500 ikus-entzule inguruk jarraitu zuten bertatik bertara ekitaldia atzo Amaia Antzokian. Sortzaile urretxuarrak berak idatzitako kantuen letra ezagunak azaldu eta kantatu zituen.
Bidean Produkzioak eta Udalak antolaturik, ekitaldian Jonekin batera aritu ziren Nerea Quincoces (perkusioa, ahotsak), Gorka Hermosa (akordeoia), Nacho Soto (teklatua) eta Pello Ramirez (biolontxeloa).
Sortzaile urretxuarrak omenaldi xumea egin zien ekitaldian Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’, Karlos Agirreurreta ‘Mahoma’, Josu Muguruza eta Felix Iñurrategiri, besteak beste.

Hain zuzen, ‘Igo nazazu nire mendira’ abestiko letra (gerora Mikel Urdangarinek abestua) mendigoizale aretxabaletarraren heriotzaren ondotik idatzi zituen Jonek.
“Minetik idatzitako letra” da honakoa, baita “Emoiztaxuz musutxue” abestiarena ere (‘Zurekin’ izeneko kantua), Gozategik plazaratu egin zuena.
Sortzaile honek idatziriko beste abesti bat ‘Eskuetan’ izenekoa dugu, hain zuzen, gerora Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ez ezik, Gure Eskuk lau haizeetara zabaldu zuena.
Indarkeria matxistaren aurkako hitzak ere adierazi zituen Jonek ekitaldian, baita kantu gehiago jendarteratu ere, boskote formatuan. ‘Kantu bat gara’k txalo beroak lortu zituen Arrasaten ere.