Psikologo sare herritarrak azaltzen du, konfinamenduan denborak aurrera egin ahala, eta “izaki sozialak garen aldetik, isolamenduak ondoeza emozionala eragin dezakeela pertsonengan “. Psikologoek gomendio batzuk luzatzen dizkiete herritarrei, egoerari aurre egiten laguntzeko.
Irudiak: Sare Herritarra.
– Elkarbizitza arazoak areagotu dira, bai etxe bereko pertsonen artean, baita bizilagunen artean ere. Zer aholkatzen duzue arazook konpontzeko?
– Eguneroko bizitzan ematen den edozein egoera berriren edo ezusteko aldaketen aurrean, eta aurretiazko esperientziarik izan ez badugu, ohikoa izaten da ziurgabetasuna, kontrolik eza edota tentsioa sentitzea. COVID19ak eragindako konfinamendu egoeraren aurrean ere, hainbat zailtasun azaldu daitezke etxeetako zein auzoetako elkarbizitzan eta pertsona bakoitzak horiek kudeatzeko dituen baliabideak eta egokitzapenerako gaitasuna ezberdinak izango dira.
Edonola ere, elkarbizitza arazoetarako lagungarria izango da ikuspegi aldaketa egitea, egoera baikortasunez hartzea eta jabetzea gizartearen ongizaterako herritar guztiok egiten ari garen ekarpena dela. Gainera, aukera paregabea izan daiteke bizilagunekin, etxekoekin eta geure buruekin harremanak sendotzeko eta elkartasunez ondoan daukagunari laguntzeko.
– Zein dira herritarrek telefonoz azaltzen dizkizueten arazo, ondoeza,… ohikoenak? Zer egin horien aurrean?
– Laguntza-eskaera ezberdinak jaso ditugu. Aurreikusten dugu denbora aurrera joan ahala laguntza-eskaerek gora egingo dutela eta eskaera horien arrazoiak ere aldakorrak izango direla. Hasiera batean, COVID19ak eragindako egoera berriarekiko beldurra, antsietatea… edota etxeetako elkarbizitzan askotariko zailtasunak izan dira laguntza-eskaera arrazoi nagusiak. Egunak aurrera, eta izaki sozialak garen aldetik, isolamendu egoerak eragindako ondoeza emozionala ere arrazoi nagusietako bat izan da. Bestetik, COVID19agatik kaltetutako herritar eta familiak ere laguntza beharra izan dezakete gaixotasunari, doluari… aurre egiteko.
Edozein kasutan, konfinamendua ahalik eta modu osasuntsuenean eramateko, garrantzitsua deritzogu kontuan izatea ondorengo gomendioak:
- Gehiegizko informazioa saihestea eta jasotako informazioa iturri fidagarrietatik datorrela bermatzea. COVID-19 gaiaren inguruan egunean behin jakitea nahikoa litzateke.
- Eguna egituratuta izateak lagunduko digu oreka mantentzen. Alegia, ordutegi, errutina eta ohitura batzuk ezartzeak eta horiei egunero-egunero eusteak.
- Momentuak bermatzea nor bere buruarekin bakarka egoteko, auto-zaintzarako eta teknika lasaigarriak praktikatzeko (arnasketak, erlaxazioa, yoga, meditazioa…).
Gainera, beldurrak, antsietateak edo tristurak eragindako pentsamendu ezkorrak indargabetzeko lagunduko digu. - Etxean ere, nahiz eta espazio aukerak mugatuak izan, beharrezkoa da ariketa fisikoa egitea; haurrek, gazteek zein helduek. Tentsioa, urduritasuna, loarekin arazoak… baditugu, are mesedegarriagoa izango da.
- Harreman sozialak mantentzea: telefono deiak, bideokonferentziak, mezuak… eta ohi ez bezala, etxekoekin kalitatezko denbora elkarbanatzeko aprobetxatzea.
- Gure sormenari aukera ematea eta denbora aprobetxatzea aberasgarriagoa izan dadin: ohikoak ez ditugun jarduerak, normalean egiteko denborarik izaten ez ditugun gauzak edo aspalditik egiteke ditugunak eginez.
– Eskaintzen duzuen zerbitzua doakoa eta profesionala da, ezta?
– Psikologo sare herritarra osatzen dugu Arrasateko eta bailarako beste herri batzuetako psikologo bolondresek. Psikologiaren arlo ezberdinetan adituak gara, laguntza-eskaera ezberdinak erantzuteko prest gaude eta azpimarratu nahi dugu profesionaltasunez eta konfidentzialtasun osoz eskaintzen dugula zerbitzua. Doako laguntza psikologikoa eskaintzen dugu uste dugulako herritar guztioi dagokigula gure alea jartzea eta elkar zaintzea osasun-krisi egoera honetan. Gainera, badakigu elkartasunez, modu antolatuan eta saretuta lan egiten badugu gure ekarpena eraginkorragoa izango dela.
– Zerbait gehitu nahi izanez gero, aurrera, zuena da hitza:
– COVID19ak eragindako egoeraren aurrean, psikologo batzuk elkartu ginen egoera honek eragingo zituen herritarren beharrei erantzuna eman ahal izateko. Horrela, telefono bidezko arreta psikologikoaren zerbitzua antolatzen hasi ginen. Aurreikusten genuen, konfinamenduan denbora pasa ahala, pertsonen egoera emozionalak gainezka egiteko aukerak handiak izango zirela eta, era berean, indarkeria kasuak ere areagotzeko arriskua egongo zela. Arrasateko zaintza sare herritarraren ekimena martxan zegoenez, sarearekin bat egitea erabaki genuen, arduraz, auzolanean eta elkartasunez herritarren laguntza-eskaerei erantzuna emateko.
Lehenengo astean psikologo-sarea osatu eta antolatu genuen eta zerbitzuari egitura eman genion (ordutegia, lan-taldeak, dokumentuak eta protokoloak prestatu, e.a.). Martxoaren 23an zerbitzua martxan jarri genuen. Funtzionamenduari dagokionez, laguntza psikologikoa eskaintzeko, lan-txandetan antolatzen gara eta txanda bakoitzean hiru psikologo gaude: bata deiak kudeatzen eta beste biak telefono bidez arreta psikologikoa eskaintzen. Zerbitzuak harrera oso ona izan duela esan dezakegu, laguntza-eskaerak bailarako herri ezberdinetatik jaso ditugu eta eskatzaileak eskertuta azaltzen dira.
PSIKOLOGIA-LAGUNTZA TELEFONIKOA (doakoa):
- Konfinamenduan ezin baduzu bakardadea edo ondoeza emozionala jasan,
deituiguzu eta laguntza psikologikoa eskainiko dizugu. - Konfinamenduan indarkeria jasaten ari bazara, deituiguzu eta orientazioa
eta laguntza psikologikoa eskainiko dizugu. - Bizilagunen etxean indarkeria egoeraren bat ematen ari dela susmatzen
baduzu, EZ ISILDU, deituiguzu eta kudeatuko dugu.
HERRITARRON LAGUNTZA ETA KONPROMISOA BEHARREZKOAK DIRA.
