Europako talde onena, Trudy Lynn, km0 taldeak,… ariko dira Arrasate Bluesen

0
791

Europako bluesaren ‘Eurovision’ aurten irabazi duen taldeak irekiko du jaialdia: Noa & The Hell Drinkers. Gainera, Grammyetarako bitan izendatutako Trudy Lynn ere arituko da. Afrikak euskaraz abestuko du, bertako taldeak izango dira (Erromintxelak adibidez),…

Arrasate Bluesek gaur arratsaldean bosgarren edizioaren aurkezpena egin du Herriko plazan. Ekitaldian ondoko ordezkariak aritu dira:

Jon Apraiz Antolakuntzako ordezkaria, Noa Egiguren abeslaria (Noa & The Hell Drinkers) eta Maider Morras Azpiazu alkatea.

Jaialdia uztailaren 13an hasiko da (osteguna) eta uztailaren 16an bukatuko da, “talentuaren edizioa” izango delarik.

Jon Apraiz Antolakuntzako ordezkariak eskerrak eman ditu eta Noa & The Hell Drinkers zoriondu ditu, duela gutxi European Blues Challenge irabazi baitute.

Nazioarteko talde honek irekiko du Arrasate Blues eta “guretzat itzelezko poza da”. Jaialdiaren 5. edizioa izango da eta “gero eta indar handiagoa dauka, gero eta talde handiagoak datoz, eta gainera aurten Europako Blues Txapelketa irabazitako bi talde ditugu”:

Goian aipatutako talde donostiarra eta Ther Travellin’ Brothers talde bilbotarra. Gainera, afro-amerikar jatorriko Trudy Lynn ere arituko da, “Grammy-etarako bi izendapen dauzkanak”.

Hortaz gain, “9 disko dauzka eta Blues Music Award-erako 12 izendapen”. Trudy Lynn Travellin’ Brothers-ekin batera ariko da uztailaren 15ean, 22:30ean, Herriko plazan.

Gainera, “beti bezala, herriko musikariei garrantzia ematen diegu, eta ordezkari mordoxka ditugu: Erromintxelak taldean, The Spolen Girls taldean, Blues Days taldean, Monica Duran,…”.

Hortaz gain, “beti bezala, euskaraz abesten duen talde bat behintzat izaten dugu, eta aurten Afrika arituko da, ostiral gauean. Emakumeei garrantzia ematen diegu, eta aurten ere horrela egin dugu”.

“Oso pozik gaude lortutako kartelerarekin, eta gainera sorpresei dagokienez, urtero banatzen dugun sariaren harira, aurten urrezko pin bat banatuko dugu, eta saridunak Noa & The Hell Drinkers izango dira”. Denera, 12 kontzertu izango dira han eta hemen:

  • Uztailak 13 (osteguna), 19:00etan: Noa & the Hell Drinkers, Herriko Plazan.
  • Uztailak 14 (ostirala) 19:00etan: The Fake Cousins, Euskal Herria plazan (1990 Gastroteka).
  • Uztailak 14 (ostirala) 20:30ean: Bluedays, Taupa tabernako terrazan.
  • Uztailak 14 (ostirala) 22:30ean: Afrika Bibang, Irati tabernako terrazan.
  • Uztailak 14 (ostirala) 24:00ean: Jam sessiona, Erromintxelak, Aterpe tabernan.
  • Uztailak 15 (larunbata) 13:00etan: M&A Swing Machine, Ezkiña tabernan, Arbolapetan.
  • Uztailak 15 (larunbata) 19:00etan: SlideBoy Vegas, Monte tabernako terrazan.
  • Uztailak 15 (larunbata) 20:30ean: The soul for Real band, Herriko Plazan.
  • Uztailak 15 (larunbata) 22:30ean: Trudy Lynn + Feat Steve Krase & Travellin’ Brothers, Herriko Plazan.
  • Uztailak 15 (larunbata) 24:00etan: Jam sessiona, The Fake Cousins, Aterpe tabernan.
  • Uztailak 16 (igandea) 13:00etan, Monica Duran, Ezkiña tabernan, Arbolapetan.
  • Uztailak 16 (igandea) 19:00etan, The Spolem Girls, Buenuena tabernan, Jokin Zaitegi plazan.

Noak pozik hartu du ezustekoa eta Antolakuntzako Jon Apraizek iragarri du “pinaren banaketa ostegun horretan bertan izango dela, oholtza gainean”. Azpimarratzekoa da urrezko pina Arrasateko Oskar Vitoria bitxitegiak egin duela.

Jaialdi hau antolatzeak “urte osoan lan egitea suposatzen du. Adibidez igandean Tolosan izan nintzen eta akordioak lortzeko ahaleginetan aritu nintzen 2024ko jaialdira begira”.

Gainera, Arrasate Bluesek “musikariak asko zaintzen ditugu, eta horrek ere lan asko ematen du. Kontuan hartu behar da taldeetan gutxienez euskal musikari bat aritzea, asko mugatzen duela”.

Adibidez “Truddy Lyn Travelling Brothers-en bitartez ekartzea eta dena antolatzeak ordu asko suposatzen du. Baina gauzak ilusioz egiteak, gero eta talde gehiago interesa azaltzen dutela ikusteak,… pozten gaituzte”.

2024kora begira Antolakuntzak aurreratu ahal izan du “atzerriko artista bat ekartzea erdi lotuta daukagu, euskal banda batekin aritzekoa dena. Horretan gabiltza”.

Noak azpimarratu du bere taldearentzat “Arrasate Blues beti izan dela garrantzitsua: Hasieratik babestu gaitu, duela bi urte aritu ginen hemen lehen aldiz, eta jaialdiak beti bertako blues taldeak babesten ditu, sorpresekin”.

“Hemen beti oso pozik sentitu gara, eta ni urtero etortzen naiz abestera edota ikus-entzutera. Jendea gonbidatzen dut jaialdira etortzera, egunero kontzertu harrigarriak izango dira, musikari berriei tokia egiten,…”.

Arrasate Blueseko Antolakuntzak Noa & The Hell Drinkers-ekin hitzarmena lortu zuen Europako Txapelketa irabazi baino lehen. “Jonek esan zigun Arrasate Bluesen izateak Europako Lehiaketara begira zortea emango zigula, eta bete-betean asmatu zuen”.

Gainera, kontinente mailako txapelketa irabazi ostean, talde honen lehenbiziko kontzertua izango da Arrasatekoa. “Ni egunero etorriko naiz”.

Maider Morras alkateak eskerrak eman ditu eta adierazi du Arrasate Bluesek “herri honi izugarrizko poztasuna ematen dion jaialdia dela, eta gure egiten ari garena”.

Alkateak aurreikusi du “jaialdi bikaina izango dela, beti bezala, izugarrizko eta paregabeko giro batekin”.

Bestalde, azpimarratzekoa da jaialdian Arrasateko 10 tabernak parte hartuko dutela. “Batzuk Ibai-Artekoak dira eta beste batzuk ez, gure ekimenak beti zabalik daudelako, baita Merkemerkauari dagokionez ere”.

Taberna hauekin “mapa polit bat egin dugu, kanpotik datorren jendearentzat lagungarri izan dadin, Arrasatetik ibil daitezen. Eskuorri bezala ere eskura izango da tabernetan”. Ondoko 10 tabernek parte hartuko dute:

  • Irati
  • Ezkiña
  • Kajoi
  • Nahi
  • Itzala
  • Taupa
  • Aterpe
  • Monte
  • 1990
  • Buenuena

Aurkezpeneko hitzartzeen ostean, Noa & The Hell Drinkersek0 hiru taldekidek bi abesti plazaratu dituzte, bertaratutakoen txaloak jasoz.

arrasateblues.com

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen