Arrasateko Haur Kontseiluak jolas hau sortzeko ideia izan zuen, elkarbizitza garatzeko. Halaber, Itsaso Pagoaga jolasetan adituak eta Helena Azkarragaurizar ilustratzaileak haurren ideia garatu dute, eta Udalak, besteak beste, jolasa haurren artean testeatu du.
Bideoa: Udala – Itsaso Pagoaga.
‘Sekuoia!’ mahai-jolasaren aurkezpena egin da gaur goizean Kulturateko Haur Liburutegian, eta ekitaldian parte hartu dute [ezkerretik hasita]:
- Blanka Jauregi Cambra, Udaleko Gazteria Saileko arduradun teknikoa
- Gladys Fernandez Urizar, Gazteriako zinegotzia
- Itsaso Pagoaga Zaloña, jolasaren garatzailea
- Uxue Jauregi Aranbarri, Udaleko Haur Kontseiluko ordezkaria
Gazteria zinegotziak azaldu du mahai-jolasa “Arrasateko Haur Kontseiluko ideia batetik datorrela, eta Kontseilu honen ikasturtea hasi dela”.
Hala, atzo bigarren saioa egin zuten, eta bertan, haurren ordezkariekin batera, Maider Morras Azpiazu alkateak eta Gladysek berak parte hartu zuten.
Zinegotziak aipatu du astelehenean Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zela, eta ildo honetan, “Haur Kontseiluaren helburuetako bat da haurrei hitza ematea, eurak entzutea eta euren proposamenak jasotzea”.
Haur Kontseiluko ordezkariak gehitu du udal-organo honek ikasturteroko prozesu baten bidez egiten duela lan. “Ikasturtean zehar 9 saio egiten ditugu”.
“Lehenengo elkar ezagutzen hasten gara, konfiantzazko eta errespetuzko espazio bat eraikitzen”. Ondoren, “alkatea eta udal-taldea ezagutzen ditugu, Udalak lantzen dituen gaiak ulertzeko, eta ondoren gai ezberdinak esploratzen ditugu”.
“Haurrek gai horietatik bat edo bi aukeratzen dute/dituzte, eta lanketa egiten dugu. Proposamen bat garatzen dugu eta ikasturtearen amaieran udal-taldeari aurkezten zaio”.
Mahai-jolasaren ideia zehazki “2020/21 ikasturtean jaio zen, pandemiaren garaian zaintzaren gaia orokorrean gizartean pil-pilean zegoenean”.
“Kontseiluko haurrek ere gura izan zuten harreman positiboen garrantzia mahai gainean jarri, eta elkarbizitzaren gaia aukeratu zuten. Hala sortu zen mahai-jolasa sortzeko nahia”.
“Prozesuan haurrak kalera irten ziren, herrikideek zaintzaren inguruan zituzten iritziak jasotzeko, eta ondoren iritzi horiek ere jolasean barneratzeko”.
“Haurrek mahai-jolaseko erronkak, ezaugarri nagusiak, arauak, ezaugarriak, pertsonaiak,… aukeratu zituzten, elkarbizitzaren arauak jolas batean txertatzeko”.
Ondoren, Arrasateko Udalak jolasaren “enbrioi edo hazi hori haurren artean testeatu genuen Udalako Ingurumen Eskolan – Gazteria teknikaria azaldu duenez – , eta ikusi genuen jatorrizko jolas horrek garapen bat behar zuela, jolasetan aditu batek aztertu behar zuela”.
Horregatik, Udala Itsaso Pagoagarekin harremanetan jarri ziren, aditu honek ideiari “forma eman eta jolasgarri bihurtzeko”.
“Haurrek garbi zeuketan elkarbizitza lantzeko jolas bat izan behar zela – baieztatu du Itsasok – eta ildo honetan jolasaren ideietako bat zen Herria suntsitzeko arriskuan zela, eta elkarbizitza bermatu behar zela”.
Distopia horretan haurrek “rol ezberdinak irudikatu zituzten, herritarrenak eta alkatearena esaterako”. “Herria suntsitzear da eta herritarrek herriaren etorkizuna bermatu behar dute”.
Itsasok haurren ideia horiek jaso zituen, eta “forma eman diet eta garatu ditut urte honetan”. Lan horretan, eta ideiari irudia ematean, “Helena Azkarragaurizarrekin eskuz esku aritu gara, prozesu osoan, baita udal-ordezkariekin ere, prozesuko zalantzak, erabakiak,… aztertzen. Hau da, elkarlanean egindako mahai-jolasa da”.
Prozesu horretan bigarren testeo bat ere egin da: “Alde batetik, Haur Kontseiluko kideek probatu dute, Arrasateko gaztetxokoetako eta ludoteketako hezitzaileek eta gure inguruko haurrek”.
“Probaldi horiei esker, jolasa doitu eta findu dugu, funtzionala eta jolasgarria izan dadin, eta jaso dugun ‘feed-back’aren arabera, haurrei gustatu zaie. Hori garrantzitsua da”.
Emaitza “mahai-jolas kooperatibo bat da, 8 urtetik gorako umeendako, eta gutxienez 5 jokalarik parte har dezakete, gehienez 13k”.
Tableroko jolas honetan “sekuoia, Murumendiko dragoia, Portaloia, kiroldegia, ospitalea, Kulturate,… bezalako ikur esanguratsuak daude”. Halaber, hemen duzue jolasaren funtzionamenduaren azalpena:
Jolasaren 30 ale fisiko banatu dira “ikastetxe, gaztetxoko, ludoteka eta beste udal-zerbitzu batzuetan, eta bertsio digitala Udal-webgunean eskuragai dago“.
Bertsio digitalaren xedeetako bat da “ahalik eta herritar gehienengana iristea. Norberak, jolasa deskargatu ostean, eta ‘Zuk zeuk egin’ filosofiarekin” jolasa gara dezake.
Jolasa deskargatu ondoren, berau inprimatu daiteke, eta ostean berarekin jolasteko edota hausnartzeko aukera dago, opor sasoian nahiz beste sasoi batzuetan.




