Testua eta argazkia: Goiena.
Ostiral honetan, urriak 25, hasiko da Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren aldia, Bergarako Seminarixoa aretoan. Hain zuzen ere, hamasei taldek hartuko dute parte; abenduaren 13ra bitartean lau kontzertu antolatuko dira eta gau bakoitzean lau taldek joko dute. Final handia urtarrilaren 17an izango da; egun horretan hiru sari banatuko dira: sari nagusia, publikoaren saria eta Danbaka-Ekinez saria.
Ostiral honetan, urriak 25, hasiko da Danbaka Musika Lehiaketa, Bergarako Seminarixoa aretoan. Korda Rota (Arrasate), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati) izango dira lehen gauen joko dute taldeak, 21:30ean hasita. Lehenago, 20:00etan hasita, DJ Joe Pieman artistak girotuko du Seminarixoaren atarian egongo den chill out gunea.
Hamasei talde, lau jaialdi eta finala
Debagoieneko askotariko hamasei taldek hartuko dute parte aurtengo Danbakan. Urriaren 25ean, esandako moduan, Korda Rota (Arrasate), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati) izango dira protagonista. Azaroaren 15ean, Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate) eta K-Po (Bergara). Azaroaren 29an, Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola). Abenduaren 13an, azkenik, Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Sarrerak, egunean bertan
Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita, eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.
Sanprubusa eta chill out gunea
Aretoaren kanpoaldean chill out gunea egongo da. Kontzertuen aurretik eta kontzertuen arteko tarteetan bertako DJak izango dira protagonista. Doan. Lehen gaua girotzeko, chill out gunean izango da Aretxabaletako DJ Joe Pieman (Joseba Pieurruges).
Chill out gunean Sanprubusak emango du taberna zerbitzua; bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dira eta barra txiki bat jarriko da.
24 talde aurkeztu dira
24 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren seigarren ediziora. Horietatik hamabost epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hamaseigarrena, publikoak, boto bidez. Arrasateko Ondare taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.300 boto baino gehiago jaso dira.




