Landaredia lehengoratu eta 80 bat zuhaitz eta zuhaixka berri landatu dira. Txukun Lorazantza arduratu da gunea berreskuratzeaz Udalak hartara kontratatua. Gainera, 416 metroko bide naturalak sortu dituzte. Gaur jendaurreko aurkezpena izan da.

Udalak azaldu izan du Etxezarreta parke botanikoa Deba ibaiaren meandro batean dagoela kokatuta, XIX. mendeko lorategi baten aztarnak gordez.

Gune natural honek sekuoiak, zedroak eta haginak dauzka, beste espezie batzuen artean. Egitasmoak ondare hori berreskuratu eta herritarren eskura jarri du.

Horretarako, Udalak 114.407 euroko aurrekontua baliatu du eta Txukun Lorazantza S.L. enpresak egin ditu lanak. Landaredia lehengoratu da eta 80 bat zuhaitz eta zuhaixka berri landatu dira.

Gainera, 416 metroko bide natural berriak sortu dituzte eta egurrezko eserleku berriak jarri dituzte. Parke berritua jendarteari aurkezteko, gaur goiz eta eguerdian ekitaldiak egin dira.

Goizean Arruenatik Etxezarretarako familia-ibilaldia eraman da aurrera, eta ondoren bisita gidatu historiko zein botanikoa egin da.

Haurrentzako jolasak izan dira Txatxilipurdirekin batera, eta eguerdian Arrasate Musikaleko Konboak kontzertua eman du.








