San Baleixoko lursail baten inguruko debatea izan da Osoko Bilkuran

1
1714

Bertako baserriko familiak helegitea aurkeztua du, eremu hori baserriarena dela argudiatuz. Arartekoak udal-diktamina “goitik behera” ezeztatu duela eman du jakitera Elkarrekin Arrasatek. EAJ-PNV eta PSEk adierazi dute Udal-gobernuari “dagokiola interes orokorrak defendatzea”.

Argazkia: Kulturwebetik.

2019ko otsailean Udalbatzak erabaki zuen San Balerio baseliza ondoko lursail batzuk mugatzea, bide eta atseden leku bezala erabil daitezen.

Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen San Balerioko baserriko familiak, argudiatuz baselizako hormatik ekialderanzko lursaila baserriarena dela “antzina-antzinatik”.

Atzoko udalbatzarrean auzi hau jorratu zen, eta EH Bilduk Udal-gobernuari galdetu zion ea “familia bidezidorra publiko egiteko prest azaldu bada, zergatik ez da familiarekin adostasun bat lortu?”.

Elkarrekin Arrasatek plenoan ere azaldu zuen arazo hau “aurreko legealditik datorrela” eta “alarma piztu zidan Udal-gobernu honek interes publikoa aldarrikatzea”.

Alde horretatik, Igor Urizar zinegotziak azaldu zuen Udal-gobernuak tamaina handiko enpresen interesak defendatzen dituela, “adibidez Amenabar konstruktoraren aldeko 900.000 euroko plusbalia eraginez”.

Elkarrekin Arrasatek jakitera eman zuen Arartekoak San Balerioko auziaren inguruan Udal-gobernuaren agiriaren “puntu guztiak goitik behera” ezeztatu dituela. “Aratekoak adierazi du tranpak, gezurrak, manipulazioa, ezikusiarena egitea,… erabili direla”.

Gehitu zuenez San Balerioko familiako “92 urteko amamak, gai honen ondorioz, antsietateak jota ospitalera eraman behar izan dute”.

EAJ-PNVek erantzun zuen “frustazio puntu bat” eragin diola familiarekin akordiorik ez lortzeak. Azaldu duenez, “familia gutxienez bitan etorri da udaletxera” gaia jorratzera.

Eskertu egin zuen EH Bilduko Aitor Zubiagak familiarekin egindako lanak akordioa lortze aldera. Gehitu zuen Udal-gobernuari “dagokiola interes orokorra defendatzea, zeini bestela?”.

EH Bilduko Maider Morrasek gaitzetsi zuenez, “familiak esandakoak eta zuek Hirigintza Batzordean esandakoak ez datoz bat”, eta “bitartekaritza bat eskatzea” proposatu zuen.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak oposizioari egotzi zion “diskurtso demagogikoa” erabiltzea. “Guk konfiantza daukagu gure teknikariek egindako txostenean”.

Langaran familiak agertu izan du, konponbide bat lortu ezean, gaia epaitegietara eramateko asmoa. Atzoko udalbatzarreko debatearen ostean, bozketak ondoko emaitzak izan zituen:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Abstentzioak: 8 (EH Bildu)
  • Ezezko botoa: 1 (Elkarrekin Arrasate)

Informazio zabalagoa ondoko bideoan (17:40 unetik aurrera):

Iruzkin 1

  1. Oso gogorra iruditzen zait kontu hau, eta are gehiago eramateko modua. Betidanik entzun dugu baserritarrek borrokan egiten dutela lurrak direla eta ez direla eta beti ari direla zelatan… eta gainera barre egin dugu horrelako kontuekin, zein astakiloak diren eta horrelakoak esanaz. Ba EZ! Ezin dugu horrelakorik egin! Baserritarrak dira gure lurrak zaintzen dituztenak, eta horren ondorioz izaten dituzten liskarrak ondokoarekin edo dena delakoarekin, baserritarrak dira baita gure izaera eta hizkuntza zaindu dutenak urteetan, kaleko panpoxok gaztelera kultoa ikasteko ahaleginak egiten ari ginen bitartean. Baserrian bizi denak badaki zer den hori, badaki zer den inguruan ondo mantentzea, hizkuntza, nekazaritza, abeltzaintza, kultura… beraz interes orokorrekoa zerbait bada BASERRIA da! eta ez baserriaren atzeko aldean dagoen lurzail txiki bat.

    Eta bestelakoan, horrelako gauzak hitz eginda eta negoziatuaz konpontzen dira: kalean, baserrian, hirian eta edozein tokitan. Oso mingarria da egoera hau bizitzea familia horrentzako eta amandre horrentzako are gehiago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen