Indibidualismoaren aurka, Miren Arangurenek planteatu zuen, besteak beste, “ezagutzak elkarrekin partekatzearen beharra”. Era berean, Jokin Azpiazuk, komunitatea eraikitzeko, “etxe autogestionatu gehiagoren beharra” nabarmendu zuen. Itziar Zigak baikor adierazi zuen “Punkak eta Feminismoak irabazi egin dutela”.
Ez Donk Amaitu ekimenak antolatuta, mahai-ingurua egin zen atzo arratsaldean Kulturateko areto nagusian:
‘Rocka eta feminismoa. Zertan egin dugu aurrera 80ko hamarkadatik?’. Galderak Iraitz Agirre Aranguren kazetari arrasatearrak jarri zituen mahai gainean, eta hiru lagunek erantzun zituzten:
Miren Aranguren Etxarte kontzertu antolatzaile eta Emagin-eko kide, Itziar Ziga idazlea eta Jokin Azpiazu Carballo soziologoa.

Itziar Zigak balorean jarri zuen “lortu egin dugula indarkeria matxistaren aurkako amorruak eztanda egitea”. Bide honetan, “La Furia eta beste emakume batzuek musika bikaina egin dute”.
Itziar Zigaren hitzetan, “Punkak eta Feminismoak irabazi egin dute, eta egungo egoera oso interesgarria da”. Esate baterako, “patriarkatua orain ahulagoa da, honezkero ikustezina ez delako”.
Egungo gazteek “liluratzen naute, esaten duten guztia ez dut ulertzen, baina oso gustuko ditut”. Hortaz gain, Itziar Zigak Las Vulpes taldearen ibilbidea azpimarratu zuen:
“‘Me gusta ser una zorra’ abestiarekin adibidez patriarkatuaren etsai bihurtu ziren”, “Audientzia Nazionalera bidali zituzten”, “matxistek kontzertuetan txistua botatzen zieten”,… “Azkenean, taldeak bertan behera uztea erabaki zuen baina etorkizunera begira Las Vulpes taldeak ekarri handia egin zigun”.
Miren Arangurenek salatu du “etengabeko desjabetza bat egin dela, eta horren adibide da H&M dendetan duela urte batzuk Feminismoaren eta Punkaren kamisetak salgai jartzea”.
Bi mugimenduon artean ere “kontraesanak izan dira, eta esaterako Punkak ez ditu bere egin beste kolektibo zapalduaren, feminismoaren aldarrikapenak, salbuespenak salbuespen”.
“Rapak eta beste estilo hegemoniko batzuek, ordea, Feminismoaren aldarrikapenak barneratu dituzte, neurri batean behintzat”. “Gu ahalegindu ginen Feminismoa eta Punka fusionatzen, baina ez genuen lortzerik izan, agian baliabide nahikorik ez genuelako”.
Jokin Azpiazuk adierazi du “Punkan maskulinitate anitz daudela, neurri batean behintzat, eta eszenatokien gainean indar erakustaldia, irmotasuna,… nabari dira”.
“Egungo taldeetan ere egungo maskulinitatea islatzen da, nahiz eta salbuespenak izan diren, Deabruak Teilatuetan taldeko abeslaria esaterako”.
Jokin Azpiazuk faltan somatzen du “distantzia ironiko bat, ez dugu distantzia bat hartzen eta maskulinitateari barre egiten”. Zentzu horretan “drag queen-eatu dezagun pixka bat”.
“Hasieran punk-oi taldeak ikusi nituenean uste nuen postura ironiko bat erakusten zutela, baina gero ohartu nintzen ez zela horrela”.
Genealogiari dagokionez ere “freskotasun bat behar dugula uste dut, batzuetan zerotik hastea, beti iraganean erreferenteak bilatzen egon ordez. Etorkizuna eraiki behar dugu, eta horren adibide bat da Bilboko punk-homosexual talde batek egin zuen kale-ekimena”.

Hortaz gain, Jokin Azpiazuk azpimarratu du “azpikultura autogestionatu bat behar dugula, bere zentzu zabalean. Izan ere, indibidualismoan erortzen ari gara eta komunitatea eraikitzen jarraitu behar dugu”.
Hartara, “espazio autogestionatu gehiago behar ditugu, izan ere, komunitate barik ez dago iraultzarik. Ez donk amaitu, noski”. Itziar Ziga uste berekoa zen: “planeta hau apurtu arte ez donk amaitu!”.
Miren Arangurenek “Maurizia bera Feminismoaren erreferenteetako bat” dela nabarmendu zuen. Egungo egoerarekin jarraituz “ekimen batzuen falta sumatzen dut, eta hutsunea ez da egungo gazteek ez dutelako egin, baizik eta nire ustez belaunaldien arteko transmisio bat egin ez dugulako”.
Indibidualismoari aurre egiteko, bi bide proposatu zituen: “hainbat talderen arteko konpetentzia alde batera uztea” eta “gure ezagutzak besteekin partekatzea”.
Jokin Azpiazuk gehitu zuen “emakumeen etxeak azken urteetan sortu diren bezala, Punkak bultzatutako etxe autogestionatu berri gehiago behar ditugula”.
Ekitaldiaren amaieran Antolakuntzatik iragarri zuten mahai-ingurua Hamaika Telebistak emitituko duela aurki. Hitzaldian ideia ugari partekatu ziren, hemendik horietako hainbat islatu ahal izan ditugu, baina telebista saio horretan luze eta zabalago ikus-entzun ahalko dira.