Biteri Plazako farolak LED argiteria sistema jasangarrira aldatuko ditu Udalak

0
211

Guztira 13 argi puntutan burutuko da aldaketa. Inbertsioa 6.549,81 eurokoa izango da eta muntaia-lanak Udal Brigadak burutuko ditu datozen asteetan.

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak Biteri Plazako argiteria eraldatuko du jasangarriago bihurtzeko. Guztira 13 argi puntutan burutuko da aldaketa: baliza motako farolen luminariak LED teknologiara egokituko dira.

Inbertsioa 6.549,81 eurokoa izango da eta muntaia-lanak Udal Brigadak burutuko ditu datozen asteetan.

Argiztapen-sistema berrien instalazioek energia-eraginkortasuna hobetzea dute helburu, lehendik daudenen ordez energia-kontsumo murritzagoa eta ingurumenarekiko begirunea dakarten beste batzuk jarriz, jasangarritasun-ereduan sakonduz.

2016tik 42.164 euro eta ia 470.000 Kwh-eko aurrezpena LED argiteriari esker

Energia Jasangarriaren eta efizientzia energetikoa Hobetzeko Ekintza Planarekin, 2500 luminaria baino gehiago Led teknologiaz aldatzea lortu da azken urteetan, baita kontrol adimenduneko sistema berri bat txertatzea ere lanparetan, haien intentsitatea erregulatzeko aukera ematen duen hargailu batekin, eta kontsumo-datuak denbora errealean eskaintzea. Argiteria publikorako 72 aginte-koadro daude Arrasaten.

2016a eta 2020a alderatuz, azken hau urtarriletik abuztura bitarte, diru aurrezpena 42.164 eurokoa izan da. 2016an 171.388 euroko kostua izan zuen argi-kontsumoak, 2019an 158.528 eurokoa, eta 2020an 129.224 eurokoa.

Kontsumoak 462.569 Kwh egin du behera, 2016ko 1.338.696 Kwh-etik 2020ko 876.127 Kwh-era. 2019an 1.094.026 Kwh kontsumitu ziren.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen