Testua: Leintz Eskola Kirola.
12 ikastetxe-12 tontor ekimenak harrera bikaina izan du eta azaroan martxan jarri genuenetik, LEK-eko partaide ugarik bidali dizkigute inguruko tontorretatik argazkiak. Momentu honetan, 156 familia ari dira erronka burutzen eta dagoeneko 800 argazkitik gora batu ditugu. Hemen argazki guztiak ikusgai.
Momentu honetan indarrean dauden mugikortasun baldintzek, beste herrietako mendietara joatea eragozten digute. Baina, ekimenak maiatzera arte iraungo du eta Aste Santuko oporrak tarteko, aukera ugari izango ditugu inguruko parajeetaz gozatzeko eta erronkari amaiera emateko.
Dena den, mugikortasun arauak indarrean ezarri aurretik, ikasle batzuek erronka burutzea lortu zuten. Horrela, 12 tontor igota dituztenei, argazkian ikus daitekeen bezala, hasi gara oroigarriak banatzen. Opariari dagokionez, erronka amaitzen duten guztiek Maiatzean jasoko dute.
Beraz, oraindik 3 hilabete dituzue familiaz inguruko mendietaz gozatzeko eta bide batez, gure erronkatxo hau burutzeko. ANIMATU!
Bestalde, aurreko asteko postean komentatu genuen ikastetxe guztietan martxan daudela Leintz Eskola Kiroleko saioak. Aste honetan aldiz, zoritxarrez, Aramaioko saioak eten behar izan ditugu bertako intzidentzia tasa altuagatik. Animo asko familia guztiei, laster ekintzekin bueltan egotea espero dugu!
KIROLAZ HEZI, KIROLAZ HAZI, OSASUNA IRABAZI!