Testua: Debagoieneko ESI.
Urriaren 13an hasiko da ofizialki gripearen aurkako 2020ko txertaketa-kanpaina, eta pandemia dela eta, aurten neurriak hartu dira pazienteen eta profesionalen segurtasuna zaintzeko, eta haien erosotasuna bultzatzeko. Horrela, Osakidetzak hitzordu bat eskainiko du modu proaktiboan, eta txertoa emateko leku bereziak ezarriko ditu. Kanpainak bi hilabete baino gehiago iraungo du, eta, horregatik, lasaitasun mezua helarazi nahi diegu herritarrei, hitzordua jaso arte itxaron dezaten eta osasun-zerbitzuetara berehala joan ez daitezen.
Neurri hauek hartu behar dira gripearen aurkako hurrengo txertaketa-kanpainarako:
1. Dagokion zentroak telefonoz deituko die 65 urtetik gorakoei eta arrisku-taldeetako pertsonei, txertaketa-hitzordua emateko: eguna, ordua eta lekua. Lehenengo asteetan, lehentasuna emango zaie patologia anitzekoei, kronikoei eta 2019an txertatutakoei. Horrez gain, SMS oroigarri bat bidaliko zaie “gripearen aurkako txertoa 2020” agendan izena emanda duten pertsonei, aipatu eta hurrengo egunean.
2. KS eta Call Center guztiei laguntzeko, gripearen txertaketa kudeatzeko zerbitzu berri bat martxan jarri da, Osarean (Telf. 900203050, CAU Coronavirus, IVR, Osasun Kontseilua), herritarren kontsultei erantzun ahal izan diezaieten, eta gripearen txertaketarako dagoeneko esleituta dauden hitzorduak aipatu, aldatu eta baliogabetu ditzaten.
Erabiltzaileak bere osasun-zentrora deitzen duenean, lokuzio bat egingo zaio, eta bertan galdetuko zaio ea deia gripearen txertaketa-kanpainarekin lotuta dagoen, eta, hala bada, Osarean zerbitzu berrira bideratuko da.
3. Kanpaina honetan txertatuko diren pertsonak, 65 urte edo gehiagokoak eta arrisku-talde nagusietakoak izateaz gain (BGBK, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta enbarazatuak), honako hauek dira:
– Profesional sanitarioak.
– Langile soziosanitarioak.
– Zaintzaileak familia-ingurunean.
Txertoa eskatzen duenari eta aurreko taldeetako batekoa ez denari, 2020/10/31tik aurrera deitzea gomendatzen da, lehen fase honetan arrisku-taldeak lehenesten ari direlako.