Mondragon Unibertsitateak ondoz ondoko bigarren urtez parte hartzen du Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren fabrikazio-programan

0
247

Proiektuak ikerkuntzaren eta prestakuntzaren alorretako zenbait jarduera hartzen ditu barne; besteak beste, EIT Manufacturing Master Bikoitza, Mondragon Unibertsitateak eta Austriako unibertsitate batek elkarlanean eskaintzen dutena.

Testua: Mondragon Unibertsitatea. Argazkia: MB artxiboa.

Mondragon Unibertsitateak ondoz ondoko bigarren urtez hartzen du parte Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) antolatutako EIT Manufacturing programan (www.eitmanufacturing.eu). Programaren helburua Europako enpresen eta erakundeen lehiakortasuna sustatzea da, eta robotika jasangarriaren, fabrikazio gehigarriaren, akatsik gabeko fabrikazioaren, ekonomia zirkularraren eta digitalizazioaren arloetara bideratuta dago. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat ikerketa- eta prestakuntza-jarduerarekin hartzen du parte proiektuan; besteak beste, EIT Manufacturing Master Bikoitza jarri du abian, hain zuzen ere unibertsitatearen Robotika eta Kontrol Sistemak Masterraren ibilbide bat.

Programaren baitan, lehen prestakuntza-urtea Mondragon Unibertsitatean egingo da, eta bigarrena, berriz, Austriako Technische Universität Wien unibertsitatean, biak ere ingelesez oso-osorik. Masterrak berrikuntzari eta ekintzailetzari buruzko gaitasunak garatzeko 30 ECTS kredituko modulu bat hartzen du barne, eta munta bereko Master Amaierako Lan bat. Europako programa honetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta zabalik jarraituko du martxoaren 1era arte. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak hautatuko ditu master bikoitz hau egiteko eskaerak, hautagaien curriculuma, esperientzia profesionala eta prestakuntza-programarekiko lotura kontuan hartuta, eta aukeratutako hautagaien zerrenda jakinaraziko du ondoren. Eskaerak helbide honetara bidali beharko dira: https://apply.eitmanufacturing.eu/. EIT Manufacturingek zenbait beka-mota eskainiko ditu programa egiteko.

Parte-hartzaileek masterreko titulazio bikoitza eskuratuko dute; batetik, Mondragon Unibertsitateko titulu bat, Robotika eta Kontrol Sistemak Masterra (Sistema Autonomoen espezialitatea); bestetik, Austriako Technische Universität Wieneko titulua. Horrez gain, EIT Manufacturing-en ziurtagiri bat ere eskuratuko dute.

EIT-M masterreko graduatuek enpresa berriak sortuko dituzte, edo berrikuntza sustatuko dute manufaktura-industriako enpresen eta ekosistemaren barruan. Horrela, euren ekarpena egingo dute Europako lehiakortasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta kalitateko lanpostuen sorrera bultzatzeko. Masterrak 4 programa hauek ditu:

  • Pertsonak eta robotak lan jasangarri baterako.
  • Fabrikazio gehigarria eta erabateko malgutasuna.
  • Akatsik gabeko industria ekonomia zirkularrerako.
  • Sare industrializatuetarako plataformak.

Mondragon Unibertsitatea, estatuko unibertsitate bakarra

Mondragon Unibertsitatea da Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren EIT Manufacturing programan parte hartu duen estatuko lehen unibertsitatea eta bakarra, bi arrazoi hauek direla eta: Mondragon Korporazioko kide delako —Europako EIT partzuergoko kide da— eta unibertsitateak enpresen eta erakundeen beharrekin bat egiten duelako fabrikazioaren eta robotikaren arloan.

EIT Manufacturing Master Bikoitza programa garatzeko Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak bi unibertsitate horiek hautatu izana (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta Technische Universität Wien) ez da kasualitate hutsa. Bi erakunde horiek oso lerrokatuta daude enpresen premiekin, eta oso gertu daude antzeko ezaugarriak dituzten industriekin, ikasketen praktikotasunari, enpresekiko loturari eta prestakuntzari berari dagokienez.

EIT

Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutua (EIT) Europako elkarlaneko partzuergo bat da, 53 eragilek osatua (teknologia-zentroak, unibertsitateak, enpresak eta startup-ak); horiek berrikuntza sustatzen dute beren jarduera-eremuetan. Oro har, partzuergoak hainbat prestakuntza-, ikerketa- eta ekintzailetza-programa ditu martxan (osasunaren, energiaren eta fabrikazioaren arloetan, besteak beste), eta produktu, zerbitzu eta prozesu berritzaileen bidez Europan lehiakortasuna hobetzeko helburu estrategikoa du. Hau da, Europa sektore eta eremu estrategikoetan kokatzea du helburu, ekonomia gero eta globalizatuago batean, betiere merkatuko joerekin, Europak arlo bakoitzean dituen estrategiekin eta enpresen beharrekin bat datozen jardueren bidez.

EIT Manufacturing programaren kasuan, hauxe da helburua: berrikuntzak garatzea fabrikazio-prozesuetan, eta jasangarritasuna eta efizientzia eragitea Europan garapen berri horiekin.

Epe ertain eta luzera, institutuak profesionalen harrobi bat osatu nahi du, Europan lehiakortasunaren hazkundea eta hobekuntza susta ditzan, berrikuntzarekin bat eginik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen