‘Txomin. Aurrera bolie!’ biografia aurkeztu dute Kulturaten

    0
    589

    Atzo Kulturate areto nagusia txiki geratu zen Txomin Iturbe Abasoloren bizitzari buruzko liburuaren aurkezpenerako ‘Txomin. Aurrera bolie!’. Aurkezpenean Xabier Zubizarreta izan zen, liburuaren hitzaurrea idatzi duena, eta Jokin Urain idazlea. Euskarazko lan honek ilustrazioak ditu, 408 orrialde dauzka eta bere argitaratzailea Gara-Baigorri Argitaletxe SA da.

    Lekukoen testigantzetan oinarrituta, arrasatearraren biografia egin berri du Jokin Urainek. Egileak azaltzen du “1936-39ko gerra galduaren ondoren jaiotako euskaldunen belaunaldi baten espiritua irudikatzen duela” ETAren buruzagi ohiak. Liburuak zenbait alor jorratzen ditu, tartean “izaera, klandestinitatea, jazarpena, deportazioa, elkarrizketak, heriotza Aljerian… lekuko zuzenen testigantzekin kontatua”.

    Jokin Urainek azpimarratzen du Txomin Iturbe Abasolok (Arrasate, 1943 / Medea -Aljeria-, 1987) “1936-39ko gerra galduaren ondoren jaiotako euskaldunen belaunaldi baten espiritua irudikatzen duela. Herri gisa galzoriaren ertzeraino makurrarazita zegoen gizartean etorkizunaren alde zutitzera ausartu zen belaunaldia da Txominena. Etsipenaren isilpetik herri kontzientziaren kimuak berpiztera datorrena”.

    “Kulturan, borroka sozialean eta nazionalean, lantegietan, ikastoletan, kantagintzan… Herri ekimenetan eta kirolean, kooperatiban eta baserrian, premia ikusten zuen lekuan ekiten zion Txominek, eta askapen borrokan premia ikusi zuenean ETAn militatzen hasi zen”.

    1960ko hamarkada amaitu aurretik “alde egin behar izan zuen Arrasatetik Iparraldera. Hainbat aldiz atxilotu, konfinatu eta deportatu zuten; hainbat aldiz saiatu ziren talde parapolizialak hura hiltzen. 1987an hil zen, Aljerian, 43 urterekin”.

    Txomin Iturberen, ‘Etxazuriko semea’ren, biografia da eta aldi berean “aritu ziren beste hainbat kideren ahotsak eta historiak kiribiltzen dira bertan. Garai ilunetan independentziaren alde zapalkuntzari aurre egin zion gazte belaunaldi bateko ekintzaile eta buruzagi karismatikoenetako baten bizitza”.

    Jokin Urain Larrañaga

    Jokin Urain Larrañaga egilea (Mendaro, 1959) euskal idazle eta preso ohia da. Bere ibilbide literarioan zehar, hainbat genero garatu ditu; hala nola eleberria, saiakera eta testigantza.

    Zazpika aldizkariko zutabegilea da, eta honakoa da bere bederatzigarren liburua, aurrez eginak baititu “Izaina” (1990), “Adlotse” (1992), “Gatibu sortu nintzen” (2000), “Errotarria” (2006), “Ez dago etxean” (2010), “Agurra eta ohorea” (2013), “Ametsen liburua” (2015) eta “Amaren etxea” (2019).

    Azaroaren 27an eta 28an liburua Gara-rekin erosi ahal izango da, 20 euroko prezioan.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen