Lesakako Giltzarri abesbatzak kontzertua eman du Txorbelak gonbidatuta

0
305

Arrasateko Txorbela Otxoteak antolatuta, Lesakako Giltzarri abesbatzak kontzertua eman zuen atzo. Izan ere, arrasatearrek Lesakan ekainean abestu ostean, lesakarrek atzo bisita itzuli zieten.

Bortziri inguruko abesbatzak atzo arratsaldean San Frantzisko elizara bertaratu ziren pertsonei ondoko kantuak eskaini zizkien:

  • O Vos Omnes (A. Soler)
  • O Rex Gloriae (Josu Elberdin)
  • Ave Maria (Francisco Ibañez)
  • Mariam Matrem (Michael McGlynn)
  • O Salutaris Hostia (Pierre de la Rue)
  • Zerupeko Izar (Eva Ugalde)
  • Xirmi Xarma (Eva Ugalde)
  • Una Pena Nuevamente (Carlos Guastavino)
  • Izar Ederrak (Josu Elberdin)
  • Kristalez Inguratuta (Eva Ugalde)
  • Lela (Julio Dominguez)
  • Iaute Iaute (Josu Elberdin)

Giltzarri Abesbatza 1996an musika koralaz gozatu eta ezagutzera emateko sortu zen. Isabel Lácar Abril lesakarra izan da koroaren antolatzaile eta zuzendaria hasieratik. Lehen urteetan Bortzirietako jende gaztez osatu bazen ere, gaur egun Abesbatzak 40 bat abeslari biltzen ditu, Baztan-Bidasoa eta Ipar Euskal Herrikoak.

Giltzarrik musika mota zabal bat landu du, musika antigua ezagutzen denetik, gaur egungo konposizioetaraino, tartean berarentzat propio sortutako obraren bat, euskal musika, nahiz amerikarra edota europarra kontuan hartuta.

Azken urteetan Giltzarriren helburuetariko bat, gaur egungo konpositoreen lana ezagutzera ematea izan da, bere betiko errepertorioa alde batera utzi gabe. Gainera, kontzertuak oraindik bereziago egiteko asmoz, musikari desberdinen laguntza izaten du bere lan batzuetarako. Horrela, ohiko pianoaz gain, organoaren soinuak, saxofoi, klarinete, flauta edo tronpeten soinuak, nahiz ahots bakarlariak entzun ahal dira ekitaldietan.

Musika heziketa oso garrantzitsua da, hortaz, Giltzarrik ahots teknika ikastaroak, baita 2 urtetik behin Kantu Idekien zikloak antolatzen ditu, bertara izen ona duten zuzendariak gonbidatuz eta parte hartu nahi duen guzientzat deialdiak zabalduz.

Bere jarduerei dagokienez, Giltzarri Abesbatzak kontzertu anitz antolatu ditu, beti musika koralarekiko maitasuna zabaltzeko asmoz. Hiru dira urteko ekitaldi nagusiak. Bortzirietako kontzertuan, ekitaldi bat eskaintzen da bortz herrietako batetan urtean behin. Bigarrena, Lesakan antolatzen den Abesbatzen Topaketa da. Saio honetan hiru koro desberdin biltzen dire. Kontzertu hauek, lan haundiz sortzen dittu Giltzarrik leku eta era desberdinetako taldeak ekartzeko. Azkenik, baino ez horregatik garrantzi txikiagokoa, Haurren Topaketa. Ekitaldi hau, oso berezia da eta bi helburu nagusi ditu: musika korala haurren artean sustatu eta abesbatzaren etorkizuna ziurtatzea. Antolakuntza Bortzirietako eskola guztien laguntzarekin egiten da.

Ekitaldi guzti hauez gain, Giltzarrik kontzertuak eta bertze abesbatzekin trukeak antolatzen ditu, bai Lesakan, Nafarroa eta Euskal Erkidegoko leku ezberdinetan, hala nola Gaztela Leonen edo Asturies eta Katalunian, baita Europako hainbat lekuetan ere, Austria edo frantziar Estatuan esaterako. Atzo Arrasateko Txorbelarekin elkartrukea osotu zuen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen