batzuek aurreko edizioetan ere hartu dute parte. Geir Draugsvoll norvegiarra, Veli Kujala finlandiarra, Marko Sevarlic servioa, Mie Miki japoniarra eta Ander Telleria euskalduna izango dira epaimahaikideak.

Kontzertuak

Aipatzekoa da Piotr Motyka iazko ‘Arrasate Hiria’ lehiaketaren irabazleak sei kontzertu eskainiko dituela Estatuan azaroaren 27tik abenduaren 4ra bitartean. Azken biak Arrasaten eta Aretxabaletan. Abenduaren 2an Arrasaten, Kulturaten arratsaldeko 20:00etan, eta abenduaren 4an Aretxabaletako Arkupen.

Adrian Tenias, Ibon Asua eta Jessica Reis iazko Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketako irabazleek kontzertua bat eskainiko dute ere abenduaren 3an Kulturaten arratsaldeko 17:45ean. Horrez gain, Eibar eta Hernaniko Musika Eskolako ikasleek bi kontzertu eskainiko dituzte bihar, larunbata, Aita Mennin eta Etxaluzen arratsaldeko 18:30etan.

Gainera, abenduaren 5etik 6ra bitartean, Veli Kujala finlandiarrak akordeoi eta inprobisazio masterclass bat emango du Kulturaten.

Amaitzeko, aipamen berezia egin zaio SUDCri, urtero parte hartzen duten soinujoleei jaten ematen baitie. Ubarretxenak azpimarratu duenez, “SUDCk paper garrantzitsua du lehiaketan, jaten eta afaltzen ematen baitie harrera ona eginez. Gure herriaren berezitasunetako bat da.” Azkauzek azaldu duenez, “partehartzaileen esker ona dela eta, urtez urte lehiaketarekin kolaboratzera animatzen gaitu.”

Lehiaketen dosierra

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen