Bi urtez mobilizatzea ospatuko du Arrasateko Pentsionisten Plataformak jendartean

Arrasateko Pentsionisten Plataformak astero mobilizatzen bi urte egingo ditu. Hori ospatzeko txistorra eta tortila prestatuko du datorren astelehenean, Herriko plazan jendartean jateko.

0
1131

Bideoaren egilea: Arrasateko Pentsionisten Plataforma. Pentsio publiko duinak aldarrikatzen bi urte egin ditu Arrasateko Pentsionisten Plataformak. Bide horretan astero bilkurak egin ditu Herriko plazan.

Gaur ere, astelehenero legez, elkarretaratzea egin dute. Datorren asteazkenean (urtarrilak 15) lehen bilkuratik bi urte beteko dira, eta hori ospatzeko, datorren astelehenean (urtarrilak 20) ospakizuna egingo dute:

Txistorra eta patata-tortila pintxoak prestatuko dituzte, eta eguerdiko 12:00etan dastatu ahalko dira Herriko plazan, plataformak antolaturik.

Plataformak berak bigarren urteurrenaren bideo bat egin du, eta ikus-entzunezkoak gogoan ditu hildako plataformaren lagun batzuk, besteak beste, Sagra Lopez eta Rosa Otaduy ‘Katanga’.

Bideoak [pantailaren goialdean ikusgai] ere gogora ekartzen du iaz irabazitako saria, eta Herriko plazako mobilizazioen irudi ugari erakusten ditu.

Gaurko elkarretaratzeak adierazi du estatu mailan, PSOE eta Unidas Podemos-ek “konpromisoa hartu dutela 1.200 euroko LGSera pixkanaka iristeko”. Hala ere, gehitu du “pentsio baxuenei dagokienez, 1.080 eurora iristeaz – edo hurbiltzeaz – ezer aipatzen ez dela”.

Euskadiko Autonomia Erkidegoan, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemosen arteko akordioak ere “ez du jasotzen gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzea, igoera %4ra mugatuz”. Nafarroan ere “ez dira pentsioak 1.080 eurora arte osatu”.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak “bidezko, arrazoizko eta gauzagarriak diren” aldarrikapenak egiten darrai:

  • Pentsio guztiei KPIaren igoera erreala aplikatzea urtero
  • Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea
  • 2011 eta 2013ko pentsioen errefomak indargabetzea
  • Genero-arrakalarekin amaitzea
  • Erretiro aurreratuetan, 40 urte kotizazioa izanda, zigorrik ez izatea
  • Lanbide Arteko Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea
  • 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea
  • %100ko alarguntsa-pentsioa
  • Pentsio-plan pribatuen eta BGAEen zerga-onurak arbuiatzea
  • Mendekotasunaren arretarako sare publiko bat garatzea

Bi urteko mobilizazio etengabeen ostean, mobilizatzen “jarraitzea baino beste erremediorik ez digute uzten”. Bide honetan “urtarrilaren 30ean gure erabateko babesa emango diogu greba orokorrari”.

Arrasateko plataformak adierazi du “berdin diola nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu! Borroka hau irabazi egingo dugu!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen