Bibote onenaren txapelketa, Amaia Antzokiko kontzertuak, Arkaitz Carracedoren hitzaldiak, Merchandising-a eta Rifak izango dira Mondravemberren
Duela 10 urte hasi ziren, gizonezkoen osasunaren alderko ‘Movember’ mugimenduaren baitan, Mondravember ospatzen, kausa horretarako dirua biltzen duen ekimena. Horregatik aurtengoan antolatzaileek aurreko urteetan egindakoa hobetzeko asmoarekin egin dute lan.
King’s ileapaindegian 10. urteaurren honetako nondik norako batzuk ezagutu ditugu, bertako langileek antolatzaileetako baten bibotea azarorako prest utzi duten bitartean. King’s, Mondravemberreko ohiko laguntzailea da eta antolakuntzatik esker ona adierazteko modu bat ere izan da gaurkoa.



Ekitaldi honetan, aurrekoetan baino erakunde gehiago batu dira Mondravemberren kausara eta horregatik, hilabete osorako egitarau ederra proposatuko dute antolatzaileek. Azaroaren 23ko bibote txapelketa izango da ekimen esanguratsuena. Bertan, hilabetean zehar bibotea utzi duten herritarrek parte hartzeko aukera izango dute eta bibote onenak, saria izango du.
Beste ekitaldi nagusia, azaroaren 16an, Amaia Antzokian hainbat abeslari ezagunek oholtza partekatuz egingo duten kontzertua izango da. Momentuz, Mikel Urdangarin, Jon Maia, Etxepe, Txalaparta, Bertsolariak eta Gorka Etxabe (aurkezlea) dituzte lotuta baina artista gehiago egongo direla ere adierazi dute. Gainera SUDC-en eskutik Lunch-a ere izango da egun horretan.



Bestetik, Arkaitz Carracedo, CIC Biogune Zamudioko Laborategiko ikerlariak hainbat hitzaldi eskainiko ditu herrian, minbiziari buruzkoak.
Ohiko merchandising eta rifak ere salduko dira kausarako dirua biltzeko. Oraindik urrian zehar lotzeko hainbat kontu dituzte antolatzaileek, bitartean, gaurtik hasita, jendea azaroko ekimenean parte hartzera eta bibotea uztera animatu nahi izan dute.







