Gerrako 34 ume arrasatearri omenaldia egin diete gaur Kulturaten [bideoak eta argazki galeria]

0
1529

Elgetako Udalak eta Intxorta Kultur elkarteak duela urtebete aurkeztu zuten 2020ko apirilean Debagoieneko gerrako haurrei omenaldia egiteko asmoa. Covid 19ak, ordea, data hori urrira atzeratzera behar izan zuten. Baina orduan ere ez zen posible izan. Azkenik, gaur, Kulturateko ‘klaustroan’, Arrasateko gerrako 34 ume omendu dituzte.

Azken bideoa: Intxorta 1937.

Intxorta 1937k antolatutako ekitaldian, omendutako umeez eta haien familiez gain, Arrasateko Udaleko ordezkaritza bat ere izan da. Arrasateko alkatea Maria Ubarretxenak ireki du ekitaldia, gerrako umeei omenaldia eginez. Jarraian, Juan Ramon Garaik eta Julia Mongek testu hau irakurri dute:

“Arrasateko gerrako haurrei, zuei, omenaldi xume bat baina bihotzez egiteko gaude hemen. Debagoieneko, gaur egun, bizirik zaudeten gerrako ume guztiekin batera egitea izan zen gure desioa, baina denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik ezinezkoa izan da, eta gehiago ez atzeratzea erabaki dugu”.

“Arratsaldeon guztioi, asko eskertzen dizuegu zuen presentzia. Badakizue ekitaldi txiki baina hunkigarri honen arrazoia gerrako haur izan zineten pertsona guztiei omenaldia egitea dela”.

“Bigarren Errepublikaren aurkako kolpe militarrak zuen etxeak eta herriak uztera behartzen zaituztet, gerraren parte zuzena izan gabe, ondorio guztiak bizi behar izatera. Zure haurtzaroa hondatu egin zen ulertzeko gai ez zineten gerra baten izuaren ondorioz. Oinez, trenetan edo itsasontzien sotoetan, atzerrira joan zinen, egun haietan imajinatu ezin zen lekua, askotan bonbardaketen edo ontzi faxisten artean, zelatan”.

“Askotan amatxoak, amamak, izebak izan ziren zuen eskuak estutu eta zuen beldurra, zuen negarra baretu zutenak. Haiek ere hemen daude, gurekin. Justiziazkoa da gogoratzea, gehienak isilean joan zirelako, inolako aitortzarik gabe. Ez zineten gutxi izan han jaio zinetenak, eta baita hil zirenak ere. Eta itzuleran, zenbat errepresio eta miseria!, hildako aita-amak, kartzeletan edo auzolandegietan, etxe hustuak, irabazleen isekak, baina hainbeste zoritxarren aurrean zutik eutsi zenioten”.

Jarraian, bidean gelditu direnak gogoratzeko minutu bateko isiltasuna gorde da. Eskaini dieten ohorezko aurreskuaren ondoren, omenaldian parte hartu duten gerrako haur guztiek Iñigo Arregiren Egiaren Iturri bana jaso dute.

Gerrako 34 ume arrasatear ondokoak dira:

  1. Abarrategui Mendizabal, Nieves 
  2. Abarrategui Mendizabal, Jose Luis 
  3. Arsuaga Menchaca, Margarita  
  4. Ayesa Mondragon, José Luis 
  5. Arambarri Riviere, Antxón 
  6. Azula San Miguel, María Teresa 
  7. Balzategi Olazagoitia, Angel 
  8. Balzategi Olazagoitia, Maria Ángeles 
  9. Bolinaga Garay, Mercedez 
  10. Etxabe Zubizarreta, Luzia 
  11. García Andrés Encarna 
  12. García Vermande, Paquita 
  13. García Cacho, Luisa
  14. García Cacho, Santiago
  15. González Pinto, Pedro 
  16. González Monje, Cristina 
  17. Jauregui Iza, Montse 
  18. Langarán Rodríguez, Eugeni 
  19. López Díez, José 
  20. López Díez, Luis 
  21. Moreno Leibar, Imanol 
  22. Muxika Arrieta, Josemari
  23. Oroiz García, Felisa 
  24. Riviere Andrés, José 
  25. Martínez de Ubago Ruiz de la Cuesta, Carmen 
  26. Uranga Mandaluniz, Juana 
  27. Uranga Mandaluniz, Beatriz  
  28. Ugarte Eguiluz, Juan Manuel 
  29. Ugalde Ariznabarreta, Edurne 
  30. Uriarte Lasagabaster, Roberto 
  31. Ugarte Zubialdea, Josefa 
  32. Vega Galdos, Pedro 
  33. Vitoria Berecibar, Olga 
  34. Zabaleta Ortubai, Tere 

Luisa eta Santiago Garcia Cachoren kasuan, ezin izan dute omenaldira joan, Iturbideko egoitzan baitaude, eta ez dute instalazioetatik irteteko baimenik lortu. Hori dela eta, Arrasateko Udaleko eta Intxorta 1937ko ordezkari batzuk Iturbidera joan dira Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria beraiei emateko.

Gaur arratsaldekoa ez da asteburu honetan egingo den omenaldi bakarra. Gaur goizean, Bergaran, gerrako beste 9 haur omendu dituzte. Bihar, Aretxabaletako (5), Oñatiko (4) eta Elgetako gerrako umeak izango dira omenduak. Elgetako omenaldian, Elgeta eta Antzuolako gerrako haurren ondorengoak batera omenduko dituzte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen