10 ikastaro, 5 tailer, aholkularitzak,… antolatu ditu Emakume Txokoak

0
247

Ikastaroen artean daude: Zugandik, Zaindu kantatzen duzun hori, Naizen gorputza maite dut, eta Nola hitz egin jendaurrean. Halaber, tailerren artean daude: noka tertuliak, eztabaida feministak, parkour, Bizi eredu berrien bila, eta Betaurreko binarioak apurtzen.

Emakume Txokoaren plangintza berria aurkeztu zuten atzo, Esther Lizarralde Mendizabal bertako teknikariak eta Yoana Sanchez Herrero Berdintasun zinegotziak.

Plangintza hau otsailetik ekainera bitartekoa da, eta paperezko liburuxka atzodanik banatzen dabiltza etxerik etxe.

Jabetze Eskolan izena emateko epea urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra egongo da zabalik. Online nahiz Emakume Txokora bertaratuz.

Liburuxkak bi zati ditu: Jabetze Eskolaren plangintza (otsailean abiatuko diren ikastaro, tailer eta guneak) eta herritarrei zuzendutako bestelako ekimenak (hitzaldiak, solasaldiak, dokumental eta laburmetraien emanaldiak,…).

Informazio horiez gain, izena emateko orrialde bat dauka liburuxkak, berau bete ondoren, Emakume Txokoan aurkez daitekeena. Emailez eta online ere lortu ahalko da orrialdea, berau bete, eta emailez nahiz whats app bidez Emakume Txokora bidali ahal dena.

Aipatzekoa da “umeen zaintza zerbitzua ere eskatu ahalko dela”, eta liburuxkak Doako Aholkularitza Juridikoaren inguruko argibideak ere eskaintzen ditu.

JABETZE ESKOLA:

Ikastaroei dagokienez, lan-ildo ezberdinen arabera sailkatu daitezke: sormen artistikoko ikastaroak, gorputzaren eta osasunaren zaintzako ikastaroak

Sormen artistikoko ikastaroen artean aurrez eskaini izan dira antzerkia, musika eta kantua. Berrien artean ‘Zugandik’ ikastaroa izenekoa dago: “Ez da argazkilaritza teknikoari buruzkoa, baizik eta argazkigintza erabiltzea emozio, autoestima, norberaren buruaren lanketa egiteko. Horretarako, autoerretratu teknika erabiliko dute”

Gorputzaren eta osasunaren zaintzako ikastaroei dagokienez, batzuk beste behin eskaintzen ditu Emakume Txokoak: Chi kung ikastaroa eta zoru pelbikoa indartzekoa, esaterako, “oso arrera ona baitute, eta gune bereziak sortzen baitituzte”.

Baita dantza ikastaro bat eta ‘Naizen gorputza maite dut’ ikastaroa, “gorputzaren kontzientzia, maitasuna eta ongizatea lantzeko”.

Hau da, xedeak dira “genero-mandatuetatik eskaintzen zaizkigun ereduak bizigarriak ez direnez, horiek gure gorputzetan eta osasunean nola eragiten duten hausnartzea eta lantzea”.

Halaber, emozioak eta ahalduntze ikastaroak antolatu ditu Emakume Txokoak, baita ‘Gure gorputzean eta etxean burujabe’ ikastaroa ere. Azken ikastaro hau berria da.

“Sendabelarrekin eta inguruan ditugun produktuekin lan egingo da, norberaren gorputzaren zaintzarako eta etxeko zaintzarako produktuak egiteko”.

Aipatutako lan-ildoekin batera, “emakumeei parte hartzeko tresnak eskaintzeko ikastaroak ere antolatu ditugu. Tartean dago Nola hitz egin jendaurrean ikastaroa“.

“Komunikazioan ditugun arazoak aztertuko dira, eta horiei nola aurre egin. Hartara, teknikak eskainiko dira”, eta ikastaro “oso eraginkorra da”.

Parkour tailerra ere antolatu du Udaleko erakunde honek: “Hausnarketa bat egin da Arrasateko parkour parkeari buruz”, eta “sustatu nahi da 14 urtetik gorako edozein emakumek parte hartzea”. Xedeak dira “parte hartzea eta dibertitzea”.

Tailerrei dagokienez, Noka tailerra antolatu izan du aurrez ere Emakume Txokoak, eta oraingoan “pare bat saio antolatu ditugu, noka praktikatzeko”.

Tertulia hauekin lotuta, “maiatzean liburu baten aurkezpena egingo da: ‘Petare’ liburuaren aurkezpena, Leire Ibarguren Agirrek idatzita. Solasaldia egingo da berarekin eta Edurne Epelderekin”. Ekitaldi hau “nolabait keinu bat izango da, noka berreskuratzeari begira”.

Beste zenbait tailer antolatu ditu Emakume Txokoak adibidez “eztabaida feministak sustatu gurako dituztenak. Hau da, Feminimotik abiatutako ideia, hausnarketa eta eztabaidei lekua eman eta konfiantzazko giro batean, eta hainbat adituren lanaren eskutik, gai ezberdinetako ezagutzetan sakontzeko”.

Gai honen inguruko liburu bat idatzi du Teresa Maldonado Barahonak, ‘Hablemos claro’ liburua. “Neurri batean Feminismotik hizkuntzaren erabileraren inguruko argitasuna defendatzen du”.

Halaber, “hizkuntza horren erabileraren atzetik ezkutatzen diren eztabaidarako sosegu falta eta benetako eztabaidetara jotzeko gabeziak planteatzen ditu. Ekitaldian aukera izango da berarekin eztabaidatzeko, larunbat goiz batean”.

Bestalde, Irati Mogollon-ekin saio ireki bat egingo da “herritar guztiei zuzenduta” eta ondoren “emakumeen zuzendutako tailer bat, larunbat goiz batean”.

Irati Mogollon ikerlaria da, eta arkitekturaren eremua ikuspegi feministatik landu du. “Hitzaldi irekian bere liburuaz arituko da, eta tailerrean zahartzaroaren inguruko hausnarketa bat sustatuko du, zahartzaro komunitarioen inguruan”.

Jabetze Eskolaren formazioei dagokienez, “proposamen guztiak ikuspegi feminista batetik erreparatzen diote, emakumeen interes ezberdinetatik abiatuta, eta emakumeen ongizatea, autonomia, ahalduntzea, saretzeta eta parte-hartzea sustatu nahi dute”.

Formatzaileak “esparru askotan adituak dira, eta ikuspegi feminista batetik lan egingo dute. Ikastaroetan “kontuan izaten dira emakume guztien beharrak, eta partaidetzazko dinamikak sustatzen dira”.

EGITARAU OROKORRA:

Jabetze Eskolako eskaintzaz aparte, “egitarau orokorra daukagu, otsailetik ekainera bitarte gauzatuko duguna”.
Egitarauari ekiteko “otsailean erakusketa-dokumental aurkezpen batekin, June Baunza Pagaldai artista durangarrarekin. ‘Amatasunak’ proiektua aurkeztuko du Kulturaten”:

“Sei bizi esperientzia, sei hautu, sei elkarrizketa, sei obra grafiko, bideo bat eta instalazio bat biltzen dituen lana aurkeztuko du bertan”. Aipatzekoa da June bera dela Emakume Txokoaren liburuxka berria ilustratu duena.

Martxoko ekitaldien artean, martxoaren 10ean “Martxoaren 8aren testuinguruan, bertso-clown saio bat izango dugu Beatriz Egizabal clownarekin eta Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Ane Labaka bertsolariekin.

Beste hitzordu garrantzitsu bat ‘Nuestra libertad’ dokumentalaren proiekzio eta solasaldia izango da, martxoaren 23an. Teodora Vazquez ikus-entzunezkoaren protagonistetako bat da, eta Arrasaten izango dugu.

“Dokumentala aurkezteaz gain, El Salvadorren bizi duten abortuaren kriminalizazioaz hitz egingo du. Kondenatutako emakumeen esperientzien berri emango digu”.

Beste liburu aurkezpen bat ere izango da, Leire Milikuaren ‘Lur gainean, itzal azpian. Nekazariak eta parte hartzea’ liburua.

“Solasaldian Leire Milikuarekin batera Josebe Blanco artzaina ere arituko da, izan ere, hitzaurrea berak egin du. Biak ala biak emakume baserritarren egoeraz arituko dira”.

IRAKURKETA FEMINISTEN GUNEA:

“Gune honetan lan oso interesgarria egiten ari dira – baloratu du Esther Lizarraldek – eta liburuxkan iragarritako irakurketetara etorri ahal da jendea”.

Gunea funtzionatzen dabil “eta parte-hartzaileak eurak ari dira irakurketak proposatzen, eta saio irekiak dira. Liburutegiko tertulia literarioak bezalakoak dira betiere ikuspegi feminista batetik”.

Gune honetan “saiatzen dira irakurketako gaiak guneko parte-hartzaileen bizitzekin konektatzen. Ez da mugatzen idazleak adierazitakora mugatzen, baizik eta idazlearen gai horrek nola eragiten dien bizitzan guneko parte-hartzaileei”.

Dinamizatzailea Luciana Alfaro da, doako gunea da, baina aurrez izena eman behar da.

ATZERRIKO TITULUEN HOMOLOGAZIORAKO AHOLKULARITZA

“Aholkularitza honek eskari handia dauka. Emakumeen aniztasunari erreparatzen saiatzen gara, baita behar ezberdinei erantzuten ere, ahal den neurrian”.

DOAKO AHOLKULARITZA JURIDIKOA

Oro har, “martxan daude Emakume Txokoaren Arreta eta Informazio Zerbitzuak ohiko ordutegian. Zerbitzu horietako bat Doako Aholkularitza Juridikoa da”.

“Aurreko hiruhilekoan zerbitzua indartu eta osatu ondoren, arreta eskaintzen da, hilean behin astelehenetan, Emakume Txokoan. Arreta jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatu behar da”.

ELKARLANEAN OSATUTAKO EGITARAUA:

Emakume Txokoko plangintzaren arduraduna bertako langile Esther Lizarralde, baina “hemen, Berdintasun Sailean, ekipo batek dihardugu, eta gure artean komentatzen ditugu aurreko urteetako ikastaroen garapena, erabiltzaileekin ere balorazio jarraitu bat egiten dugu, ebaluazio-fitxak jasotzen ditugu”.

Era berean, “emakumeekin izaten gara eta euren beharrak jasotzen ditugu, baita Emakume Txokoaren eskaintzan zein gabezia ditugun. Egia esan, Emakume Txokoa bertan gaudenez, horiek guztiak jasotzen eta partekatzen ditugu. Horrek lana errazten du”.

Kontuan hartzekoa da “ongizate, autonomia edota parte-hartzea prozesu luzeak dira, eta ez dira ikastaro batekin lortzen. Emakumeak eurak dira protagonistak, eta beraz euren interesetatik eta balorazioetatik abiatzen gara ere”.

Hortaz gain “saiatzen gara elkarte ezberdinekin, emakume taldeekin kontaktuan izaten eta koordinatzen, baita Mugimendu Feministarekin ere, ahal dugun neurrian, interesatzen zaizkien gaiak jasotzeko”.

Hau da, “elkarlan bat daukagu, eta Emakume Txokoa ez da soilik bulego lana, baizik eta bertan sortutako prozesuetatik abiatzen diren plangintzak dira”.

EMAKUME TXOKOA, ORO HAR

Joana Sanchez Berdintasun zinegotziak baieztatu du Emakume Txokoak “emakumeei konfiantzazko espazio bat eskaintzen diela, elkartzeko, sareak josteko eta sustatzeko euren autonomia eta ahalduntzea”.

“Hori egiten saiatzen gara erreparatuz emakumeen aniztasunari eta bitartekoak eskainiz, euren beharrei erantzuteko. Ateak zabalik ditu, baita herritar guztientzat ere, norbanakoei zein talde-elkarteei”.

Izan ere, “elkarlana sustatu nahi du eta parekidetasunaren alde lanean jarraitu. Helburu horiekin plangintza berria eskaintzen du”.

Adibidez, Jabetze Eskolaren bitartez “formazioa eta topaketa guneak emakumeen ahalduntze pertsonalean eta kolektiboan eragiteko. Horrekin batera egitarau zabala antolatu” dute, “herritarrak” parekidetasunera “eta feminismora hurbildu guran, indarkeria matxistari aurre egiteko, eta hausnarketa kolektibo feminista bideratzeko”.

Horrela, Jabetze Eskolako ikastaroez eta tailerrez gain, Emakume Txokoak askotariko ekitaldiak antolatu ditu herritar guztientzat:

Hitzaldi-solasaldiak, ikuskizunak, zine-emanaldiak, besteak beste. Plangintza honek, Martxoaren 8a tartean duenez, egun honen inguruko ekitaldi bereziek ere tartea izango dute: kartel lehiaketa eta erakusketa, emakume artisauen azoka eta gainontzeko sentsibilizazio ekimenak, eta “noski egun horretarako deituko diren mobilizazioekin bat egingo dugu Emakume Txokotik”.

Egitarau osoa pantailaratzeko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen