Kontinente maila, emakume taldeak, haurrendako ekitaldia,… izango ditu Arrasate Bluesek

0
685

Ibai-Artek antolatuta, European Blues Challengeko hiru taldek parte hartuko dute, besteak beste. Gainera, aurten Ziorlan eta Arimazubi plazan ere kontzertu bana izango da. Emakume taldeen artean Vulcanizadas arituko da, eta haurrendako zein familiendako saio bat izango da, sorpresatxo batekin. Uztailaren 18tik 21era Arrasate Blues!

Arrasate Bluesen aurkezpena gaur eguerdian egin da Herriko plazan, Ibai-Arteko hainbat lagun bertan izanda.

Prentsaurrekoa Javi Inda (Ibai-Arteko lehendakaria), Jon Apraiz (Arrasate Blueseko lehendakaria) eta Maider Morrasek (alkatea) eman dute.

Ibai-Arteko lehendakari gisa, Javi Indak azpimarratu du jadanik Arrasate Bluesen 6. edizioa dugula aurtengoa.

Era berean, adierazi du “jatorria edo lehen bi urteetako kontzertu txiki haiek ilusioz eta umiltasunez gogoratzen ditugula”.

“Hasierak ez dira sekula errazak izaten, eta ondoren, pandemia garaian, aurrera jarraitzea pentsatu genuen”.

“Garai hartako murrizketek kontzertuetan mahaiak eta eserlekuak jartzera behartu gintuzten, baina nola diren gauzak, ondorio horrek, murrizketa hauek, merkatariok herria bizirik beti daukagun konpromisoa eta esfortzua kaleratu zituen”.

“Pertsonalki emozioz gogoratzen ditut jasotako mezu, zorion eta eskerrak, jaialdia horrela antolatzeagatik”.

“Jatorria ezin dugu ahaztu, kanpotar asko ahozabalik uzten ditugu Arrasate Blueseko antolakuntzaren atzean merkatari elkarte bat dagoela esatean”.

Ibai-Arteko lehendakariak baloratu ditu “gaur egun jaialdia asko handitu dela, eta iazko edizioa itzela izan zela, ikus-entzule kopuru handiagatik, baita abeslari eta taldeen maila altuagatik ere”.

“Arrasate Blues Euskal Herriko jaialdien zirkuituetan sartu da, eta gaur egun prentsak eta komunikabide espezializatuek jaialdi hau mapan jartzen dute jadanik. Lan handi eta onaren seinale”.

Ibai-Artek eskerrak eman dizkie “Arrasateko Udalari eta Maiderri bereziki hasieratik gurekin eseri eta egindako lan eta laguntza guztiarengatik. Eta nola ez, Jon Apraizi eskerrak eta zorionak zure lan bikainarengatik”.

Arrasateko Udala Arrasate Bluesen laguntzailea da, eta alkateak ere eskerrak eman dizkie Jabiri, Joni eta herriari.

Azpimarratu du “maila altuko jaialdi bat dela, Arrasateko herriak asko estimatzen duena, eta zain egoten gara bera noiz iritsiko zain”.

Era berean, “herriari bizitza ematen dio, eta Udala hemen gaituzue behar dituzuen baliabideetarako, antolakuntzari dagokionez esaterako”.

Maider Morrasek azpimarratu du Arrasate Blues “aurten erdialdea ez den beste toki batzuetara zabaldu dela, eta hori oso aberasgarria dela. Eskerrik asko antolakuntza lan horregatik ere”.

Arrasate Bluesen zuzendariak, Jon Apraizek adierazi du “gure ideia beti izan da ahalik eta eszenatoki gehien izatea, eta aurten hamaika erabiliko ditugu”.

Horri esker “lehen aldiz, lau kontzertu aldi berean izango ditugu, ostiralean 20:00etatik 21:00etara. Horrek kritson logistika lana beharko du, baina horretarako gogotsu gaude”.

Era berean, azpimarratu du “guretzat euskararen presentzia oso garrantzitsua izan dela beti. Zorionez lau taldek euskaraz abestuko dute: bi taldek dena euskaraz eta beste bi taldek abesti batzuk euskaraz”.

Horregatik baloratu du “14 taldetatik 4k euskaraz egitea guretzat pozgarria dela, eta gaurko kontzertuan Anderrek ere euskara erabiliko du. Beraz, denera 5 kontzertutan euskaraz abestuko da”.

Arrasate Blueseko abeslari eta taldeen maila “gorantza doa, eta gero eta zailagoa da mailari eustea”.

“Baliteke guk zorte izatea, baina kontua da lortu dugula European Blues Challenge-an (Bluesaren ‘Eurovision’ bezala defini daitekeena) aritutako hiru talde Arrasate Bluesen izango ditugu”:

Ina Frosman finlandiarra, Mingo Balaguer eta A Contra Blues espainiar estatutik irabazi zuena.

Emakumeen presentzia ere azpimarratu du Arrasate Bluesek, kontuan hartuz aurkezpenean “izan diren emakume kopurua”.

“Ohikoagoa da emakumeak taldeko abeslariak izatea, baina aurten emakumezko talde oso-oso onak ditugu, Vulcanizadas esaterako”.

“Bostak emakumeak dira, maila oso altukoak, eta niretzat bi saxoak eta perkusionista zoragarriak dira”.

“Baita Berlindik tronpetarekin datorren Kelly O’Donohue ere, eta Bergaratik kontrabaxua jotzera etorriko direnak ere”.

Dantzari dagokionez, “lortu dugu iazko dantza ikastaroa eman zuen Gasteizko Lazy taldea aurtengo zapatu bertan aritzea”.

Hitzordua 11:00etan eta Portaloian izango da, aintzat hartuz “iaz herriko jende asko animatu zela dantzan egitera”.

Beste nobedade batek haurrekin zerikusia dauka: “Beti izan dugu bluesarekiko zaletasuna haurren artean pizteko gogoa”.

“Horregatik gonbidatzen ditugu haur eta familia guztiak igandean 12:30ean Herriko plazara etortzera”.

Izan ere “sopresatxo bat egongo da eta bidaiatxo bat egingo dugu herrian zehar sorpresa horrekin”.

Ekitaldia birbiltzeko, eta bluesa entzuten hasteko, Ander Zubillagak kontzertua eman du Herriko plazan bertan.

Tolosarra Tolosako Blues jaialdian jotzetik dator eta arrakasta handia izan du, kontuan hartuz Iñigo Zubizarreta arrasatearraren ikasle izan zela.

Ander Zubillaga Euskal Herriko talde askotako partaide izan da (Arrasateko Governors, Xabi Solano, Izaro, Huntza, Postal Kolekzionistak, Txaston Dixieband, Mikel Moreno, Iker Lauroba…).

Bere bigarren semea jaio ondoren erabaki zuen lehen single propioa argitaratzea (Elur), bere proiektuarekin batera. Fingerstyle estiloa du ardatz eta Bluesa, Countrya eta Rocka uztartzen ditu.

Arrasate Blues bertan dugu!

Albistea osatzen gabiltza

Ibai-Arteren webgunea

Arrasate Bluesen webgunea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen