“Jostailua aukeratzeko kontuan hartzekoak dira umearen adina, gustuak, testuingurua,…”

0
317

Olgetako Itsaso Pagoagak hitzaldia eman du aste honetan Kulturaten: ‘Nola aukeratu jostailu egoki bat?’. Aukeraketa horretan kontuan hartzeko moduko 15 irizpide azaldu ditu.

Aipatzekoa da Arrasateko Olgeta izeneko gunea “jostailu denda bat baino gehiago dela. Jostailuak saldu eta mahai jolasak mailegutzan eskaintzeaz gain, jostailu, jolas eta jolaserako espazioen inguruko aholkularitza zerbitzua eskaintzen du”.

Bertako arduradun Itsaso Pagoagak hitzaldia eman zuen martitzen arratsaldean Kulturaten, hain zuzen, ‘Nola aukeratu jostailu egoki bat?’ erantzunez.

“Nire ustez jostailu egoki bat aukeratzeko orduan hainbat irizpide daude, eta kontuan hartu beharko genituzke”:

“Baina batez ere kontuan hartu behar dugu jostailu hori jasoko duen ume horren (kasu honetan umeetaz ari gara) adina, gustuak eta testuingurua (anaia-arrebak dituen edo ez, familian jolasteko ohitura duen edo ez,…).

Bigarren irizpide bat da “umeari eskaintzen diogun jostailu hori umearen berezko jolasa sustatuko duen material bat izatea. Hau da, berezko irudimen, fantasia, sormen,… gaitasuna bizirik mantenduko duena”.

Hau da, “protagonista izan dadila umearen jolasa, eta ez horrenbeste jostailua bera”.

Halaber, “beste pertsona batzuentzat irizpidea prezioa izango da. Nire ustez, beste irizpide inportante bat materialaren kalitatea, hau da, hobe gutxi baina ona aukeratzea”.

Izan ere, “askotan umeek denetariko jostailuak izatea garrantzitsutzat jotzen da, baina jostailu horiek kalitateari dagokionez eskasak izatea eta hala moduzko iraupena izatea”.

Itsaso Pagoagak aholkatzen du “hobe dela jostailu gutxi izatea umeak arreta handiago jar dezan eskaintzen zaion material horretan. Hezi ditzagun umeak ez opulentzian, zentzu baten barruan baizik”.

Kalitatezko materialarekin “bermatuko dugu material horren iraunkortasuna, denboraldi on baterako material izan dezagun”.

Era berean, euskarazko jostailuak aholkatu ditu “gurea bezalako testuinguru batean, jolas bat ume batentzat aukeratzean, garrantzitsua da hizkuntzari ere erreparatzea”.

“Ez dut uste jostailu baten hizkuntzak erabat baldintzatuko duenik jolasean erabiliko den hizkuntza, baina eragin dezake. Mahai-jolasetan hori agerikoagoa da”.

Hitzaldian denera 15 irizpide azaldu zituen Olgetak. Oro har, “jostailua baino garrantzitsuagoak dira jolasa, umea eta jolaskideak”.

Izan ere, “umeek batez ere, batez ere ez dute jostailurik behar: jolaserako espazioa, denbora (gaur egun eskasian dagoena) eta jolaskideak (lagunak, familiakoak, gurasoak esaterako). Objektua bigarren mailako zerbait da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen