Beatriz Arzamendiren obra bat estreinatuko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoak

0
713

Arrasateko bibolin-jole eta musikagilearen ‘Sorginen Soinua’ lana interpretatuko du orkestra honek Iruñean, Tafallan eta Madrilen, SGAE Fundazioaren ekimenez.

Argazkia: BAC.

Beatriz Arzamendi Ceciagak (Arrasate, 1961), Juan Arzamendi zuzendari eta maisu zenaren alaba, biolina ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.

Estatu espainiarreko hiriburuan Konposizioko Goi Mailako Irakasle (Ohorezko Aipamena), Orkestrako Zuzendaritza, Abesbatzako Zuzendaritza eta Biolin, Solfeo, Musikaren Teoria, Transposizio eta Laguntzailetza tituluak lortu zituen.

Halaber, Madrilgo Erkidegoko Musika Aholkularitzan lan egin du, 2010ean Canal Antzokietako musika sailean lanean hasi arte. Egun, musika eta dantza edukien koordinatzaile gisa dihardu.

Musikako Emakumeak Elkarteko lehendakariordea izan zen 2010etik 2014ra, eta AC/e (Acción Cultura Española) erakundeko Musikako aholkularia Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programan, 2014an eta 2015ean.

Konpositore gisa, bere katalogoak 100 obra baino gehiago biltzen ditu: orkestra sinfonikorako konposizioak, ganbera-musika, soinu-bandak, musika korala, elektroakustikoa eta orkestrarako eta hainbat ganbera-talderentzako moldaketa anitzak, besteak beste, bere aitak 1977an sortutako Arrasate Musikal Orkestra Sinfonikoarentzat.

5 urte lehenago, bere aitak eta beste zenbait arrasatearrek Arrasate Musikal sortua zuten, Gipuzkoan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan formakuntza gune aitzindaria. Musika-eskola honek 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, Marta Izaguirre zuzendari.

SGAE Fundazioak jakitera eman du estreinaldi argitaragabe berri bati ekingo diola Musika Sortzeko Pizgarrien programaren emaitza gisa:

“Oraingoan hain zuzen ere, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearekin (AEOS) eta Baluarte Fundazioarekin izandako lankidetzari esker, Beatriz Arzamendi bibolin-jole eta musikagile arrasatearraren Sorginen Soinua izeneko lana interpretatuko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoak”.

Hiru hitzordu aurrikusi dira: irailaren 29an Iruñeko Baluarte Auditorioan eta irailaren 30ean Tafallako Kultur Etxean, biak ala biak 19:30etik aurrera.

Bestalde, 2023an, urtarrilaren 19an zehazki, Nafarroako sinfonikoak Auditorio Nazionala delakoan joko du, Madrilgo Erkidegoko Orkestraren (ORCAM) 2022-2023 denboraldiaren baitan.

“Aukera guztietan, Iruñeko taldea Hong Kongen jaiotako Perry So zuzendari gaztearen gidaritzapean arituko da, honek irailaren 1etik aurrera orkestra nafarraren zuzendaritza titular eta artistikoa bere gain hartu duela, hiru urtez”.

Beatrizen entzunaldia Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren 2022-2023 denboraldiko irekiera-kontzertuaren parte izango da:

“Sorginen Gaua izeneko saio landu baten barruan kokatzen da; antzinako garaietara eramaten gaituzten soinu iradokitzaile eta misteriotsuekin osaturiko konposizio sorta bat, alegia, nonbait, sorginen unibertso femenino gaizki ulertuari omenaldia eginez”.

Ildo horretan, “SGAE Fundazioak bultzatutako erabateko estreinaldiarekin batera, Manuel de Fallaren ‘El amor brujo’ (1876-1946) eta Hector Berliozen ‘Sinfonia Fantastikoa’ (1803-1869) entzungo dira ere. Marina Heredia, berriz, ezinbestekoa zaion errepertorioko abeslari edo ‘cantaora’ gisa arituko da”.

Musika Sortzeko Pizagarrien programari dagokionez, “SGAE Fundazioren aldetik garatua, Espainaiko Orkestra Sinfonikoen Elkartearen ezinbesteko laguntzarekin (AEOS), helburua sorkuntza sinfonikoa bultzatzea eta Estatu mailako orkestren errepertorioetan obrak sar daitezen sustatzea da”.

2006 urteaz geroztik ekimen honek enkarguzko “140 obra baino gehiago kaleratu ditu, Espainiako orkestren errepertorioetan sartu direnak hain zuzen ere, eta 750.000 euro baino gehiago bideratu ditu SGAEko bazkideen artean diru-laguntza kontzeptuan”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen