Osakidetzak 18.500 pertsonari baino gehiagori jarri die gripearen aurkako txertoa urriaren 19tik 22ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatutako txertoguneetan. Horietatik ia erdiek COVID-19aren aurkako txertoa ere hartu dute. Iazko epe berarekin alderatuta, gripearen aurkako txertaketa % 15 handitu da, eta COVID-19aren aurkakoa % 20.
Debagoienean, hitzordurik gabe har daiteke txertoa Debagoieneko ospitaleko kanpo-kontsulten eraikineko beheko solairuan, astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 19:00etara.
Lehen Mailako Arretan, 318.833 gripearen aurkako dosi eta COVID-19aren aurkako 193.489 dosi eman dira. Osakidetzak txertoa hartzera animatu ditu herritarrak, gripearen gailurra iritsi aurretik, konplikazio larriak eta ospitaleratzeak prebenitzeko. Bereziki gomendatzen zaie 60 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta sei hilabetetik bost urtera bitarteko haurrei.
Urriaren 12tik 18ra bitarteko datuen arabera, 693 gripe-kasu erregistratu dira Lehen Mailako Arretan, eta 92 pertsona ospitaleratu dituzte. COVID-19ari dagokionez, 2.107 kasu eta 436 ospitaleratze izan dira.
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako txertoguneak hitzordurik gabe egongo dira zabalik azaroaren 1era arte: Bilbon eta Donostian, 8:00etatik 20:00etara; Gasteizen, 9:00etatik 21:00etara.
Azaroaren 2tik aurrera, gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua eskatu ahal izango da osasun-zentroan, Osakidetzaren webgunean edo 900 20 30 50 telefono-zenbakira deituta.




