“Ludopatia jasaten duten pertsonak sendatzen dira noski, lagunduta”

0
1623

Iker Vitoria psikologo arrasatearrak ludopatia bezalako patologiak tratatzen ditu. Dei egiten du substantziarik gabeko “adikzioak gero eta lehenago atzeman, orduan eta diagnostikoak hobeak izango direla”.

Zein dira substantziarik gabeko adikzioak?

Nik arazo orokorragoak ere tratatzen ditut, depresioa, antsietatea eta dolua esaterako. Depresio-antsietate biko horrek kasu askotan adikzioak eragiten ditu.

Mendekotasuna substantziaduna (kanabisa, kokaina, alkohola edo dena delakoa) izan daiteke, baina baita substantzia gabekoa ere.

Azken hauek oso ezkutukoak dira eta horren kasu argiena ludopatia da: mugikorretako jokoak, ordenagailuetakoak, joko-aretoetakoak, kasinoetakoak,…

Halaber, existitzen dira ere erosketa konpultsiboak, sexu-adikzioa, Internetekiko adikzioa, sare sozialekikoa, burtsarekikoa, kriptotxanponekikoa,… Halako asko daude.

Zein kalte eragiten dituzte?

Izatez patologiak dira, eta tradizionalki ‘es unvicioso’ bezala estigmatizatu diren arren, gaixotasun psikologikoak dira. Hau da, gaixotasunaren ondorioz, kontrol gabeko pertsonak dira.

Ezin dituzte euren inpultsoak kontrolatu, eta kontrol falta horrek adikziora eramaten ditu. Eurek jakin badakite kontrolik ez dutela, baina ezin dute egoera kontrolatu.

Hasieran adikzioa gustuko dute, adibidez jokatzeak plazera eragiten die, jokatzeak motibatzen ditu. Baina kontrola galdu egiten dute, eta lehen plazera sentitzeko egiten zutena, orain gaizki ez sentitzeko egiten dute. Gero eta gehiagotan, eta espiral batean sartzen dira.

Kinka larria gainditu daiteke laguntza psikologiko barik?

Nik uste dut ia ezinezkoa dela, izan ere, norbera arazoaz konturatzen den arren, bere barruak adikziora bultzatu egiten du. Adibidez, jokoan dirua galtzen badu, pentsatzen du “gaur egun txar bat izan dudala, baina bihar hobea izango dela”.

Baina ez da hala gertatzen, areago, arazoak okerrera egiten du, eta euren jokabidea ezin dute kontrolatu zuloan gero eta sakonago sartuz.

Pertsona askok sufritzen dituzte adikzio mota hauek?

Bai, gizartean nahiko zabalduta daude. Lehen ludopatia esaterako begibistakoa zen: pertsona bat tabernan makina txanponjale batean behin eta berriz jokatzen zuenean. Baina gaur egun jokalariek mugikorrarekin edota ordenagailuarekin ezkutuan jokatzen dute.

Kontuan hartzekoa da online jokoak eguneko 24 orduetan eskaintzen direla, urteko 365 egunetan, eta beraz tentazioa etengabekoa da. Ez da lehen bezala, tabernako edota kasinoaren ordutegira mugatzen zelako.

Adikzioak sufritzen dituzten pertsonen adina gero eta gazteagoa da. Lehen adinaren batezbestekoa altuagoa zen, eta gizonek nahiz emakumeek jokatzen zuten. Emakumeek gainera estigma bat zuten euren bizkar, “mira que dejada” bezalako komentarioak jasoz.

Orain 18 urtetik beherakoek ere jokatzen dute, datuak tranpeatuta. Ludopatiaren aurkako elkarteek diote biztanleen %5 inguruk adikzioa duela. Beraz, pertsona asko dira, eta nik uste gero eta gehiago. Areago pandemiaren eraginez.

Hala ere, autoritateek ez dute onartzen arazoa hain larria denik, jokoaren etekinak oso aberasgarriak baitira estatuarentzako. Horregatik autoritateek prebalentzia %2-3ra mugatzen dute.

Horrek ez du esan nahi noizbait jokatu duen pertsona bat etorkizunean ludopata izango denik. Adibidez, zurito bat edateagatik ez zara alkoholiko bihurtzen. Baina kontrola galtzen dutenak bai.

Jokoak berez bere alde ludikoa dauka, lagunartean adibidez Errealaren aldeko apustua egin daiteke. Ordea, apustu egitea beharra bihurtzen denean, arazoa egon dago.

Horrelakoetan ohikoa da, lagun giroan apustua egin ordez, apustua bakarka eta ezkutuan egitea, ez daukazun dirua erabiltzen hastea, gezurrak erabiltzea,… Espiral horretatik ezin zara irten. Arazo hori gainditzeko, halabeharrez, mugak eta oztopoak jarri behar dira.

Egoera ekonomiko txarretan, itxuraz “dirua erraz irabazteko” jokoek, pertsona gehiago erakartzen dituzte?

Bai, apustu-etxeek ilusio faltsu bat eragiten diete, eta horretarako pertsonai aberatsak kontratatzen dituzte, Ronaldo esaterako.

Iragarkietan ere musika erakargarria eta pertsona ustez alaiak erakusten dituzte. Horiek batez ere gazteak jokatzera bideratuta daude.

Gainera, apustulariak uste du makinetan “jokaldi magiko bat” daukala, eta “la máquina está caliente” bezalako komentarioak erabiltzen ditu.

Futbolaren inguruko apustuetan, apustulari batzuek futbolaren inguruko estatistika asko dakizkite, eta uste dute partiduko emaitza asmatuko dutela, edota jokalari batek zenbat gol sartuko dituen.

Apustulari bakoitzak bere barnean mundu fantastikoa sortzen du, eta sinetsita daude apustuarekin diru erraza irabaziko dutela. Baliteke pertsonarentzat apustua irabaztea okerragoa izatea, kasu horretan bere uste hori sendotuko zaiolako.

Ustezko diru erraz hori lortuko lukete ikasi barik, lan egin barik, esfortzurik gabe,… baina galdutako apustuak iritsi iristen dira. Apustulariak uste du zorte txar kontua dela, eta egoerari buelta emateko, berriro apustu egiten du.

Gero eta diru gehiago jokatzen du. Apustua irabazten duenean, apustulariak uste du bere meritua izan dela, ez dela zorte kontua, baina galtzen duenean zorte txarrari egozten dio errua, eta ez da izan apustulariaren “metodo magikoak” huts egin duela.

Kinka larri horrek lapurretak eragin ditzake?

Bai, pertsonak lehenengo bere diruarekin apustu egiten du, gero soldata ez da nahikoa, ondoren dirua hartzen da beste pertsona batekin konpartitutako diru-kontutik, ostean kreditu txikiak eskatzen ditu, gero baliteke etxean edota lantokian lapurretaren bat egitea, etxebizitza berriro hipotekatzen du,…

Iruzur edo zor handiak izaten dira. Ludopatiaren ondoriozko lapurretak gehienetan ez dira indarkeriazkoak izaten. Biolentzia ohikoagoa da substantziadun adikzioen kasuetan.

Zer egin behar da espiraletik irteteko?

Asuntoa da patologia honetaz ohartzea zaila dela. Substantziazko adikzioa duten pertsonei nabari egiten zaie neurri handiagoan:

Mozkortuta ikusten zaie, bestelako drogen eraginpean,… Ordea, substantziarik gabeko adikzioak oso isilak, oso ezkutukoak dira.

Bere ingurukoak arazoaz ohartu ondoren, konturatzen dira zergatik pertsona beti zegoen mugikorrari begira, oso haserre, erantzun oso txarrak ematen, ezkutuan egoten, gezurrak esaten, diru faltan,…

Kinka larri hauetan, bere bikoteak pentsa dezake pertsonak amorante bat duela, ordurako bikote harremanik ez baitago. Izan ere, adikzioa duen pertsona beti jokatzen dago.

Pertsona horrek hondoa jotzen du diru dena gastatu eta gehiago lortzen ez duenean, diru-zorrak agertzen direnean, etxera telefonoz deitzen dutenean zorra kitatzeko exijitzen,…

Horren aurrean, pertsona batzuek bikoteari, senideei,… gezurrak edota aitzakiak esaten dizkiete. Izan ere, beharrak bultzatuta, gezurrak eta aitzakiak oso ondo asmatzen dituzte. Eta harrapatzea oso zaila da.

Ordea, pertsonak laguntza eskatzen duenean, ingurukoentzat kolpe handia da eta hasieran ez dakite nora jo. Izan ere, horrelako egoerak ez dira kalean entzuten. Horregatik familia horiek babes barik egoten dira.

Zer egin behar dute horrelako egoeretan familiak, bikoteak, lagunek,…?

Lehenbizi profesional batengana jo dezatela, batzuek familia-medikuarengana jotzen dute, baina Osakidetzak ez du horretarako zerbitzurik, eta elkarteetara bideratzen ditu.

Arazoa da elkarteak Gasteizen, Errenterian eta Bilbon daudela. Horrek suposatzen du joan-etorriak egin behar izatea, eta elkarteetan taldeko terapiak egiten dira.

Kasu batzuetarako oso egokiak dira baina pertsona batzuek ez dute bertan parte hartu nahi. Gai delikatua da, pertsona horiek ez dute euren izen ona galdu nahi. Beldur diote jendeak adikzioa duela jakiteari.

Errore ohikoena da familiak diruz ordaintzea pertsonak sortutako zor ekonomikoa. Gainera zorrak ez dira nolanahikoak izaten: 10.000 eurokoak, 30.000 eurokoak, 100.000koak,…

Zorra ordainduz gero, pertsonaren arazoa ez da konponduko, eta areago, okerrera egin dezake, pertsonak nahiko duelako diru gehiago lortzea familiari ordaintzeko. Presio oso handia jasango du.

Horregatik familiei aholkatzen zaie pertsonaren zor ekonomikoa ez ordaintzea, pertsonak hondoa jo behar du, eta beste era batzuetara lagundu behar zaio.

Adibidez, joko-aretoetara eta kasinoetara ez sartzeko, izena eman behar da auto-debeku zerrenda batean. Printzipioz leku horietan jokalariei NAN-a eskatzen zaie, baina hori praktikan ez da askotan betetzen.

Hala ere, behintzat oztopo bat izan bada. Online jokoetan ere bada antzeko mekanismo bat. Tabernei dagokienez, pertsonak bertan jokatzeko ohitura bazuen, ezingo da tabernetara sartu eta horretarako bere inguruko pertsona bat berarekin izango da.

Beste neurri bat familiak pertsonari dirurik ez ematea da, bere kontu korrontearen ardura hartzea, kreditu edo debitu txartelak kentzea, eta eskuko dirua kontrolatzea. Familia ez da zorrotz-zorrotz aritu behar, pertsonari diru kopuru bat eman diezaioke, baina beti gastuak justifikatu behar ditu.

Hau da, tiketak aurkeztu behar dizkio familiari, langile batek enpresari aurkeztuko balizkio bezala. Justifikatu ezean, familiak ez dio pertsonari diru gehiago emango.

Sendatze prozesua luzea izaten da, izan ere, familiak arazoaz konturatu orduko, baliteke arazoa 5, 7 edo 10 urte lehenago sortu izana. Arazoa pixkana-pixkana okertuz doa.

Familia lehenago konturatzen bada, litekeena da sintomatologia hain kritikoa ez izatea eta sendatze prozesua azkarragoa izatea.

Sendatze prozesuan zehar pertsona berriro jausi ohi da, gorabeherak izaten dira, eta hori familiari azaltzen zaie. Bidea zaila da, tentsio une asko izaten ditu, baina hor hasten da euren sendatzea. Bai pertsonarena, bai familiarena.

Ordura arteko bizimodua eta dinamikak goitik behera aldatzen dira. Ordutik aurrera bizitza hobea da, sendatzen dira noski, lagunduta.

Beno ba Iker, zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera, zurea da hitza

Sintomak ikusten edo nabaritzen dituen pertsona, familia, bikotea, laguna,… psikologoekin edota elkarteekin harremanetan jar dadila, behintzat galdetu diezaiela. Hau da, ez ditzala begiak tapatu.

Galdetu dezala, izan ere, arazoa gero eta lehenago atzeman, orduan eta diagnostikoa hobea izango baita.

Harremanetarako:

Iker Vitoria

www.ikervitoria.com

601 53 98 56 

Otalora Lizentziaduna kalea, 18, solairutartea. Arrasate

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen