Arrasateko Kontralde taldea: “Aurkezpen kontzertua Gaztetxean emango dugu zapatuan”

0
1829

‘Boli’, Manex, Oxel eta Julenek punk-rock estilo ezberdinak gustuko dituzte. “Hilabete batzuk lokalean entseatzen eman ditugu” eta zapatuan Gaztetxean arituko dira, Arrasateko Rebel Noise eta Iruñeko Sustrai Berriak taldeekin.

Argazkiak: Kontralde.

Zelan sortu zenuten Kontralde taldea?

Mikel Bolinaga: Julen eta biok Bloom taldetik gentozen, proiektu hori bukatu zen baina zerbait gehiago egiteko gogotsu geunden. Galdetu nion ea jarraitzeko prest zegoen, baietz erantzun zidan, eta ondoren Manexekin lokalean elkartzen hasi nintzen. Backyard Babies-en abestiak jotzen hasi ginen. Oxeli galdetu genion ea gurekin abestu nahi zuen, berak baietz erantzun zuen, eta horrela sortu genuen gure taldea.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Oxel Arriaran: ni ahotsa; Mikel Bolinaga gitarrista, Bloomeko gitarrista ohia; Julen Altuna baxu-jolea, Bloomeko baxujole ohia; eta Manex Bakero bateria-jolea, Rebel Noiseko bateria ere badena.

Zein dira zure erreferentziazko taldeak?

Oxel: Gehienbat punk-rocka dugu gustuko, baina punk-rokaren baitan alor ezberdinak dauden heinean, taldekide bakoitzak bere gustuak ditu, adibidez:

Manex: Nik Amerikako Estatu Batuetako punk-rockaren eragin handia daukat, baita metalarena ere. Juleni asko gustatzen zaizkio talde suediarrak eta oro har punk-rock eskandinabiarra. ‘Boli’k ere AEBetako punk-rocka gustuko du, baita Euskal Herrikoa eta Arrasatekoa ere.

Oxel: Arrasateko eszena musikalak pisu garrantzitsua izan du Euskal Herrian, eta nigan txikitatik Arrasateko talde ezberdinek eragin handia izan dute.

Zer eskainiko duzue zapatu honetako zuzenekoan?

Gure aurkezpen kontzertua izango da, hilabete batzuk lokalean entseatzen eman ondoren. Jendeari esan nahi diogu lanean jarraitzen dugula, gure abestiak sortzen jarraitzen dugula. Kontzertuan giro ona, ondo pasatzeko aukera, jarrera eta soinua izango dira.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Oxel: Bai, kontzertuan Rebel Noisek eta Sustrai Berriak talde iruindarrak ere parte hartuko dute. Jendea anima dadila, ederto pasatuko dugu!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen