“Ohorea izango da musikari handiekin oholtza partekatzea domekan”

0
713

Kepa Urteaga soinujole arrasatearrak ‘Flamenco Etxea 2’ ikuskizunean parte hartuko du Amaian, besteak beste, Oreka TX, Gorka Hermosa, Toti Martinez de Lezearekin,… batera. Izan ere, EH Bilduko zinegotzi jarduteaz gain, kulturgile ere badihardu.

Zein da Kepa Urteagaren ibilbidea musikagintzan?

Ni berez musikaria eta trikitilaria naiz. Biak ezberdintzen ditut, izan ere, soinu txikia (diatonikoa) jotzen dudanean, trikitixa jotzean, trikitilaria naiz, eta besteetan musikaria. Biak bereiztea gustatzen zait.

Trikitixaren alorrean nahiko purista naiz, soinua eta panderoa gustuko ditut, eta beste guztia musikari bezala hartzen dut, nire bizitzaren parte gisa.

Urte askoan soilik trikitilari aritu naiz, baina Arrasatera bizitzera etorri nintzenetik, egoera aldatu egin zen. Hemen jendeak ez ninduen ezagutzen musikari moduan, ezta trikitilari moduan ere.

Hona bizitzera etortzean, bizitzako kasualitateen ondorioz, zenbait harreman egin nituen Arrasateko musika ezberdinekin. Musikari izateko faktorerik garrantzitsuena Iñaki Barrena ezagutzea izan zen.

Bere bitartez, hainbat musikari ezagutu izan ditut eta adibidez Sei Pistols eta Trabuko Bat taldean sartu nintzen. Duela 10 urte sortu genuen taldea. Oro har, nire jarduna beti egon da lotuta musikara, trikitixara eta kantuan egitera.

Nola sortu zen ‘Flamenco Etxea 2’ proiektuan parte hartzeko ideia?

Niretzat berezia izango da, ohore bat izango da artista handiekin oholtza partekatzea. Gorka Hermosa gazte-gaztetatik ezagutzen dut, eskolan batera ibili ginen, 8. mailara arte. Ondoren gure bizitzak banandu ziren, bera musikaren mundura dedikatzen hasi zen mundu mailan, eta esan genezake bera dela soinu handia, kromatikoa jotzen duten sortzaileetatik garrantzitsuena edota garrantzitsuenetarikoa bederen, mundu mailan.

Azken urteetan sari asko jaso ditu, iaz esaterako Berlingo Orkestra Sinfonikoarekin jo zuen, eta bere piezak mundu mailan oso ezagunak dira. Arrasateko Akordeoi Lehiaketetan bere pieza asko jotzen dira. Gainera, berak Santanderren irakasle dihardu eta ikasle ugari ekartzen ditu. Nik uste, soinu handiaz berba egitean, Gorka Hermosa mundu mailako erreferente bat da.

Baina hortaz gain, gure bizitzak, bizitzaren joan-etorrien poderioz, banandu egin ziren arren, bere gurasoak bizi dira guk Zumarragan dugun elkarte gastronomikoaren gaineko etxebizitzan, bere aita elkarteko bazkide delarik.

Bera, ni gazte-gaztetatik Zumarragako trikitixan soinua jotzen ofizialki hasi nintzenean, sarritan entzutera etortzen zen. Izan ere, guk elkarte horretan askotan jotzen genuen, jaiak zirela, irteerak zirela,… Etxeko elkartea bezalakoa izan da.

Garai hartan, nik 18 urte nituela, Gorkak adierazten zuen pieza bat eskaini behar ziela Zumarragako trikitixari eta Zumardi elkarteari. Hala, Gorkak ‘Zumardi’ pieza sortu zuen bien ala bien omenez.

Nik partitura ikusia nuen eta entzuna nuen, eta egun batean Antzuolako alkate ohi Pedro Iturberen bitartez, Zumarragako ikastolan hirurok oso gertukoak izanik, berriro nire berri izan zuten, Arrasaten bizi nintzela.

Horrela, Gorka nirekin harremanetan jarri zen, omenaldiaren berri eman zidan eta partitura nirekin partekatu zuen. Nik adierazi nion polita izango litzatekeela egunen batean pieza elkarrekin jotzea. Gauza hor geratu zen.

Duela hilabete batzuk, ordea, ‘Flamenco etxea 2’ sortzen hasi zirenean, bere deia jaso nuen. Gorkak azaldu zidan ikuskizunean ‘Zumardi’ pieza sartu nahi zuela. Nik proposamena nire lehengusuari azaldu nion, berak eta biok osatzen baitugu egun Zumarragako trikitixa.

Gorkak bere pieza, master bat pasatu zidan, eta gauzak zehazten joan ginen. Cabezón de la Sal herrira (Kantabria) joan ginen, hango estudioan grabatzen baitu, adibidez Jon Maiarekin, Hezur beltzak taldea dela, ‘Kantu bat gara’ dela,…

Asteburu oso bat pasatu genuen Gorkakin, eta Javeta López-ekin grabatu genuen, baita han bazkaldu, berba luze egin, bizitzaren analisi osoa egin, afaldu,… genuen giro oso onean. Kriston esperientzia izan zen.

Handik denbora batera, Gorkak proposatu zidan ‘Flamenco etxea 2’ Arrasaten ere aurkeztea, kontuan hartuz ‘Flamenco Etxea 1’ duela urte asko hemen aurkeztu zuela. Kultura zinegotziari asko gustatu zaio, eta asteburu honetan ‘Flamenco 2’ hemen izango dugu.

Zein artistek parte hartuko duzue Amaiako ekitaldian?

Proiektu honetan flamenco musika eta euskal musika uztartzen dira, eta grabazioetan parte hartu dugu Euskal Herriko musikari askok, musikari afrikar batek eta José Luis Montón gitarristak, besteak beste.

Ikuskizunaren oinarri nagusiena euskal musika izango da, Euskal Herrian gaudenez, euskal kolaboratzaileak izango gara domekan oholtzan. Gorka Hermosa bera noski, Oreka TX txalapartariak, Toti Martinez de Lezea (errezitatuz), Garikoitz Mendizabal txistularia (nazio mailako txitulari onena edo onenetarikoa), Nerea Quincoces perkusionista (perkusionista handia eta ahots ederrekoa), Mariana Collado dantzaria (flamenco), José Luis Montón gitarrista (flamenco) eta Zumarragako trikitixatik neu (bikote artistikoa lesionatuta dago) izango gara oholtzan.

Gainera sorpresatxo bat izango da ekitaldian, arrasatear peto-peto batek Zumarragako trikitixarekin lehen aldiz joko baitu.

Erraza da euskal musika eta flamencoa uztartzea?

Nik uste musika lengoia internazionala dela, eta nik uste trikitilari puristenak eta flamenco puristenak ez luketela ‘Flamenco etxea 2’ begi onez ikusiko. Baina fandangiloak, buleriak eta beste batzuek antzekotasunak dituztela gure fandangoarekin, erritmoari erreparatuta.

Gorka Hermosak grabatutako bi disko hauetan argi geratzen da uztargarriak direla. Baita euskal musika beste toki batzuetako musikekin ere. Proposatu zidatenean soinu txikia flamencoarekin uztartzea harrituta geratu nintzen, zorakeria bat zirudien. Baina Gorkak konbentzitu ninduen, eta nire ustez nahasketa polita lortu dugu, purista izan barik.

Beste piezarik joko duzue?

Bai, Zumarragako trikitixak asko jotzen duen pieza bat ere eskainiko dugu, eta beraz guk ere gure kutsua emango diogu domekako kontzertuari.

Beno Kepa ba beste zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera, zurea da hitza

Bai, jendea animatzeko, ikuskizun ezberdin bat izango delako eta artista garrantzitsuz betetakoa, ni izan ezik. Uste dut publikoak gozatuko duela. Niretzat ohorea izango da musikari, artista handiekin oholtza partekatzea. ‘Flamenco Etxea 2’ igande honetan izango da, urtarrilak 29, Amaian arratsaldeko 19:30ean.

Sarrerak erosgai hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen