Beheko testua eta argazkia: MU.
Mondragon Unibertsitateak bere eskaintza zabalduko du 2023-2024 ikasturtean, 14 titulu berrirekin —lau master berri eta hamar espezializazio-ikastaro eta aditu-ikastaro—, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Gainera, beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan lehendik dauden beste titulu batzuk ere emango ditu unibertsitateak. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez.
Eskaintza berri hori, beraz, gehitu egin zaie unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituenei: graduko 18 titulu, 20 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, bai eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere zortzi arlo horietan.
Goi Eskola Politeknikoa
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Robotikako eta Kontrol Sistemetako Unibertsitate Masterra emango du Bilbon 2023-2024 ikasturtean, Bilbao AS Fabrik campusean zehazki. Orain arte, Arrasaten bakarrik ematen zen master hori, eta Bizkaiko hiriburuan ere emango da orain.
Programa horren helburua da prozesu industrialak eta sistema autonomoak automatizatzeko, kontrolatzeko, mantentzeko eta adimendun bihurtzeko gai izango diren adituak prestatzea. Bi espezialitate eskaintzen ditu masterrak: sistema autonomoak edo
automatizazioa. Ikerketa-ibilbidea egiteko aukera ere ematen du, doktorego-programan sartzeko interesa dutenentzat. Ikasketak eta enpresetan praktika ordainduak uztartu ahal izango dituzte ikasleek. Gainera, master horrek bide ematen du EIT Manufacturingeko Nazioarteko Diploma Bikoitzeko ibilbidea egiteko —Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren barruko berrikuntza-komunitatea da EIT Manufacturing—. Nazioarteko ibilbide horri esker, Technische Universität Wien (Austria) edo University of Tartu (Estonia) unibertsitateetan egin dezakete ikasleek masterraren bigarren urtea.
Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterrak ere berritasunak izango ditu ikasturte berri honetan, bi espezialitate eskainiko baititu lehen aldiz: (I) Produktu sanitarioen garapena eta fabrikazioa eta (II) Sistema biomediko adimendunak. Master hori Arrasateko campusean ematen jarraituko da eta ikasketak eta lana uztartzeko formatu duala mantenduko du. Beste berrikuntza bat da orain arte Galarretako campusean ematen zen Zibersegurtasuneko Masterra osorik online emango dela 2023-2024 ikasturtetik aurrera.
Teknologiako profesionalentzat eta informazioaren segurtasunean espezializatu nahi duten tituludun berrientzat da programa hori. Masterrak gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: kriptografia, sareetako segurtasuna, softwarearen segurtasuna, sistemen eta hodeiaren segurtasuna, hacking etikoa, zibersegurtasun industriala eta IoT eta zibersegurtasuna kudeatzeko sistemen alderdi legalak. Gainera, enpresan aplikatutako master-amaierako proiektu bat ere egiten da. Zibersegurtasunean trebatutako pertsonen enplegu-tasa % 100ekoa da, enpresek asko eskatzen duten profila baita.
Azkenik, profesionalentzako ikastaro berria diseinatu da eta Goierriko campusean emango da. Nazioarteko Soldadura Ingeniariaren ikastaroa da, eta, besteak beste, eraikuntzan, metalurgian, materialetan eta loturen diseinuan aplikatutako soldadura-prozesuetan espezializatuko ditu profesionalak. Goierri Eskolarekin eta Lortekekin elkarlanean jarri da abian programa hori.
Enpresagintza Fakultatea
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, bi master berri eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat izango ditu.
Alde batetik, Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra dugu. Titulu horren bidez, gaur egungo aldaketa-uneari erantzun nahi zaio, eta etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktikoak eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozialei, ekonomikoei, ingurumenekoei, teknologikoei, hezkuntzakoei edo sozio-sanitarioei aurre egiteko, testuinguru errealetik eta diziplina anitzeko lantaldearen barruan betiere. Prozesu pertsonalizatua da, nazioarteko abangoardiako esperientzietan adituak eta team coacheak diren aholkulariek gidatua.
Bestalde, negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako ONLINEKO Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako ONLINEKO Ikastaroa emango dira. Horien helburua da profesionalak prestatzea, erabaki informatuak har ditzaten, datuetan oinarrituta, ez intuizioetan. Ingurune ekonomiko global honetan, izugarri lehiakorra eta dinamika aldakorrekoa izaki, lehiarako abantaila izateko aukera ematen die erakundeei sortutako datuen bolumeneko eztanda aztertzeak.
Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako Masterra programa berritzailea da Espainiako unibertsitate-agertokian, eta espezializazio-izaera dauka. Programa integratzailea eta diziplinartekoa da, eta ikasleei ezinbesteko tresnak eskaintzen dizkie
negozioen ikuspegi garrantzitsuak ateratzeko eta antolakuntza-arlo ezberdinetan aplikatutako analisi-ereduak erabiltzeko, hala nola marketina, finantzak, eragiketak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sei titulu berri izango ditu: masterreko espezializazio berri bat, master propio bat eta Hezkuntzaren eta Humanitateen arloetako profesionalentzako hainbat programa.
Irakasle aritzeko gaitzen duen masterrak beste espezializazio bat eskainiko du: Hezkuntza Fisikoa. Masterra euskaraz emango da, eta bi modalitatetan eskainiko da: presentziala (dual eredua) eta erdi-presentziala.
Profesionalei zuzendutako prestakuntza-eskaintzari dagokionez, Euskal Kultura Sustatzeko Master berriaren lehen edizioa eskainiko da. Titulu propio hori modalitate erdi-presentzialean emango da eta saio presentzialak eskainiko dira Eskoriatzako
campusean. Euskal kultura sustatzeko eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan jardungo dute profesional horiek.
Gainera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta TeamLabs laborategiak prestakuntza-eskaintza handia antolatu dute 2023-2024 ikasturterako, hezkuntzaren errazte- eta berrikuntza-arloetan. Aipatzekoak dira Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra (Lit) eta Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diploma, bai eta espezializazio-ikastaro batzuk ere; hala nola: Hezkuntza-berrikuntzako proiektuen diseinua errazte estrategikoan oinarrituta, Ikaskuntza-komunitateak erraztea eta Berrikuntza metodologikoa.
Gastronomia Zientzien Fakultatea
Basque Culinary Center Gastronomia Zientzien Fakultateak beste lau titulu jarriko ditu abian, ikasturte berriari begira. Alde batetik, Jatetxe-arloko Pertsonen eta Taldeen Kudeaketa Ikastaroa emango du, eta, bestetik, beste bi onlineko ikastaro, Jatetxeen
Kudeaketari eta Jatetxeetako Gozogintzari buruzkoak, eta Gastronomiako Prestatzaileen prestakuntzako Hedakuntzako Diploma, online modalitatean ere bai.
Urrian hasiko da Jatetxe-arloko Pertsonen eta Taldeen Kudeaketa Ikastaroa, sektore gastronomikoan dagoen talentua kudeatzeko eta fidelizatzeko beharrari erantzuteko. Prestakuntza horretan, taldeak eraginkortasunez zuzentzen ikasiko dute profesionalek, eta lan-giro egokia sortuko dute, lantalde eta pertsona guztiak balioetsita, motibatuta, gustura eta fidelizatuta senti daitezen. Modalitate presentzialean egingo dute Basque Culinary Centerren, eta hizlari gonbidatuen onlineko saio osagarriak ere izango dira.
Gastronomia Zientzien Fakultateak beste bi ikastaro gehitu dizkio bere prestakuntza-eskaintzari, % 100 onlinekoak, Jatetxeen Kudeaketako eta Jatetxeetako Gozogintzako onlineko ikastaroak. Azaroan hasiko dira, jatetxeak modu eraginkor, jasangarri eta errentagarrian kudeatzeko profesionalak (jatetxeetako gozogintzakoak ere bai) prestatzeko. 200 ordu inguruko iraupena dute bi programok.
Gainera, merkatuak gaur egun duen eskaria dela eta, Food Design delakoaren inguruko master berria prestatzen ari da Basque Culinary Center, eta datozen hilabeteetan abiaraztea espero du.
Gainera, merkatuak gaur egun duen eskaria dela eta, Basque Culinary Center gastronomiarako eta elikadurarako esperientziak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzeari buruzko master berri bat lantzen ari da, Food Design izeneko diziplina, eta datozen
hilabeteetan abiaraztea espero du.
Eskaintza horrez gain, honako hauek daude: graduko 18 titulu (12 dualak), 2024 unibertsitate-master, master propioak, graduondoko beste ikastaro batzuk eta unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituen doktorego-programak.
18 GRADU
2023-2024 ikasturterako berrikuntzak
INGENIARITZAK
- Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa (DUALA)
- Ingeniaritza Mekatronikoa (DUALA)
- Ingeniaritza Mekanikoa (DUALA)
- Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza (DUALA)
- Industria Antolakuntzako Ingeniaritza (DUALA)
- Industria Elektronikako Ingeniaritza (DUALA)
- Informatika Ingeniaritza (DUALA)
- Energiaren Ingeniaritza (DUALA)
- Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza (DUALA)
- Ingeniaritza Biomedikoa (DUALA)
ENPRESEN KUDEAKETA
- Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza – myGADE (DUALA),
- Business Data Analytics
EKINTZAILETZA
- Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza – LEINN
HEZKUNTZA
- Haur Hezkuntza (4 aipamenekin)
- Lehen Hezkuntza (6 aipamenekin)
HUMANITATEA
- Humanitate Digital Globalak (HDG)
KOMUNIKAZIOA
- Ikus-entzunezko Komunikazioa (DUALA)
GASTRONOMIA
- Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak
20-24 UNIBERTSITATE-MASTER
INGENIARITZAK
- Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa
- Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza
- Industria Ingeniaritza
- Energia eta Potentzia Elektronika
- Teknologia Biomedikoak
- Robotika eta Kontrol Sistemak
- Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-konputazioa
- Energia Sistema Adimendunak
- Eragiketen Logistiko Produktiboen Zuzendaritza
KOOPERATIBISMOA
- Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala
ENPRESEN KUDEAKETA
- Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza
- Marketin Digitala
- Erakundeen Nazioartekotzea
- Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa
- Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics
EKINTZAILETZA
- Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra ** Berria 2023-2024 ikasturtean
HEZKUNTZA
- Derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide-heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan
- irakasle izateko gaikuntza (aipamen berria Heziketa Fisikoan) ** Berria 2023-2024 ikasturtean
- Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Masterra
GASTRONOMIA
- Gastronomia Zientziak
- Gastronomiako Irakasle Prestakuntza




