Kopako finala gaur jokatzekoa zen, eta alternatiba bezala finala balkoietan eta leihoetan jokatu da, baita Arrasaten ere.
Argazkia: Andoni Ezkurrak bidalia.
Realaren eta Athleticen arteko kopako finala gaur jokatzekoa zen, baina koronabirusaren ondorioz ezin izan da berdegunean jokatu.
Dena den, realzaleek eta athleticzaleek ‘finala’ ospatu dute gaurkoan, etxeko balkoietan edo leihoetan banderak, bufandak,… eskegiz. Baita sare sozialetan parte hartuz ere.
Azpimarratzekoa da euskal zaletu ugarik bi taldeak animatu dituela. Zentzu berean, bi taldeetako jokalariek bideo bateratu bat zabaldu dute sare sozialetan koronabirusaren aurka, “denon artean irabaziko dugu” mezuarekin.
Animoak ere bidaltzen dituzte Arrasateko Grupo San Joaneko lagun hauek, Mondraren eta beste euskal ikur batzuekin ere: “Animo denoi!! Denon artean lortuko dugu!!”.
Gau partean, Kopako finaletan egin ohi den bezala, txistu egin zaio espainiar monarkiari. Arrasatear ugarik hala egin dute etxeetako balkoi edo leihoetatik.