2.000 kilo elikagai jaso ditu Aita Mennik Lesboseko errefuxiatuentzat

0
442
errefuxiatuentzat

Gainera, Arrasateko Ospitaleak 3.000 € lortu ditu Zaporeak ekimenaren ‘merchandaising’aren bitartez. Aita Menni Fundazioak 7.000 € eman ditu dohaintzan.

Argazkiak: Aita Menni Ospitalea

Herritarrek 2.000 kilo elikagai eman dituzte Aita Menni Ospitalean abenduaren amaiera eta urtarril hasiera bitartean.

Elikagai bilketa hau Zaporeak izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearen kanpaina orokorrago baten barrruan kokatzen da.

Hortaz gain, Arrasateko ospitale honek 3.000 € lortu ditu Zaporeak ‘merchandaising’aren salmenten bitartez.

Gainera, Benito Menni Fundazioak 7.000 € eman ditu dohaintzan, elikagaiak erosi ahal izateko. Halaber, fundazioak bere gain hartuko ditu 2.000 kilo elikagaiak Greziara garraiatzeko kostuak.

Bidalketa hau datozen egunetan egingo da, ospitaletik iragarri dutenez. Laguntza horiek guztiak Lesbos irlan (Grezia) errefuxiaturik dauden pertsonentzat bideratuko dira.

Aita Menni ospitaleak ondoko hiru zentroetan jaso ditu elikagaiak eta laguntza ekonomikoak: Durangoko Jose Miel Barandiaran Egoitzan, Bilboko Txurdinagabarri Egoitzan eta Gesalibarko Ospitalean.

Egoitz Zabalak, Aita Menniren proiektu solidarioen arduradunak, eskerrak eman gura dizkie:

  • Ospitaleko langileei
  • Zentroetako boluntarioei
  • Erabiltzaileei eta euren familiei
  • Jesusen Bihotz Sakratuaren Komunitateko arrebei
  • Dohaintzak eman dituzten pertsona guztiei

“Bereziki eskertu gura dut Aita Menni Fundazioa, emandako laguntza ekonomikoagatik”. Halaber, Zaporeak erakundearen lana goraipatu du:

“Errefuxiatu eremuetako bere lanari esker, eta elikagaien bitartez, hainbeste pertsonen biziak duintzen ditu”.

Bide honetan, “jarrai dezagun pertsona bazterturik gabeko mundu bat eraikitzen, inork bere etxea, familia atzean utzi behar ez ditzan, itsasoratu behar ez dadin banatzen dituzten gerren ondorioz”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen