“Streaming kontzertuak, bideoklipen grabazioak,… ere egin ditzakegu Auryn Studios berrian”

0
1431

Tristán Iñiguez arrasatearrak, musikaria izateaz gain, ‘Errementari’ filmaren trailer ofiziala egina du, Gaztetxean musika jartzen du zenbait kontzertu berezitan,… Estudioa Bergarara lekualdatu du eta inauguratu berri dute.

Irudiak: Auryn Studios.

-Aurreko zapatuan Auryn Studiosen instalazio berriak inauguratu zenituzten, Bergaran, zer eskaintzen du estudio honek?

–Hainbat urte daramatzagu Auryn Studios aurrera eramaten, eta orain gutxi lekualdatu dugu, leku berriak aukera askoz gehiago ireki dizkigulako. Diskoak grabatzeaz gain (hau da, grabatu, nahasketa egin eta masterizatu), filmeentzako, bideojokoentzako eta telebista-spotentzako soinu-banda egiteaz gain, estudio berrian egin ahal ditugu ere:

Streaming bidezko kontzertuak, orain askotan erabiltzen dena; zuzeneko ekitaldiak Youtube, Twitch eta beste plataforma digitalen bitartez; bideoklipen grabaketa; bideoak grabatzea taldeak diskoak grabatzera etortzen direnean; eta abar.

-Hortaz, ez duzue soilik diskoen grabazioak eskaintzen.

-Hori da, funtsean lehen eta orain gure lana da taldeei diskoak grabatzen laguntzea, lehen unetik diskoa editatzen bukatzen duten arte. Ikusi eta jaso duguna da taldeei laguntza handiagoa eman ahal diegula, esaterako bideoklip bat egiten, kontratu diskografikoen inguruan aholkatzen, merchandisinga eta portadak diseinatzen,… Horietan guztietan taldeei laguntzen diegu.

Gainera, soinu-bandak eta musika konposatzen ditugu ikus-entzunezko enpresentzako, orain arte ere egin duguna. Teknologia berrietara egokitzen gabiltza, streaming bidezko Internet ugari kontsumitzen dela jakinda, eta estudioari enfoke hori eman gura diogu, neurri batean.

-Ildo honetan, musikari bezala ere baduzu esperientzia ezta?

-Bai, hala da, urte asko daramatzat musika bezala, taldeetan gitarrista bezala jotzen, eta urte hauetan guztietan ikasi dudana, adibidez beste estudio batzuetan, Auryn Studiosen oinarria da.

Esaterako, ergelkeria bat dela pentsa daiteke baina hemen, estudioan mahai bat daukagu soilik gitarraren hariak aldatzeko. Izan ere, gitarri-jole askori gertatu zaigu, haria aldatzean kontzertu batean nahiz estudioan, posturaren ondorioz, gitarra erortzea. Inoiz ez da hariak aldatzeko leku bat espresuki. Horrelako ñabardura txikiak estudioan aplikatzen gabiltza, nahi dugulako jendea eroso sentitzea, disko bat grabatzea ahalik eta errazena izatea. Musika jotzen eta grabatzen lortu dugun esperientzia guztia estudioan aplikatzen gabiltza.

-Hortaz gain, ‘Errementari’ filmaren trailerra egin zenuen.

-Bai, ‘Errementari’ren trailer ofiziala egin nuen. Bere garaian soinu-banda egiteaz hitz egin genuen, baina data txarrak izan ziren, eurek presa handia zuten, eta horregatik Paul eta bere taldeak erabaki zuten beste bide bat hartza, baina trailerra denbora nahikoarekin egin ahal izan nuen.

Trailerra ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz dago, eta bertako musika eta audio-produkzio guztia Auryn Studiosen egin zen.

-Zelako esperientzia daukazu bideojokoen alorrean?

-Alor hori ez dugu gehiegitan ukitu, klip labur bat egin genuen puzzlen joko batentzako, horretan ziharduen Iruñeko enpresa batentzat. Batez ere bideo korporatiboak eta soinu-bandak egin ditugu, adibidez Paul Urkijoren ‘Baso beltza’rena, ‘Cuchillo, McGregor y el Vasco’ laburmetraiarena, eta Xanti Rodriguezen ‘Lekaime’rena, zenbait jaialditan zenbait sari jaso dituena. Dokumentalentzako ere lan egin dugu, adibidez Artemanek publikatutako ‘Erraiak’.

-Era berean, Arrasateko Gaztetxean soinua jartzen duzu garrantzi bereziko taldeen kontzertuetan.

-Bai, Arrasateko Gaztetxeak bere teknikari propioak ditu, Mauri esaterako, tekniko eta mutil bikaina dena, eta euren artean konpontzen dira. Gaztetxeko garrantzi bereziko edota Metaleko kontzertuetarako deitzen naute eta oso gustura bertaratzen naiz, oso ondo lan egiten delako eta giroa bikaina delako.

-Beno Tristán, zerbait gehitu nahi baduzu edo erantzundakotik zerbait azpimarratu, aurrera, zurea da hitza.

-Disko bat grabatzera animatzen diren guztiek, edo aukera hauek guztiak eskaintzen dituen estudio bateko sentsazioak probatu nahi duten guztiek, badakite non nagoen, hemen Bergarako Labegaraieta Industrialdean.

aurynstudios.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen