Egoitz Villena ‘El Bille’: “Eszenatokira berriro igotzeko proposamena energia txute bat bezalakoa izan da”

0
902

Egoitz Villena, ‘El Bille’k bere lehen kontzertua emango du azaroaren 13an arratsaldeko 19:00etan Ostantz Tabernan, bi urtez eszenatokira igo gabe egon ondoren. Beste artista askok bezala pandemiaren ondorioz ezin izan du bere publikoaren aurrean jo.

Abeslariak berak aitortu digunez, “eszenatokira berriro igotzeko proposamena energia txute bat bezalakoa izan da, ez bainaiz osasuntsu egon denbora honetan.” Iker Alonso gitarra-jotzaile banaezinarekin batera emango duen kontzertuan 25 abesti eskainiko dituzte, horietatik 15 abesti propioak. “Oraindik inork entzun ez dituen 5 kantu berri aurkeztuko ditugu. Los Chichos, Pitingo, El Bicho eta abarretako abestiak ere egingo ditugu.” ‘El Bille ‘k bere estiloari, flamenkoari, eutsiko dio.

Horrez gain, ‘Bille’k pandemiak berarentzat zer suposatu duen azaldu digu. “Entsegurik ezin egitea oso gogorra izan da. Alde batetik, ondo etorri zait, abesti berriak idazteko denbora izan dudalako. Baina, bestalde, abesti batzuk ez dira guztiz onak izan, nire bizipenetan oinarritzen bainaiz abestiak egiteko. Kontzerturik eman ezinik, nik, kantuan pasatzen baitut eguna, oso gogorra izan da.”

Azken kontzertua 2019ko abuztuan eman zuen, Udala auzoko jaietan. “Maiatzaren 22an Elgoibarko ezkontza batean aritu ginen. Baina kanta bat besterik ez zen izan elizan sartzeko.” Pandemia garaian, beste artista batzuek bezala, bere etxetik ere abestu zuen auzokideen entzierroa girotzeko.

Disko berri bat kaleratzeari dagokionez, ekoizle batekin lehen hurbilketak egin dituen arren, oraindik ez dago behin betiko ezer. Orain arte ‘El Bille’k disko bakarra kaleratu du, 2012ko abenduaren 29an Bergarako Tartufo aretoan aurkeztu zena, ‘El Bille, relatos de mi vida’ izenburupean.

Egoitz Villena ‘Bille’ 25 urterekin hasi zen musikaren munduan, “nahiz eta betidanik gustatu zaidan abestea, txikitatik. Gero gitarra jotzen ikasi nahi izan nuen, niretzat jo eta konposatu ahal izateko. Konposatu nuen lehen abestia ‘Sabado’ izan zen.” Harrezkero kontzertu ugari eman ditu, ez bakarrik Arrasaten, baita Espainiako Estatu osoan zehar ere. 2013an Los Chichos taldearen telonero gisa bira egin zuen, eta Manu Tenoriorekin ere aritu da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen