“12 ikastetxe 12 tontor” ekimena maiatzaren 24an amaituko da

0
512

Dagoeneko 5 hilabete igaro dira, azaroan “12 ikastetxe 12 tontor” ekimena martxan jarri genuenetik. Harrezkero, 1500tik gora argazki jaso ditugu, 185 ikaslek parte hartu dutelarik. Une honetan, 75 gaztek lortu dute erronka amaitzea, hau da, bailarako 12 tontor igotzea. Jasotako argazki guztiak esteka honetan dituzue ikusgai.

Aste Santuetako oporretan ere, burubelarri ibili dira LEK-eko familiak erronka burutu nahian. Horren adierazgarri, epe horretan jaso ditugun 300 argazkiak. Beraz, oraindik ere ikasle askoz gehiagok erronka amaitzea aurreikusten dugu. Gogoratu, 12 tontor igotzen duten guztiek beraien argazkiekin hornitutako diploma bat jasoko dutela erronka amaitu bezain laster. LEK-eko ikasturte amaieran aldiz, hau da, ekaineko lehenengo astean, mendizaletasunarekin loturiko sari berezi bat eskuratuko dute.

Gogoratu,ekimenean parte hartzeko, “LEK-eko kamiseta jantzita mendi tontor horietariko batetik argazkia bidali beharko diguzue koordinatzaileoi. Argazkian gurutzea, buzoia edo bertan dagoen bereizgarria ikusi beharko dira, eta ondoren emailez edo whatsappez bidali.

Hori horrela, “12 ikastetxe 12 tontor” ekimen arrakastatsu hau, maiatzaren 24an amaituko dela komunikatzen dizuegu. Astelehen horretan jasoko ditugu azkenengo argazkiak, beraz, azken esfortzua egitera eta falta zaizkizuen tontorren argazkiak lehenbailen bidaltzera animatzen zaituztegu. Bitartean, segi mendiaz familian gozatzen!

Bestalde, bailarako herriak eremu gorrian sartu diren arren, Leintz Eskola Kiroleko astean zeharreko saioa aurrera darraite. Beti ere, ikasturte hasieratik ezarritako protokoloak beteta eta unean uneko segurtasun arau guztiak errespetatuta, ikasleak jarduera fisiko eta kirolaz gozatzen jarraitzen dute.

KIROLAZ HEZI, KIROLAZ HAZI, OSASUNA IRABAZI!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen