Idazle arrasatearrak ‘Luaren itzala’ lana egin du, Elkar argitaletxearekin argitaratzen duen zortzigarrena. “Bereziki gazteei zuzendutako misteriozko nobela da. Baina, intrigazko tramari esker, adin guztietako irakurleak erakar ditzake”.
Beheko testua eta irudiak: John Andueza.
2021ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako sorkuntzarako diru-laguntza jaso zuen. Eta orain,Elkar argitaletxearen Traola bilduman eman dute argitara.
Zer kontatzen du istorioak?
Euskal Herria. 2020.
Bada herri txiki ezezagun bat, ez dutena inoiz komunikabideetako kronikatan aipatu. Eroso bizi ziren hango bizilagunak,harik eta urte hasieran birus gaiztoaren gaitzak mundu mailan eztanda egin zuen arte. Geroztik, asko aldatu dira gauzak oso denbora epe laburrean. Betiko ohitura zaharrak bat-batean desagertu dira, eta gizartearen arlo gehienetan itsusi jarri dira kontuak.
Udazken latza izaten ari da. Lua Igartuarentzat, bereziki zaila. Bizitzak kolpe zatarra eman zion duela hilabete batzuk, inork merezi ez duen zartako gaiztoa. Luak Isilpean estali du bere zorigaitza, sekretu iluna ahaztu eta memoriatik ezabatu nahi duelako: inoiz gertatu izan ez balitz, hobe. Hamazazpi urteko neskatoak bizitzen jarraitzeko adorea berreskuratu nahi du, eta horretan dabil: alferrik galdutako denbora lehen bai lehen errekuperatu guran.
Azaroaren zazpian, larunbat gauean, dozenaka gazte bildu dira hiltegi zaharrean gaupasa debekatua egitera. Zita klandestinoek badute magia berezia, nonbait. Pikutara normak, pikutara debekuak, pikutara dena. Orain oraingoak eta gero gerokoak, ez dago beste misteriorik.
Igande goiza argitu orduko, ordea, tragedia usaina zabaldu da lau haizeetara. Polizia-kotxearen sirena hotsak entzun dira azkar pasatzen; anbulantziaren sirena hotsak entzun dira gero.Tamalez, usterik latzenak motz geratu dira: bezperako festaren ostean, neska gazte batera hilda aurkitu dute hiltegi zahar abandonatuan.
Gertaera bortitzak hotzikarak eragin ditu etxe askotan. Denek ezagutzen zuten hildakoa, eta, ziurrenik, denek ezagutzen dute hiltzailea. Sare sozialak sutan jarri dira berehala. Mendeku gosea da nagusi. Hasia da zurrumurru anonimoen dantza, abian da sorgin ehiza.
Pandemiaren urte madarikatuan, beraz, itsusi etorri da azaroaren zortzia, urrutiko herri txikian luzaroan gogoratuko duten domeka iluna.
“Luaren itzala” liburuak gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditu: gazteak eta izurritea, emakumeen kontrako biolentzia, sexu harremanak, Sare Sozialen arriskua…
Narrazioak thriller egitura dauka, intrigaren ikuspuntutik planteatuta dago. Irakurleak, orriak pasa ahala ezagutuko ditu puzzlea osatuko duten pieza guztiak, eta soilik amaieran jakingo du zer gertatu den zehatz-mehatz.