ATP Engineering & Packaging Barberà del Vallès-en (Bartzelona) dagoen enpresa bat da. 60 lagun enplegatzen ditu eta 30 urteko esperientzia du linea osoak eta ontziratzeko makinak fabrikatzen.
Argazkia: Mondragon Koorporazioa.
Mondragon Assemblyk operazio honekin, gaur egun dituen indargune teknologikoak areagotuko ditu, eta urrats estrategiko bat emango du negozioaren dibertsifikazio-prozesuan; hala, zuzenean sartzen da elikagai-packagingaren sektorera, bereziki “picking” eta kaxaratze-lerroen fabrikaziora.
Bi enpresek beren jardueren konbergentzia eta sinergia-maila handiak kontuan izan dituzte, eta etapa berri bati ekin diote elkarrekin, negozio zein produktu garapenerako eta merkatuan hedatzeko potentzial izugarriarekin.
Batasun honekin, ATPk Mondragon Assemblyri elikagai-packagingaren sektorean sartzeko aukera ematen dio, sektorean esperientzia handia duen eragile baten eskutik; bezero garrantzitsuen eskutik, oso produktu teknologiko eta kalitatezkoekin, eta lantalde profesional sendoarekin.
Beste alde batetik, Mondragon Assemblyk honoko ATPri ekarpenak egiten dizkio: talde kontsolidatu batean parte izatea, nazioarteko sarearen bidez merkatu berrietara sarbidea, baliabideak eta finantza-gaitasuna, eta lantegi zein kokapen anitzeko talde baten kudeaketa-sistemak bere egitea.
Erosketa –Mondragon Assemblyk enpresaren kapitalaren %100 eskuratu du– joan den otsailaren 19an sinatu zen Bartzelonan, Nereo Urbano, Ignasi Manresa, Manel Bernat eta Joaquin Bellido ATPko bazkideen parte-hafrtzearekin, Mikel Gantxegirekin eta Igor Herraterekin batera, Mondragon Assemblyren zuzendari nagusia eta presidentea, hurrenez hurren.
Erosketa prozesu honetan Mondragon Assemblyk LKS Corporate & Legal-en laguntza jaso du. Mondragon Assemblyren zuzendari nagusiak adierazi duenez, «ahaleginak egingo ditugu proiektu bateratu honetan parte hartzen duten guztientzat ondare iraunkor oparoa uzteko; berrikuntzaren ikuspegitik emankorra izango den ondarea gainera».
ATP Engineering & Packaging-a
Lerro osoak eta packaging makineria egiten dituen enpresa da. Ekipo-sorta zabala eskaintzen du: packaging automatikoko sistemak, estutxe eta sartze anitzeko sistemak eta instalazio eta logistika ingeniaritzako soluzioak barne. Elikadura-, higiene-, kosmetika- eta etxe-sektoreei zuzenduta daude bere makinak, eta enpresa, berritzeko, proiektuak pertsonalizatzeko eta bezeroei zerbitzua emateko duen gaitasunagatik nabarmentzen da sektorean. 12 milioi euroko salmentak erdietsi ditu eta nazioarteko salmentak fakturazioaren %50 inguru dira, batez ere Europako merkatuan.
Mondragon Assembly, Mondragon Korporazioan integratutako kooperatiba, automatizazio eta muntaketa soluzioen garapenean espezializatutako nazioarteko talde bat da, hiru sektoretarako: eguzki-energia, e-mugikortasuna eta energia biltegiratze eta automatizazioa. Aretxabaletan (Gipuzkoa) du egoitza nagusia, eta hainbat herrialdetan ditu instalazioak eta filialak: Frantzia, Alemania, Mexiko, Brasil, Txina eta Portugal, eta haiekin batera baita filial komertzialak ere, Estatu Batuetan, Indian eta Tunisian, esaterako. 120 M€ko fakturazioa lortu zuen 2025ean (%80 inguru nazioarteko salmentetatik), eta 650 langile baino gehiago ditu.




