TUlankidek jakitera eman du ere “kooperatiba taldeak barne kanpaina bat jarri duela martxan Debagoieneko Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bazkideei ekarpen indibidualak egiteko dei eginez”.
Argazkia: TUlankide / Beheko testua: Fagor Taldea-TUl.
Tanta hotzak Valentziako Erkidegoan eragindako uholdeen kalteei aurre egiteko lanean dihardute milaka boluntario eta eragilek. Askotariko laguntza moduak zabaldu dira azken asteetan -ekarpen ekonomikoa egiteko eskaera egin da, kasurako-. Bide horretan, 10.000 euroko ekarpena egingo dio Fagor Taldeak laguntza humanitarioa eskaintzen ari den Gurutze Gorriari -egunotan Valentziako Erkidegoan diharduen eragile nagusienetako bat da-.
Modu horretan, Fagorrek haren aletxoa jarri gura izan du Valentziako Erkidegoan gertaturiko ezbeharraren aurrean.
Kalte ugari
Copernicus sateliteak zabaldutako datuen arabera, 530 kilometro karratu inguru hartu zituen tanta hotzaren urak, Valentziako Erkidegoaren %5 inguru. Horren ondorioz, 75 eskualdetako 190.000 lagun dira kaltetuak. Uholdeak urriaren 29an izan baziren ere, oraindik kaleak garbitzeko, gorpuak topatzeko, oinarrizko zerbitzuak berreskuratzeko… lanean ari dira milaka boluntario.




