Argazkia: Lokatza Ziklismo Eskola.
Ekintzaz beteriko asterburu izan da Lokatza Ziklismo Eskolako kideentzat pasa den asteburua. Larunbatean, kadete mailako Bolintxo – Lan taldeko ordezkariak Zornotzan lehiatu ziren estatu mailako lasterketan. Ia 200 txirrindularik parte hartu zuten eta Lokatza bost ziklistarekin aurkeztu zen. Irteera eman eta berehala Iñaki Plaza arrasatearrak eguneko ihesaldia harrapatu zuen beste hiru txirrindularirekin batera, eta lasterketako kilometro gehienak aurretik egin zituzten, tropelak bukaeran erritmoa bizitu arte. Hala ere 34. postua erdietsi zuen. Horretaz gain, taldekideek lortutako postu guztiei esker, Bolintxo – Lana taldea, 4. sailkatu zen taldekako sailkapenean 33 talderen artean.
Larunbatean ere, eskola mailako txirrindulariek lasterketa izan zuten, kasu honetan, Mendaron. Infantil mailan, Harkaitz Ilarduia bergararrak 2. postua erdietsi zuen.
Asteburua borobiltzeko, igande arratsaldean Seminarioko patioan txikienen artean ziklismoa bultzatzeko ekintza antolatu zen, jolasen artean eta lagun giroan ia 30 haur elkartu ziren, 9 eta 14 urte bitartekoak.
Aste Santu betean egon arren, Lokatza ez da geratuko eta hurrengo hitzordua Agurainen izango da, apirilaren 9an, kadete mailako mutilen eta nesken taldeentzat.




