Zapatu honetan, Aitor Etxagibel musikari arrasatearrak eta bere taldekideek erritmo eta doinu animosoak jendarteratuko dituzte, Ibai-Artek antolatuta.
Beheko testua eta testua: Ibai-Arte / Goiko irudia: Inside Bologna.
Dixieland jazz-blues estiloetako bat da, 1910eko hamarkadan New Orleansen garatu zen inprobisaziotik sortua. Elen’s River Dixieland Band taldea musikari hauek osatzen dute:
- Aitor Etxagibel- Arrasate (Perkusioa)
- José Ramón Elkoro- Aretxabaleta (Perkusioa)
- Zigor Martínez- Bergara (Klarinetea)
- Julen Izarra- Zumaia (Saxo Tenorra)
- Imanol Iribarren- Andoain (Tronboia)
- Ramontxo Vega- Pasai Donibane (Elikoia)
- Ibon Diaz- Gasteiz (Banjoa)
- Rubén Salvador- Ebroko Miranda (Tronpeta)
Elen’s River Dixieland Band talde ibiltari bat sortzeko beharraren ondorioz sortu zen, bai Covid19a dela eta (abenduan hasi baikinen ekimena antolatzen), eta bai Ibai-Artek kontratatutako taldeak bere emanaldia bertan behera uzteagatik. Une horretan, Ibai-Artek Arrasateko Big Band-eko zuzendari den Zigor Martinezi deitu zion, ekintza hori egin ote zitekeen galdetuz. Une horretan, Zigorrek Rubén Salvador tronpeta-jole handiari deitu zion, Arrasateko Big Band-era estra gisa etorri ohi dena eta hamaika proiektutan jotzen duena, eta baietz erabaki zuten. Horrela, Dixieland hau sortze aldera, Euskal Herriko musikari handienei deitzen hasi ziren.
Ibai-Artetik eskerrak eman nahi dizkiegu horrelako erronka bat bere gain hartu izanagatik, hain denbora gutxirekin, eta jendea Dixieland honetaz gozatzera animatzen dugu!
Plan paregabea erosketa-egun baterako! Otsailaren 19an, larunbata, 18:30ean Herriko Plazan zuen zain izango gara, eta, ondoren, Arrasateko kaleak animatuko ditugu.
Ekimen hau Ibai-Artek antolatu du Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.
*Ibai-Arteko bazkide izan ez arren, Ibai-Arteko edozein ekimenetan parte hartu nahi baduzu deitu 688734149 zenbakira.
