“Gida hau gizakiarentzat onuragarria den saguzarraren ingurukoa da”

1
1080

Naturtzaindiak plazaratu berri du Euskal Herriko 27 saguzar espezieen inguruko liburuxka. Kontuan hartzekoa da “saguzarrek intsektu plagak galarazten dituztela, adibidez gaixotasun hilkorrak kutsa ditzakeen eltxoen plagak”.

Naturtzaindia 2011 urtean sortu zenetik, lagun batzuek saguzarrak ikertzeari ekin zioten, eta horren inguruko jakintza Gipuzkoan zehar zabaltzeari.

Ikerketa hauek “Debagoiena mailan hasi ziren, bertako saguzarren inbentario batekin, eta herri ezberdinetan ikerketa ezberdinak garatu dituzte”, Naturtzaindiako Naiara Corcuera arrasatearrak azaldu bezala.

Gainera, ikerketetan lortutako “datuak jendarteari eskaintzen” ibili dira, azpimarratuz “saguzarren garrantzia, aniztasuna, nola lagundu,… Guk ere bide honetan gauza asko ikasi ditugu”.

Horri esker, “saguzarren inguruko ibilbideak sortu ditugu, erakusketa bat egin dugu, orain bi urte Arrasateko Udalaren laguntzarekin aurkezpen bat egin genuen, eta aurten liburuxka hau plazaratu dugu”.

Horrela, gaur arratsaldean berau aurkeztu dute Kulturateko areto nagusian, eta hitzaldi baterako parada ere izan da, hainbat naturzale elkartuz.

Gida hau baliagarria da, besteak beste, “gure ekintzetan parte-hartzaileei erakusteko, alor honetako informazioa kontsultatzeko,… Gainera, esparru honetako Euskal Herriko lehen gida da”.

Liburuxka ikusgarria da, irudi ugari dituena, eta datu zehatzak eskaintzen ditu. “Espero dugu zuen gustukoa izatea”. Aurkezpenean ere ‘Saguzarrak, gure bizilagunik onenak’ ikus-entzunezkoa pantailaratu da:

Gidaren helburua izan da ere “orain arte saguzarren inguruan lortutako informazio guztiarekin, bai EHUk bai beste erakundeek bai Naturtzaindiak lortutakoarekin, mapa bat osatzea”.

Liburuxkak azaltzen du “27 espezie ezberdin ditugula, nahiz eta jendeak orokorrean uste espezie bakarra dugula. Gainera, bata bestearengandik oso ezberdinak dira”.

Azpimarratzekoa da ere saguzarrek duten garrantzia, “adibidez, intsektuen plagak galarazten dituzte nekazaritzan, baita gure urbanoetan ere eltxoen gainpopulazioa ere”.

“Kontuan hartu eltxoek gizakioi 6-8 gaixotasun hilkor kutsa ahal ditzakegula. Areago aldaketa klimatikoarekin, zika esaterako. Baina gizakiok tematzen gara saguzarra kaltetzen dituen jarduerak gauzatzen”.

Naturtzaindiako lagunek ere ohartarazi dute “errota eolikoek urtean 1-2-3 milioi saguzar inguru hiltzen dituztela espainiar estatuan, ikerketa baten kalkuluen arabera. Kontuan hartu behar da ikerketa hori errota eolikoen egungo ‘boom’aren aurretik egin zela”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen