Arrasatearraren film labur honek irabazi du 44. Euskal Zine Bilerako Film Onenaren saria, zapatuan Lekeitioko sari banaketan.
Argazkiak eta trailerra: IC.
Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikazak epaimahaikideek azaldu dutenez, “zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini duelako” erabaki dute Serendipiari jaialdiko sari nagusia ematea:
Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria. “Pelikula ariketa formal on bat da bere osotasunean”, baloratu dute.

Amancay Gaztañaga eta Joseba Usabiaga dira film laburreko aktoreak, eta lantaldea osatzen dute Silvia Rey gidoian, Esteban Ramos argazki zuzendaritzan, Loreto Agirre produkzio zuzendaritzan, Leire Orella jantzien diseinuan, Jone Gabarain makillaje eta ile-apainketan, Inge Mendioroz muntaian eta Maite Arroitajauregi (Mursego) musika konposizioan.
Limbus Filmen ekoizpen hau, Zineuskadiren Itxitik deialdiari esker aurerra atera da, EITB eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Donostiako CIC nanogune eta Zumarragako Antio Interpretazio Zentroan filmatu zen 2020ko abenduan.
“Serendipia ezusteko aurkikuntza bat da. Filmean, puntako euskal birologo bat, laborategi batean koronabirusaren txertoaren ikerketan murgilduko da konfinamenduaren egunetan”.
Berau ikus-entzuteko datorren aukera Durangoko Azokan izango da. Bertan aurkeztuko du Iban del Campok abenduaren 4an, larunbatean, eguerdiko 13:00etan Irudienean. Zorionak Iban eta lantalde osoa!