Antton Olariaga: “Ilustrazioa testu baten itzulpena da”

0
336

Antton Olariagak hitzaldia eskaini du Kulturateko areto nagusian. Haur-literaturako marrazkilari eta ilustratzaile dugu, baita komikien eta pertsonaien sortzailea ere. Hitzaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ‘Gipuzkoa Belaunaldi Arteko’ proiektuaren barruan sartzen da, ‘Etorkizuna Eraikiz’ ekimenaren testuinguruan. Proiektu honen helburua belaunaldien arteko lotura sustatzea da, ezagutza transmititzeko eta komunitatearen garapenerako, eta, oro har, lankidetza eta balioen zahartzea. Horretarako, beharrezkoa da trukea, esperimentazioa eta belaunaldien arteko lankidetza bultzatzeko gai izango den espazio bat bultzatzea, herritarrei irekia.

Hitzaldian, Olariagak bere 50 urteko ibilbidearen errepasoa egin du, ilustrazioari, komikiari, kartelismoari eta abarri buruz hitz eginez, berak sortutako komikiak eta kartelak erakutsiz. “7 urterekin kioskoan erosten genituen ‘Guillermo el pirata’ edo ‘Diego Valor’ bezalako liburuen bidez komikiaren eta ilustrazioaren mundua ezagutu nuen”.

Bere ibilbide profesionalean hainbat pertsonaia sortu ditu: Hormasprayko, Juana Bixenta Olabe, Marizikin, Zakilixut. Halaber, Ipurbeltz, Zeruko Argia, Anaitasuna, … aldizkariekin kolaboratu du, eta komikiak, komiki-zerrendak eta publizitatea egin ditu. Helduentzako zein haurrentzako liburuen ilustratzailea ere izan da. Olariagak esan duenez, “ilustrazioa testu baten itzulpena da, hizkuntza aldaketa”.

Hitzaldiaren aurretik berarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Komikigintzak eta ilustrazioak Euskal Herrian gaur egun duten egoerari buruz esan digunez, “ekoizpenean aurrerapauso handia eman den arren, gero eta sortzaile eta ekoizle gehiago dauden arren, eta oso onak gainera, zabalkundea oso mugatua da. Ekonomiari dagokionez, sortzaileak miseria egoeran bizi dira, editoreekin eta erakundeekin akordioak behar dira. Azken urteotan aurrerapauso handiak eman badira ere, ildo horretan lanean jarraitu behar da”.

Digitalizazioari buruz ere hitz egin du, eta azpimarratu du “digitalizazioa oso traidorea dela. Jendeak uste du dena doakoa dela. Sortzea oso lagungarria izan da, baina saltze eta harremanentzako askoz zailagoa da. Legearen ikuspuntutik ere ez dago argi nola jokatu behar den. Interneteko sortzailearen babesa oso ahula da”.

Olariagak jardunean jarraitzen du, egunero ‘Berria’rekin lankidetzan. Orain arte ‘Argia’rekin ere kolaborazioak egin ditu. Bizi Gara proiektuarekin kolaboratzen du eta Egunean Behin ilustrazioen egilea da. Patxi Zubizarretaren ‘Zerria’ liburuko ilustrazioen egilea ere bada, aurtengo Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso duena. “Oso suspergarria izan da aurten egin dudan lana, beti profesionaltasunetik eta euskararen alde.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen